2018an prebentzioa izango dugu protagonista

Segurmania
2018an prebentzioa izango dugu protagonista

Heldu da abendua, egutegiko azken hilabetea, atzera begiratu eta urteko azterketa egiteko ordua.

Ezinbestekoa da, halaber, aurrera begiratzea eta helburu eta erronka berriak jartzea. Segurmanian argi daukagu: 2018ko protagonistak segurtasuna eta lan-arriskuen prebentzioa izango dira; eta helburua, hurrengo hamabi hilabeteetan inolako ezbeharrik ez gertatzea.

Benjamin Franklinek honako hau esan ohi zuen: “planifikatzen porrot egiten duenak, porrota planifikatzen du”. Edo, bestela esanda, lan-arriskuak prebenitu nahi izanez gero, plan on bat egin beharra dago. Ibilbide-orri den plan horretan zehazten da zer helburu lortu nahi ditugun eta nola, zer baliabide ditugun, zer arrisku dauden, zeintzuk diren gure ahulezia eta indarrak… Funtsean, lan-arriskuak prebenitzeko estrategiak sendoa izan behar du.

Egutegiko azken asteak hobezinak dira urtean zer huts egin ditugun antzemateko eta hurrengo ekitaldirako konponbideak aurkitzeko. Denboraldi berriak aukera ematen du laneko segurtasunari eta osasunari buruzko ezaupideak eguneratzeko, jende gehiago engaiatzeko edo sektorean zer berri dagoen ikertzeko eta, egoki iritziz gero, aplikatzen saiatzeko. Beldurrik gabe eta erabakitasunez.

Segurmanian 2018. urteari adorez aurpegi eman nahi diogu. Baina, argi: prebentzio-kultura ez da esprint bat, iraupen-lasterketa bat baizik. Eguneroko eta taldeko lana da. Gainera, lan horrek ez du keinu huts izan behar eta enpresako maila guztiek parte hartu behar dute. Enpresak ez dira osasungarriak eserleku ergonomikoak dituztelako, baizik eta guztiei erakusten dietelako nola erabili, nola zaindu, nola atera ahalik eta etekin gehien… Eta hori adibide bat baino ez da.

Datorren urterako gure xedeetako bat prebentzioaren oinarriak hobetzea da, eta oinarri horietako bat komunikazioa da. Segurtasunaren arloko ideiez hitz egitea oso garrantzitsua da eta taldeko kide guztiek parte hartu behar dute. Alde horretatik, feedbacka da enpresa seguruen errezetako osagai nagusietako bat.

Urte berria nahi bezala bete dezakegun orri zuri bat da. 2018an prebentzioa protagonista izatea denen eskura dago eta guztion kontua da. Horretarako, segurtasunak eta prebentzioak helburuen zerrendan nagusi izan behar dute, saria denok etxera bueltatu ahal izatea baita.

Buletinera harpidetu