Ohitura seguruak (II): Egia entzutearen garrantzia

Bizitza seguruak
Ohitura seguruak (II): Egia entzutearen garrantzia

Gaitasun handi bat da. Ikasi egiten da, landu egin behar da eta oso onuragarria da, bai hizlariarentzat, bai entzulearentzat.

Azterlan zientifikoen arabera, gizakiak gehienez 18 minutuz jar dezake arreta osoa hitzaldi batean. Eta hori kasurik onenean, oro har zazpigarren minututik aurrera interesa gain behera baitoa. Mezua benetan interesatzen bazaio soilik egongo da adi-adi entzulea eta egun horretan bereziki buru-argi badago, une oro jarraituko dio besteak kontatzen duenaren hariari.

Lan-ingurunean hori erronka handi bat da, bai mezua zabaltzen duenarentzat, baita jasotzen duenarentzat ere. Lehenengoak arau horrekin jolasten jakin behar du eta kontatzen duena entzulearentzat ahalik eta erakargarriena izan dadin saiatu. Batzuetan berdin dio mezua garrantzitsua izatea. Kontatzen ere jakin behar da eta ez ziurtzat jo entzuleak hainbat orduz egongo direla arretarik galdu gabe.

Mezua jasotzen duenak, berriz, kontuan izan behar du kostatu arren, kontzentratuta egon behar dela mezua ulertzeko eta bereganatzeko. Eta hori zaila da baina ez ezinezkoa. Horri entzute aktiboa esaten zaio. Haren bidez, mezua prozesatu egiten da, baina, batez ere, lotura sakon eta pertsonalagoa ezartzen da hitz egiten duenarekin. Enpatiaren moduko zerbait da.

Gaitasun handi bat da. Ikasi egiten da, landu egin behar da eta oso onuragarria da, bai hizlariarentzat, bai entzulearentzat. Lan-arloan, talde bakoitzeko buruek entzute aktiboa erabiliz gero, langileengandik asko ikasten dute. Hobeto ezagutzen dituzte langileak eta haien nahiak, motibazioak eta egoerak. Edo, bestela esanda, tresna ezin hobea da erakundeko kideen artean komunikazio-falta dagoenean hain ohikoak diren gatazka-egoerak saihesteko.

Entzute aktiboak diziplina handia izatea eskatzen du eta ohitura berriak garatzea. Beste pertsonaren tokian jarri behar da. Horrela baino ezin da kontzentratu mezuan. Galdera egokiak egiten ikasi behar da entzundakoa argitzeko, islatzeko eta erreproduzitzeko.

Badira mezua gogoratzeko teknikak, besteak beste, hauek:

  • Begiratu begietara hizlariari eta esan baietz buruarekin adierazten ari dena ulertzen baduzu.
  • Ikusi nola mugitzen duen gorputza hizlariak eta aztertu zer hitz erabiltzen dituen.
  • Ez erabili erantzun automatikoak (oso lagungarria da mezua benetan ulertzeko).
  • Utzi hizlariari bukatzen.
  • Erantzun askatasunez, zintzoki eta errespetuz.

 

Erraza dirudi, baina oztopo asko dago. Adibidez, informazio gehiegi ematea, emozioak ondo ez kudeatzea, zarata egotea, beste zerbaiti begira geratzea eta arreta galtzea, hizlariaren ahotsa monotonoa izatea (aspertu ere egin lezake), etab. Ez da ona hitzaldia bizkor ematea, baina ezta motel ere.

Garrantzitsua da arretaz automatikoki entzuten dela dioen mito hori baztertzea. Ez da horrela! Entzun, automatikoki entzuten da, baina arretaz entzuteko, hitz egiterakoan baino ahalegin handiagoa egin behar da. Komeni da hori inoiz ez ahaztea.

 

Buletinera harpidetu