Ohitura seguruak (I): Ikasi lehentasuna ematen

Bizitza seguruak
Ohitura seguruak (I): Ikasi lehentasuna ematen

Zereginak, enkarguak, egiteke dauden gauzak metatzea lan-munduan estresa sortzen duten ohiko gauzetako bat da.

Lehentasuna ematen ikastea

 

Zereginak, enkarguak, egiteke dauden gauzak metatzea lan-munduan estresa sortzen duten ohiko gauzetako bat da. Errutina ez da beti ordenatua izaten eta, aldi berean beste lanik izan gabe, lan bati hasieratik amaierara ekitea eguneroko erronka izaten da milaka langilerentzat. Horren konponbidea lehentasuna ematea da. Horrela esanda erraza dirudi, baina ez da hala. Dena den, badaude hori egiten ikasteko gomendioak (https://www.emprendices.co/5-consejos-aprender-priorizar, gaztelaniaz), denbora eta arazoak aurreztuko dituen ohitura bihurtzeko pixkanaka.

Batzuetan, lanei ekiteko ordena erabakitzea erraza izaten da: zereginak iritsi ahala egitea. Horren arazoa da gauza garrantzitsuak bukatu gabe edota hasi ere egin gabe uzteko arriskua dagoela. Gorabeherarik ez izateko, egunean zehar bukatu behar diren zeregin guztiekin zerrenda bat idaztea da egin behar den lehen gauza, eta ondoren premiazkoenak bereizi, hau da, zein bukatu behar den ordu edo minutu batzuen buruan. Puntu honetan, oinarri-oinarrizkoa da premiazkoa eta garrantzitsua bereizten jakitea.

Hurrengo urratsa da eragin handiena duten eta jende kopuru handiena behar duten lanak lehenestea. Adituek, gainera, zeregin bakoitzarentzako epeak ezartzea gomendatzen dute, eta zerikusia izan dezaketenak elkartzea, eraginkortasuna handiagotzeko.

Batzuetan, egin beharreko lanen zerrenda luzea izateak presioa areagotzen du. Kasu horietan, errealistak izan behar dugu: benetan zerrendaren amaieran agertzen direnak epe laburrean egin ahal izango ditugu? Erantzuna “ez” baldin bada, hobe da horiek ezabatzea edo, bestela, atzeratzea. Asko lagun dezakeen beste neurri bat da zeregin desatseginenak ezabatzea. Zailegiak direlako edota zailtasun hori gainditzeak esfortzu handiegia eskatzen duelako nagikeria ematen duten horiek, hain zuzen. Askotan, lehenbailehen kentzeak barrena arintzen du, eta lansaioa askoz ere atseginago bihurtzen.

Hori guztia oso ondo dago, baina benetan eraginkorra izan dadin, malgutasun apur bat ere jarri behar zaio errezetari. Arauak eta zerrendak beharrezkoak dira, baina batzuetan albo batera utzi behar dira, ezustean iristen diren eta berehala ekitea eskatzen duten zereginei heltzeko. Ez da larria. Premiazko zeregin horiek bukatzean, aurretik egiten ari ginenera itzultzeko denbora izango dugu.

Edozein kasutan, garrantzitsua da jakitea lehentasuna ematen jakitea gaitasuna dela, eta ez dela soilik ikasi behar, baizik eta egunero erabili. Hasieran, seguruenik oso zaila izango da, eta baten batek pentsatuko du ezinezkoa dela. Hala ere, praktikaren praktikaz, naturala bihurtuko da, eta edozein lanaldiri ekiteko tresnarik erabilgarrienetako bat.

 

Buletinera harpidetu