Gida-zakurrak: prebentzio eta segurtasunaren adibide

Bizitza seguruak
Gida-zakurrak: prebentzio eta segurtasunaren adibide

Animali askok gizaki batzuek baino sen hobea dutela entzun edo pentsatu izan dugu guztiok noizbait.

Animaliek oinarrizko edo funtsezko senaren arabera hartzen dituzte erabakiak; gizakiek, aldiz, beste hainbat elementuren eraginpean egiten dute. Alboko elementu horien ondorioz, askotan gizakiok oinarrizko gauzak ahazten ditugu; horien artean, prebentzioa.

Eta prebentzioari buruz hitz egiten badugu, gida-zakurrak dira txapeldunak. ONCEren arabera, “itsu den edo ikusmen-gabezia larria duen pertsonari lekuz aldatzen laguntzeko” berariaz hezitako zakurrak dira, eta pertsona horien “autonomia eta mugikortasuna hobetzen dute”. Oztopoak antzemateko eta jabeak horiekin estropezu ez egiteko ardura dute animali horiek. Euren zentzumen guztiak entrenatzen dituzte arriskuak antzemateko, mugimenduan zein geldirik, lurrean zein altueran.

Gida-zakurrek zintarriak, eskailerak edo desnibelak seinalezta ditzakete, baina hori baino gehiago egiten dute: garraio publikoetan eserleku libreak bilatzen dituzte, baita irekita dauden igarobideak aurkitu ere. Euren autonomia, prestakuntza eta jakintza hain da handia, non agindu bat desobeditzeko gai diren, agindua betetzeak jabea arriskuan jar dezakeela ikusten badute. Gizakiok ez bezala, mota honetako zakurrek ez dute inoiz zebrabidea begiratu gabe igaroko, edo euren zereginean despistatuko.

Pertsonak bezala, euren lana egiteko prestakuntza jasotzen dute. Entrenamendu zehatza egin beharra dute: zazpi asterekin hasten dute, eta 18 hilabete bete arte jarraitu; hala ere, behin jabe bati egokitzean, hark jarraitzen du prestakuntzarekin. Lehen hilabeteetan, denda, saltoki handi, zinema eta garraio publiko orotara sartzen ohitu behar da animalia. Bigarren fasean, ikaskuntza zehatza hasten da. Bertan ikasten dute arnesa erabiltzen, marra zuzenaren printzipioa (beti zuzen joatea, aldatzeko agindua jaso ezean), eta zintarri eta beste oztopoekin zein trafikoarekin lan egiten.

Beste edozein langileren moduan, gida-zakurrek honako hauek egin behar dituzte: distrazioak ekidin, aurrea hartu, esfortzuei etengabe ekin, kontzentrazio-ahalmen handia izan eta elkarrizketarako sena oso garatua izan. Horrez gain, ingurunean egon daitezkeen aldaketetara egokitzeko gai izan behar dira, lana leku oso ezberdinetan egiten baitute.

Gida-zakurra izateko, animaliek osasun-baldintza zorrotzagoak bete behar dituzte. Zakur horiek legez lokal publiko guztietara sar daitezke, eta urtean behin amorruaren aurkako txertoa jartzen diete, eta aldian-aldian bizkarroiak hil. Gainera, urtean behin edo bitan, gizakiari eragin diezaiokeen gaixotasunik ez dutela berretsi behar du albaitari batek. Duda izpirik gabe, lan-prebentzio eta -higienearen txapeldunak dira zakur hauek.

Buletinera harpidetu