Eguzkia… Babestu harengandik beti

Segurtasun-ikasgaiak
Eguzkia… Babestu harengandik beti

Atari zabalean lan egiten dutenek egunero jasotzen dute erradiazio ultramorea, ikusgaia eta infragorria.

Gizakiok behar-beharrezkoa dugu eguzkia bizitzeko. Eguzkiak eragin erabakigarria du Lurreko bizitzan eta espezie guztien bizi-erritmoa markatzen du. Hori horrela da Euskadin ere, nahiz eta batzuetan miraria izan zerura begiratu eta hodeirik ez ikustea. Hala ere, hor dago. Nahiz eta ez den ikusten batzuek nahi bezainbeste, haren izpiak guganaino iristen dira eta beti ez dira onerako.

Eguzkian pentsatzen dugunean, oporrak, hondartza eta txosna datozkigu gogora. Hala ere, ezin dugu ahaztu milaka pertsonak egiten dutela lan eguzki distiratsuarenpean eta, bereziki, laneko arrisku bat dela, baita hodeien atzean ezkutatuta dagoenean ere.

Atari zabalean lan egiten dutenek egunero jasotzen dute erradiazio ultramorea, ikusgaia eta infragorria.

Berehalako ondorioak, besteak beste, gehiegizko beroa (deshidratazioa), azala gorritzea eta ekintza antirrakitikoa dira. Epe ertainera erredurak eta orbanak agertzen dira eta azala loditu egiten da. Neurriak hartzen ez badira, epe luzera, eguzkitan gehiegi egonez gero, azala garaia baino lehenago zahartzen da eta handitu egiten da minbizia izateko arriskua. Nahikoa da bi minutuz dermatologo batekin hitz egitea eguzkia txantxetako gauza ez dela konturatzeko. Gainera, izandako kaltea «artxibatu» egiten da; hau da, gaztetan edo haurtzaroan izandako lesio bat urte asko igaro ondoren ager daiteke.

Lan-ingurunean, funtsezkoa da urtetan izandako jokabideak aztertzea. Tradizioz, nekazariek, lorezainek, basoko langileek, eraikuntzakoek eta arrantzaleek, adibidez, kolore argiko laneko arropa, mahuka luzeko alkandorak, kapelak, etab. erabili izan dituzte. Gainera, dieta mediterraneoa zuten eta ur nahikoa edaten zuten. Atari zabalean lan egiten dutenek ahaztu egin behar dituzte era honetako esaldiak: «ez da beharrezkoa azala estaltzea; horrela, ez dut hondartza joan beharrik beltzaran jartzeko» edo «alkandora jartzen badut, hondartzara joaten naizenean arrastoa izango dut».

Aitona-amonen neurriak aplikatzeaz gain, faktore egokiko eguzki-babesa erabili behar da. Aipatu behar da kremetan agertzen den zenbakiak denbora adierazten duela; hau da, zenbat denbora egon gaitezkeen eguzkitan erretzeko arriskurik gabe. Garrantzitsua da krema uniformeki zabaltzea, eguzkitan jarri baino 30 minutu lehenago eta azal motaren araberako babes egokia erabiltzea. Zenbat eta argiagoa izan azala, orduan eta handiagoa izango da faktorea (50 edo pantaila osoa).

Aholkuak

Ahal denean, lana planifikatu behar da, ahalik eta denbora gehiena itzaletan egin ahal izateko. Itzala ematen duten sistemak ere erabili behar dira (adibidez, olanak). Arropa garrantzitsua da. Besoak eta hankak estaltzen dituzten eta kolore argikoak diren jantziak erabili behar dira. Aurpegia eta lepoa estaltzen dituen gutxienez zazpi zentimetroko zerrendako kapela edo bisera bat. Baina, txapela badarabilzu, erne belarriekin! Erre egiten dira, eta horrek… min ematen du! Ezpainak ere oso sentiberak dira. Hori dela eta, gutxienez 30 faktoreko krema aplikatzea gomendatzen da.

Eguzkitako betaurrekoak erabiltzea komeni da. Berme egokiak izan behar dituzte. Hortaz, hobe da hain politak diren merke-merke horiek ahaztea. Haien diseinuari erreparatuz, ondo estali behar dituzte begiak, babestutako eremuan ahalik eta eguzki-izpi gutxien sar daitezen. Lanerako direnez (eta ez haietaz finolatzeko) garrantzitsua da lanak egiterakoan haiekin ondo ikustea eta erosoak izatea, kendu behar ez izateko.

Tamalez Euskadin hodeiek eguzkia estali arren, berdin-berdin aplikatu behar dira aholku horiek. Egia da eguraldi txarrak izpi ultramoreetatik babesten gaituela, baina udan ez da nahikoa. Amek eta amonek «eguzki erre» esaten diote eta komeni da hura ez gutxiestea.

Buletinera harpidetu