Mugitu zure gorputza. Bizitu zure burua

Bizitza seguruak
Mugitu zure gorputza. Bizitu zure burua

Decimo Junio Juvenal idazle erromatarra izan zen, Kristo ondorengo I. eta II. mendeen arteko halako une batean, ‘Mens sana in corpore sano’ esaldia sortu zuena.  Ordurako jakinekoa zen garrantzitsua zela ariketa fisikoa egitea, burua egoera onean mantentzeko. Urteen poderioz, eta gizakiaren burmuinaren ikerketei esker, uste hura berretsi besterik ez dute egin.

Gaur egungo neuro-zientzialariek egiaztatu dute bizitza-estilo osasungarria eta jarduera fisikoa eskuarki egitea onuragarriak direla bihotzerako eta bururako. Ikerketen arabera, gure muskuluak aktibatzeak neurotransmisoreak sortarazten dituztela, hala nola serotonina, noradrenalina eta dopamina.  Alerta, arreta edo motibazio egoerak arrankatzeko botoiak direla esan genezake, eta guztiak dira ezinbestekoak ikaskuntza-prozesuan. Guztiek dute berebiziko garrantzia lanean edo ikasketetan % 100ean jarduteko.

Jarduera fisikoak sinapsi berriak sortzeko gaitasuna ere hobetzen du, bai eta informazioa prozesatzeko gaitasuna eta abiadura ere. Jarduera fisikoa egiten dutenak azkarragoak dira arazoak konpontzen, eta arreta handiagoa jartzen dute. Ahaztu gabe estresa kontrolatzen laguntzen duela, gure gogo-aldartea hobetzen duela eta sormena handitu.

Oraindik ez al zaude konbentzituta? Bada, hementxe doazkizu beste arrazoi batzuk: neurona berrien sorkuntza handitzen du, hipotalamoaren uzkurdura murrizten du –zahartzaroak berarekin dakarrena–, eta Alzheimerra, Parkinsona edo depresioa garatzeko arriskua txikitzen du. Eta ez du edonork esaten hori. Familiako eta Komunitateko Medikuntzaren Espainiako Elkarteak Jarduera Fisikoaren Sustapenari buruz egindako Azterlanaren arabera, eskuarki jarduera edo ariketa fisikoa egiten duten pertsonak luzaroago bizi izaten dira (hiru urte gehiago). Haien bizi-kalitatea eta autonomia ere hobetzen ditu.

2011n ‘Journal of Occupational and Environmental Medicine’ aldizkarian argitaratutako beste ikerketa batek zioen modu erregularrean kirola egiteko denbora duten langileek kontzentratzeko gaitasun handiagoa dutela.

Korronte batzuek diote onura handienak ekartzen dizkiguten ariketak direla “cardioa” erresistentzia-entrenamenduarekin konbinatzen dutenak; adibidez, Crossfita. Azterlan askok egiaztatu dute astean hiru aldiz 30 minutuz ariketa fisikoa egitea nahikoa dela depresioaren aurkako eragina lortzeko. Hau da, ez dela beharrezkoa egunero maratoi bat egitea.

Nolanahi ere, kirola egiten hasi aurretik, gomendagarria da mediku-azterketa bat egitea, kirola bakoitzaren pisuari, adinari eta ezaugarriei egokitzeko. Abenturara jauzi egiteak lesio fisikoak eragin dakizkiguke, eta horrek gure egoera psikologikoari ere eragingo dio, eta ez da hori gure helburua.

Buletinera harpidetu