12-15 prozesuak

Segurtasun-ikasgaiak
12-15 prozesuak

1997ko abuztuaren 7an, gure irakasle batek esaten zuen bezala “abuztutasun eta azpikeriaz”, 1215/1997 Errege Dekretua, uztailaren 18koa, argitaratu zuten BOEn. Dekretuak langileek laneko ekipoak erabiltzerakoan gutxieneko zer segurtasun- eta osasun-xedapen bete behar diren agintzen du.

Zehazki, 1995eko Europako Zuzentarau bat ekarri zuen gurera eta Lanaren Nazioarteko Erakundearen (LANE) hitzarmen batean adostutako betekizunak jaso zituen. Finean, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko 31/1995 Legearen garapen logiko bat izan zen. Aurrekari horiek guztiak gorabehera, dekretua indarrean sartzea bonba-eztandaren parekoa izan zen.

Hasteko, helmena izugarri handinahia zen; izan ere, definizioen inguruko 2. artikuluan, “lanerako ekipoen” multzoan lanerako erabiltzen diren makina, gailu, tresna eta instalazio guztiak sartu zituzten.

Zer da, orduan, benetan, “lanerako ekipo” bat? Bada, definizio horrekin, errazagoa da “lanerako ekipo” bat zer ez den esatea. Baina, tira, pentsatzen ari zareten guztia da lanerako ekipoa: rotaflexa, aire konprimituzko mailua, ordenagailua, sakelako telefonoa, guraizeak, grapagailua, boligrafoa… bai, hori guztia.

Eta betekizuna argia da: behar adina neurri hartzea, langileen esku jartzen diren lanerako ekipo guztiak egin behar dituzten lanetarako egokiak izan daitezen, ekipo horiek erabiltzen dituztenean langileen segurtasuna eta osasuna ziurtatze aldera.

Beraz, dagozkien zereginak betetzeko langileen eskura jartzen diren tresna, gailu, instalazio eta gauza guztiak aurrez ebaluatu eta behar bezala prestatu behar dira, seguruak izan daitezen.

Ekipo berriak, makina edo tresna “modernoak”, ez dute arazo izan behar, diseinatu eta fabrikatzen dituztenean segurtasun-arau guztiak betetzen baitituzte.

Enpresa zaharretan, ordea, araudi horren aurreko ekipo eta instalazioak erabiltzen dituzte. Hala eta guztiz ere, horrek ez du egokitzeko eta seguru erabiltzeko aitzakia izan behar.

Egokitze-prozesu horri segurtasunaren arloko hizkeran “12-15 egitea” esaten zaio. Lan oso teknikoa da eta emaitzak egokitzapen fisikoak, argibideen eskuliburu zorrotz bat eta ziurtagiria izaten dira; ziurtagiria makinak irauten duen bitartean jaso behar da.

Lan hori egiteko, esan bezala, ezaupide teknikoak eta, batez ere, sena behar dira. Senari dagokionez, ezinbestekoa da makinak eta ekipoak erabiltzen dituzten pertsonek modu aktiboan parte hartzea.

Logika bistakoa da: ekipo bat denbora askoan erabili bada, denbora horretan erabili duen pertsonak ezagutzen du ondoen; hark daki ekipoak zer ahulgune dituen eta hark lagun diezaieke ondoen teknikariei segurtasuna, erosotasuna eta produktibitatea bateratzen.

Nortzuk dira “teknikari” horiek? Errege Dekretuaren arabera, “langile eskudunek” egin dezakete egiaztapena eta sina dezakete ziurtagiria.

“Langileak” enpresa bertakoak edo kanpokoak izan daitezke; eta “eskudun” izateak zera esan nahi du: egokitzapena egiteko behar diren abilezia eta ezaupideak edukitzea, norberaren eta enpresaren erantzukizunpean.

Aforismo juridiko bat dugu horretarako egokia: “legeak zehazten ez badu, ez du irakurleak zehaztu behar”. Izan ere, arauan “ingeniari elkartu”, “prebentzioko goi-mailako tituludun”, “kontrol-erakunde baimendu” edo beste edozein titulu jarri nahi izan balute, jarriko zuten.

Gauzak horrela, enpresak baloratu behar du zer den eta zer ez den “langile eskuduna”, segurtasuna zaintzeko duen betebeharra aintzat hartuta.

Orduan, zergatik kontratatzen dituzte hainbeste enpresek (ia guztiek) kontrol-erakunde baimenduak lan hori egiteko?

Funtsean, hitz bakar batean laburtu daitezkeen bi arrazoirengatik: erantzukizuna.

Enpresek, “langile eskuduna” aukeratzen dutenean, arduraz eta seguru jokatu nahi dute; eta hori OCAk kontratuz ziurtatzen du. Gainera, enpresako profesionalek berek, gaituta dauden arren eta lanerako ekipoak inork baino hobeto ezagutzen dituzten arren, nahiago dute ziurtagiria ez sinatzea, inplikazio pertsonal handia duelako, eta kanpoko norbaiten berrespena izatea.

Laburbilduz: “12-15 prozesuak” talde-lanean egin behar dira, enpresako ia jarduera guztiak bezala. Enpresak giroa sortu eta baliabideak jarri behar ditu baina, prozesuak arrakasta izan dezan, egiaztagiria eta formalitatea bezain garrantzitsua da denek eta, bereziki, ekipoak egunero erabiltzen dituztenek modu aktiboan parte hartzea.

Sinatua
Luis Blanco Urgoiti, Aveq-Kimikako idazkari nagusia

Buletinera harpidetu