Saraiva: “Pertsonarengan ardazten den arreta-eredua gure erreferentzia da”

Enpresa seguruak
Saraiva: “Pertsonarengan ardazten den arreta-eredua gure erreferentzia da”

“Prebentzio oso erronka garrantzitsua da eta erakunde gisa prest egon behar dugu konponbide pertsonalizatuak eman ahal izateko, guztiok ez baikara berdinak”

  • Nola sortu zen Saraiva? Zer egiten duzue?

2005ean sortu zen Saraiva, Pontevendran adinekoentzako lehenengo eguneko zentroa ireki zenean. Lucía Saborido, erizaina, eta Ricardo Fra, gizarte-langilea, izan ziren sortzaileak. Esperientzia zuten sektorean eta zahartzearen ikuspegi positiboa zuten. Horrela sortu zen pertsonarengan ardazten den arreta emateko metodologia baten hazia. Pixkanaka, denboraren poderioz garatuz joan da eta beste zerbitzu batzuk ekarri ditu, besteak beste, bizimodu aktiboko unitateak, memoria-unitatea, etxez etxeko laguntza eta –duela gutxi– zerbitzu anitzeko housing zentroa (Saraiva Sénior), adinekoentzako hiru ostatu-modalitate eskaintzen dituena: zerbitzuak dituzten etxebizitzak (erabat autonomoak diren pertsonentzat), logela pertsonalizatuak (iraupen luzeko zainketak behar dituzten pertsonentzat) eta bizitzaren amaierako zaintzen eta arretaren unitatea.

 

  • Zenbat langile dituzue gaur egun?

Gaur egun, 90 pertsonako talde bat gara.

 

  • Enpresako langileak laneko arriskuen prebentzioan prestatzeko programa espezifikorik ba al duzue?

Bai. Nahitaezko prestakuntzan ez ezik, burn-out edo neke profesionalaren sindromea saihesten lagunduko diguten alderdietan ere jartzen dugu arreta berezia. Sindrome hori neke fisiko eta emozionala da eta oso ohikoa da egoera ahulean dauden pertsonen zaintzarekin erlazionatutako lanpostuetan.

Alderdi psikologikoari dagokionez, oso lagungarria da pertsonarengan ardazten den arretaren metodologiarekin lan egitea. Etengabeko prestakuntza ematen da adimen emozionaleko gaitasunen arloan eta mindfulness probatu dugu estresa kudeatzeko. Gainera, beste figura bat dugu: taldeen COACH-a. Haren bidez, banakako eta taldeko saioak egiten ditugu, helburu zehatzak ezartzeko eta aldaketei pertsonak ahaldunduz heltzeko. Bestalde, alderdi fisikoan, talde bikaina dugu. Talde horrek ez ditu soilik zerbitzuen erabiltzaileekin gauzatzen bizimodu aktiboko programak, baizik eta baita gure profesionalekin ere. Bereziki, arreta zuzenekoekin aritzen dira, haiek baitute «zama fisiko» handiena. Ezagutzak, gaitasunak eta talde-lana dira egunerokotasunean arriskuak prebenitzeko gakoa.

  • Laneko arriskuen zuen prebentzio-planak era guztietako taldeak eta jarduerak hartzen ditu barnean: langileak eta erabiltzaileak, gizarte- eta osasun-laguntza… Erronka al da hori?

 

Jakina, oso erronka garrantzitsua da eta erakunde gisa prest egon behar dugu konponbide pertsonalizatuak eman ahal izateko, guztiok ez baikara berdinak. Horretarako, malgutasuna eta aldaketaren kudeaketa Saraiva ereduaren bi alderdi garrantzitsu dira.

Arreta osoa pertsonengan jarri ahal izateko, jarrera egokia ez ezik, metodologia eta mekanismo berriak ere aplikatu behar dira. Dagoeneko bost urte daramatzagu arlo horretan lanean. Pertsonarengan ardazten den arreta-eredua gure erreferentzia da. Hasiera batean, gure zerbitzuen erabiltzaileekin aplikatzen hasi ginen, baina, orain, eguneroko lanetarako tresna praktikoak izateaz gain, pertsona guztiei aplikatzen zaien enpresa-filosofia bihurtu da; alegia, erabiltzaileei, senideei eta profesionalei. Aurrera egin nahi dugu beti, Saraiva ereduaren funtsa bezala. Horrela, gure ustez kalitate oneko arreta eskaintzeko oinarria gure lan-ingurunean gustura sentitzea da. Hori dela-eta, gure ereduak hiru oinarri ditu: etengabeko prestakuntza, taldeen ahalduntzea eta antolaketa horizontalaren garapena. Bizitza pertsonala eta profesionala uztartzea errealitate bat izan dadin eta ez amets bat. Horren adibide Saraiva Senior housing zentroko uztartze-eremua dugu. Eremu hori gure profesionalen seme-alabek erabil dezakete, ludoteka gisa; erabiltzaileen bilobek edo senideek ere erabil dezakete, bisitentzat eremu atseginagoa baita; eta, azkenik, belaunaldien arteko eremu gisa ere erabiltzen da, etengabe tailerrak egiten baititugu, baita udalekuen antzekoak ere seme-alabekin eta zentroko adinekoekin. Arrakasta handia du eta pozgarria da hori ikustea esperientzia honetan murgildu garen guztiontzat.

 

  • Zuek adinekoekin egiten duzue lan. Zer garrantzi dute laneko segurtasunak eta osasunak langileentzat adin tarte horretako pertsonak tratatzen ari direnean?

Funtsezkoa da. Guztiontzat balio erantsia sortuko duen eredu bat nahi dugu; hots, erabiltzaileentzat, senideentzat, profesionalentzat eta komunitatearentzat. Horretarako, funtsezkoa da Saraivaren ikuspegi bera duen talde konprometitu, motibatu eta egonkor bat lortzea. Eta, hori lortzeko, etengabeko prestakuntza eta garapena eskaini behar dira. Pertsonengan inbertitu behar da etengabe. Horren ildotik, Saraivan beti hartu izan ditugu gure izaeraren parte gisa langileen segurtasuna eta osasuna eta enpresaren arlo zehatz gisa. Hori dela-eta, balioen koherentzian oinarrituta garatzen da, enpresaren estrategia eta posizionamendu gisa.

 

  • Adinekoekin lan egiteak eragin berezia al du lan-inguruneko segurtasunean eta osasunean?

Beti daude berezitasunak baina, beharbada, etengabe arreta eskatzen duten pertsonak zaintzeak eragiten duen estres emozional eta fisikoarekin erlazionatutako guztia da aipagarriena. Lehen esan dugun bezala, burn-out edo neke profesionalaren sindromea. Neke hori zaintzaile profesionalek eta senide zaintzaileek jasan dezakete eta funtsezkoa da hura hautematen jakitea. Hori saihestu ahal izateko eta, agertuz gero, neurriak hartu eta arindu ahal izateko.

Familiei laguntzeko unitate bat eskaintzen diegu zaintza-lanak gurekin banatzen dituzten senideei (adibidez, eguneko zentroetan edo etxez etxeko laguntzan), prestakuntza jaso dezaten eta emozionalki asaska daitezen.

 

  • Zer segurtasun-arazo nagusi agertzen dira adinekoak izatera iristean? 

Erorketak dira arrisku ohikoenetako bat eta oso garrantzitsua da haiek saihesteko estrategia orokor bat izatea. Ingurunea egokitu behar da, pertsonaren autonomia ahalbidetu dezan eta ez eragotzi. Adinekoaren gaitasunak eta segurtasuna indartu ere egin behar dira, ikuspegi fisiko, kognitibo eta emozionaletik lan eginez. Gainera, taldea trebatu behar da eta estrategiak ezarri, arlo honetan prebentzioa bultzatzeko.

 

  • Zuenaren moduko enpresa espezializatuen ikuspegitik, nola aldatu da adinekoen zaintza?

Eredu berriak (adibidez, pertsonarengan ardazten den arreta, housing eredua edo antolaketan eta terapietan teknologia berrien aplikazioa) goitik behera ari dira aldatzen gure sektorea.

Paradigma aldatzen ari den garai batean bizi gara (bizitza-luzeraren iraultza izenekoan) eta pertsonen eskaeretara egokitu behar dugu. Beren ingurunean bizitzen jarraitu nahi dute, ahal dela beren etxean eta hori ezinezkoa denean, horren antzekoena den toki batean. Hori da housing eredua.

Arreta pertsonalizatua eskaintzea, pertsonarengan eta haien bizi-proiektuetan ardaztea (eta ez bakarrik haien patologietan). Garrantzitsua da pertsonek, haien adina, egoera edo patologia edozein dela ere, arreta eta laguntza duina eta esanguratsua jasotzea. Hau da, pertsonarentzat zentzuzkoa dena, baina erabakiak hartzen jarraitzeko aukera ematen diona.

Horrek guztiak aldaketak dakartza antolaketan eta metodologian, baina aldaketa horiei ezin diegu aurre egin modu independentean. Inoiz baino gehiago, elkarlanean aritu behar dugu eragileok, benetan pertsonengan ardazten lagunduko diguten berrikuntzak sortzeko.

  • Asko aldatu da zuen enpresa hasieratik. Nolakoa izan da prozesua?  Alderdi nagusiak azaldu, baina funtsa beti hor egon dela esanez…

 

Pixkanaka, urteen poderioz, Saraiva handituz joan da. 2005ean Pontevedran lehenengo zentroa ireki zenetik, beste zerbitzu batzuk gehitu dira (adibidez, etxez etxeko laguntza eta memoria-unitatea), adinekoei arreta-zerbitzu osoa eskaini ahal izateko, betiere, pertsonak bere ingurunean bizitzen jarrai dezan.

2013an hiru zentro ireki ondoren, beste proiektu bat sortzen hasi zen, eredu eskandinaviarrean (housing eredua) eta pertsonarengan ardaztutako arretan oinarritua. Proiektu hark adinekoentzako zentroaren beste kontzeptu bat sortu nahi zuen. Zentro horretan, adinekoaren zahartze-prozesura egokitutako zerbitzua eskainiko litzateke, adinekoaren egoera edozein dela ere. Proiektu hura, Saraiva Sénior, finalista gisa hautatu zuen 2013an Momentum Project gizarte-ekintzailetzako plataformak eta une erabakigarria izan zen Saraivaren historian. Ideiatik negozio-eredura pasatzea ahalbidetu zuen eta lau urte geroago, Galiziako zerbitzu anitzeko lehenengo housing zentroa inauguratu zen.

Saraivaren historiako beste une garrantzitsu bat gure berrikuntza-unitatea garatzea izan da, Activiza. Bertan, aholkularitza- eta prestakuntza-proiektuak garatzen ditugu sektoreko beste erakunde batzuentzat. Nabarmentzekoa da, batetik, 2016-2020 aldirako Zahartze Aktiboaren Galiziako Estrategia egin izana, Galiziako Xuntako Gizarte Politikako Kontseilaritzarekin batera garatua, baita sektoreko 900 profesional baino gehiago (erakunde publikoetakoak eta pribatuetakoak) pertsonarengan ardaztutako arretaren arloan trebatu izana ere.

Bestalde, azken urtean, Saraiva eta Activiza haien lehenengo start-up teknologikoa garatzen aritu dira, Envita. Online plataforman, hainbat eta hainbat adinekoren bizitza-proiektuak bilduko dira eta haiek beren bizitza-liburuan irudikatu.

Buletinera harpidetu