Mendizaletasuna, prebentziozko kulturaren adibide

Bizitza seguruak
Mendizaletasuna, prebentziozko kulturaren adibide

Ezaguna da mendizaletasuna jarduera arriskutsuenetariko bat dela. Urtero-urtero, iritzi publikoa astintzen duten istripu eta heriotzen albisteak iristen zaizkigu. Hala ere, mundu osoan federatuta dauden kideen kopurua eta istripuena alderatzean, emaitzak erakusten digu kirol hori praktikatzen dutenak prebentziozko kulturaren adibide direla. Mendizale orok daki mendi-irteera bakoitzean bere bizitza eta osasuna jokoan daudela.

Edozein lanek bezalaxe, mendi-kirolek ere segurtasun-neurri batzuk hartzea eskatzen dute, eta horiek ez betetzeak zorigaiztoko ondorioak izan ditzake. Eta ez dugu altuera handian egiten diren lanekin soilik alderatu behar. Mendiko kirolariek irteera bakoitzean martxan jartzen dituzten ia segurtasun-neurri guztiak ia edozein lanbideren egunerokotasunean ere erabil daitezke.

“Mendian segurtasuna izatea zure esku baino ez dago, zure zentzutasunaren, zure indarren kontrolaren, arriskuen kalkuluaren eta zure zuhurtasunaren eta pazientziaren mende dago”. Esaldi hori Ganguren Mendi Taldearen webgunean agertzen da; mendi-kirolak, eskalada eta eskia praktikatzeko eta sustatzeko elkartea da Ganguren. “Mendian” beharrean, “lanean” esango bagenu, testuak zentzua izaten jarraituko luke.

Edozein ibilbide zein igoerak bezala, laneko jardunaldi batek hainbat arrisku suposatzen ditu, eta ezinbestekoa da arrisku horiek ezagutu eta norbere gain hartzea, aurre egin ahal izateko. Edo, gutxienez, ahalik eta gehien murrizteko. Gehiegizko konfiantzak, noiz gelditu ez jakiteak edota aurrez erabakitako plana ez jarraitzeak arrisku handiak ekar ditzakete, egin beharreko jarduera edozein izanda ere.

Naturan gaudenean edo 50 tonako makina bat gidatzen ari garenean, segurtasuna ondo ezagutzeak istripuak izateko arriskua murrizten du. Izan ere, edozein istripu saihets daiteke, hori eragiten duena ondo ezagutzen badugu. Apur bat pentsatu eta horren arabera jokatzea besterik ez da egin behar. Hau da, arreta handiz jokatu behar da.

Tresnak eta ezinbesteko balioak

Tresnak zaintzea ere ezinbestekoa da edozein langileren egunerokotasunean. Egoera onean mantendu behar dira, eta akatsen bat dutenak, bota. Bestalde, modu desegokian erabiltzeak arriskua handitzen du, bai lanaldi batean, bai naturan.

Gauza bera gertatzen da segurtasun-ekiporik erabiltzen ez baldin bada, “nik lan/ibilbide hau ondo ezagutzen dudalako eta inoiz ez delako ezer gertatzen”. Noizean behin atseden fisikoa zein psikikoa hartzeko beharra ere ez da ahaztu behar, eta modu egokian elikatzea.

Umiltasuna eta elkartasuna ere errealitate laboralera estrapola daitezkeen balioak dira, berebiziko garrantzia duten bi ezaugarri baitira. Lehenak handiustea eta harrokeria uxatzen ditu; bi sentimendu horiek oso lotuta daude gehiegizko konfiantzarekin eta, horrekin batera, arduragabekeriekin. Elkartasuna, bestalde, altuera handiko kirolei datxekien ezaugarria da, edozein lanalditan ere kontuan hartu beharrekoa. Giza taldea edozein enpresaren oinarrizko zutabea da, enpresak zaindu beharrekoa, baina elkarren artean ere zaindu beharrekoa.

Buletinera harpidetu