Hizketaldiak Javier Inda Osalaneko zuzendariorde teknikoarekin (II): “Lan-arriskuen prebentzioa enpresaren kudeaketa-sistema orokorrean sartzen lagundu behar dugu”

Segurmania
Hizketaldiak Javier Inda Osalaneko zuzendariorde teknikoarekin (II): “Lan-arriskuen prebentzioa enpresaren kudeaketa-sistema orokorrean sartzen lagundu behar dugu”

Elkarrizketa hau lehenengo post baten jarraipena da. Irakurri hemen.

Uste duzu euskal enpresek makinerian laneko segurtasun eta osasuneko legeria betetzen dutela?

Orokorrean, bai. Baina irregulartasunak antzematen ditugu oraindik, gehienak Makinen Araudiaren indarreko legedia ez betetzeagatik. Irregulartasun gehienak lan-istripuen ikerketetan detektatzen ditugu, eta, neurri txikiagoan, makinen Renove Planengatik egindako bisitetan.

Enpresek makinak erostean eta horiek lan-ingurunera egokitzean zer hobetu beharko lukete, edo zeri eman beharko liokete arreta handiagoa?

Makinak erabiltzen dituzten enpresek makinei egin beharreko azterketak eta teknikak muturreraino eraman, prozedura egokiak ezarri eta lan-eremua antolatu eta garbitu behar dute langileen eskura jarri aurretik, eta makinekin lan egiten duten langileei segurtasunezko eta osasunezko kultura barneratu behar die, nahitaez. Xedea, lehen esan bezala, lan-arriskuen prebentzioa enpresaren kudeaketa orokorreko sisteman integratzen laguntzea da, eta, batez ere, lan-istripuak eta haien ondorioak ahal bezainbeste saihestea.

Langileei zer gomendatuko zenieke harrapatuta edo zanpatuta geratzeko arriskuak txikiagotzeko?

Harrapatuta geratzeko arriskua saihestu nahi bada prebentziozko neurri batzuk jarri behar dira praktikan; esaterako:

  • Lantokia, makinak eta ekipoak ikuskatzea jarduerari hasiera eman aurretik, eta antzemandako hutsuneen berri ematea berehala.
  • Laneko zonak mugatzea eta seinaleztatzea, eta haietara sartu aurretik prebentziozko neurriak hartzea.
  • Ez erabiltzea jantzi lasaiak edo zabalak, ezta harrapatuta geratzea erraztu edo lana oztopa dezaketen apaingarriak ere.
  • Jardueraren arabera argiztapen egokia edukitzea.
  • NBE egokiak erabiltzea.
  • Elementu mugikorrak —eta, kasu batzuetan, harrapatuta geratzeko arriskua eragin dezaketen laneko ekipamenduen ibilbideak— isolatzea (diseinuagatik, fabrikazioagatik edo kokapenagatik) edo behar bezala babestea (babeslekuak eta/edo segurtasun-gailuak).
  • Gune arriskutsuetara sartzea eragozten duten babeslekuak edo segurtasun-gailu finkoak edo mugikorrak ezartzea, horiek erabiltzea, egoera onean mantentzea eta laneko guneetako segurtasun-distantziak errespetatzea.
  • Konponketak eta mantentze-lanak makina geldirik eta energiak deskonektatuta daudela egin behar da.
  • Makina mugikorreko langileek arreta handiz ibili behar dute maniobrak egitean gutxi edo ezer ikusten ez badute, eta zer prozesutan parte hartuko duten jakiten saiatuko dira, beste langileak ezagutu eta haiekin informazio-trukea mantentzeko.
  • Manipulatu behar diren zamek garbi egon behar dute, haiek manipulatzeko tamaina egokia eduki behar dute, eta euskarri irmoak eta egonkorrak eduki behar dituzte; halaber, pilatzeak ekidin behar dituzte.
  • Makineria mugikorrari dagokionez, fabrikatzailearen jarraibideak (funtzionamenduari, mantentzeari… buruz) betetzeaz gainera, zirkulazio-bide desberdinak eduki behar dira, eta haien erabilpena errespetatu eta behar bezala aparkatu behar da.

2015ean, OSALANek gida bat idatzi zuen “SEGURTASUNEKO oinarrizko egiaztapenak MAKINETAN, langileen eskura jartzeko”. Harrapatuta/zapalduta geratzeko arriskua prebenitzeko ekimenak aurreikusita dituzue?

Lan Arriskuen Prebentzioari buruzko 31/1995 Legeak eta haren garapeneko xedapenek enpresariari prebentziozko betebehar batzuk esleitzen dizkiote haien langileen lan- segurtasuna eta -osasuna babeste aldera. Laburbilduz, zure enpresaren lan-arriskuak ezagutu behar dituzu, eta nola eragiten dioten edo eragin diezaioketen bertako langileei. Horretarako, prebentziozko neurriak identifikatu, planifikatu eta ezarri behar dituzu, arriskuak ezabatu, murriztu edo kontrolatzeko helburuarekin, eta, halaber, langileei informazioa eta prestakuntza erraztu behar dizkiezu, eta bitarteko eta NBE egokiak hornitu, osasunaren zainketa antolatu eta haien partaidetza bermatzearen bidez.

Ondorioz, eta zure galderari erantzunez, OSALANek eremu ezberdinetan lan egiten du, eta horietako bat ezagutzaren hedapena da. Eta ikusita lan-sektore anitz daudela, hedapen hori zabaltzen jarraituko dugu gure giza baliabideek eta materialek horretarako aukera ematen diguten heinean.

Euskadik lan-segurtasunaren eremuan zenbait erronka ditu datozen urteetarako. Zeintzuk dira garrantzitsuenak? Zer geratzen zaigu egiteko?

Ideia nagusia, eta, logikoa denez, Osalanen helburu nagusietako bat gizarteari ulertaraztea da lan-arriskuak ezin direla prebenitu, eta, horretarako, oso garrantzitsua da arrisku horiek hor daudela jabetzea, eta horiek identifikatzeko, neurtzeko eta lehenesteko gai izatea ere, dagozkion prebentziozko jarduerak diseinatu eta ezarri ahal izateko.

Garrantzitsuena langileen bizitza eta segurtasuna da, eta, horregatik, kudeatzaile arduratsu batek enpresetan prebentziozko kudeaketa integratzeko obligazioa dauka, alderdi teknikoak, antolatzaileak, sozialak eta ingurumenekoak aintzat hartuz.

Horregatik, oso argi daukat lan-arriskuen arloan zein den gure erronka nagusia etorkizunerako, hots,  lan-arriskuen prebentzioak langile, enpresa eta gizarte osoarentzat dituen onuren eta beharraren inguruko ideia barnera dezala pertsona orok. Beste modu batera esanda, lan-arriskuen prebentzioa era naturalean ezar dadila kudeaketaren barruan.

Badago munduan prebentziozko kulturaren adibide gisa har dezakegun herrialderen bat?

Nire ustez kontua ez da herrialde baten prebentziozko kultura; izan ere, herrialdeek nahitaez bete beharreko legeen edo arauen bidez arautzen dute lan-arriskuen prebentzioa.

Aitzitik, aipatzea merezi du enpresa partikular batean edo bestean prebentziozko kulturarik badagoen edo ez, eta herrialdeak eta arauak aparte utzita, horietan “praktika onak” gauzatzen diren prebentzioa jorratzerako garaian.

Horrekin zera esan nahi dut, era guztietako kasuak ematen badira ere, askotan ez dugula oso urrun joan behar erreferentetzat har dezakegun prebentziozko eredu batekin topo egiteko.

Javier Inda Ortiz de Zárate, OSALANeko zuzendariorde teknikoa.

Buletinera harpidetu