Zer gertatzen zaio zure gorputzari eskailerak igotzean?

Bizitza seguruak
Zer gertatzen zaio zure gorputzari eskailerak igotzean?

Eskailerak igotzeak gorputza bizkortzen, giharrak indartzen, osasun-arazoak eta lesioak prebenitzen eta aktiboago sentiarazten laguntzen du

Ariketak eta osasuna elkarrekin doaz. Hori guztiok badakigu. Baina ariketa batzuek lagun diezagukete baldintza fisiko onean egoten, gure lanpostuan ustekabeko egoeren aurrean azkarrago eta hobeto erreakzionatzeko. Ariketa horietako bat eskailerak igotzea da. Jarduera fisikoa egiteko ohitura txiki horrek osasun-arazoak prebenitzen laguntzen du. Eta egunero egingo bagenu, zenbaterainoko onurak lortuko ote genituzke? Ahaztu igogailuaz!

 

Behar bezala eginez gero, dena abantailak dira

Eskailerak igoaz jarduera aerobiko eraginkorra egiten dugu, koipeak erre eta hanketako giharrak lantzen baitira. Beraz, erregulartasunez praktikatuta, aukera ederra eskaintzen du pisua galtzeko, gorputza bizkortzeko, bizkarraren jarrera zuzentzeko, bihotzaren maiztasuna eta biriketako gaitasuna hobetzeko eta artikulazioak eta giharrak indartzeko. Modu horretan, indarra irabazi eta lesioak prebenitzen dira. Horrez gain, egunero ariketa egiteak neurotransmisoreak aktibatzen ditu eta gogo-aldartea indartzen da, ongizatea, bizitasuna eta energia emanaz.

 

Jarrera egokia hartzea

Jarduera fisiko guztiek bezala trikimailuak ditu. Eskailerak igotzean jarrera on bat hartzea funtsezkoa da emaitza hobeak lortzeko. “Korea” aktibatu behar da (sabel aldea eta bizkarreko behe aldea), bizkarrezurra tente mantentzeko, pisua aurrealdera bota gabe eta eskapulak ondo ainguratuta egotea zainduaz. Halaber, oso garrantzitsua da besoak energikoki mugitzea eskailerak igotzearekin batera, gorputzeko muskulatura osoa aktibatzeko.

 

B Plana! Etxean

Ez aspertzeko, aldatzea gomendatzen da. Esate baterako, ahalik eta abiadura handienean igotzea, eskailerak binaka igotzea, belauna altxatuaz igotzea, e.a. Hala ere, eskailerak igotzen aspertzen bazara, step klase dibertigarria egin dezakezu gimnasioan edo etxean; hau da, 10-15 zm inguruko plataforma laukizuzena igo eta jaistea.

Zure eguneroko bizimoduan praktika osasungarri hori egiten baduzu (eta gihar-min horiek ahaztuta), hobekuntzak nabarituko dituzu. Eta, azkenean, egunero eskailerak igotzea erabaki baduzu, egin pixkanaka-pixkanaka eta denbora poliki-poliki igotzen joan zure hanketako giharrak eta hezurrak mindu ez daitezen.

Buletinera harpidetu