Eskatu Olentzerori modako segurtasun-oinetakoak

Segurtasun-ikasgaiak
Eskatu Olentzerori modako segurtasun-oinetakoak

Oinak oso gutxi zaintzen ditugu, baina, gorputzeko atal guztiak bezala, garrantzitsuak dira.

Izan ere, gure euskarriak eta eskura ditugun garraiobide merkeenak dira. Beraz, ezinbestekoa da oinak zaintzea eta babestea, baita lantokian ere.

Oinean min hartuz gero, gerta daiteke ondoezak gutxi irautea, baina epe luzerako ondorioak ere izan ditzake (behatzak haustea, zaintiratuak, oina ebakitzea).

Arrisku horiek saihesteko eta ondorioak arintzeko segurtasun-oinetakoak erabil ditzakegu. Orain aukera bikaina duzu Olentzerori babes-oinetakoak, atseden hartzeko oinetakoak edo bota industrialak eskatzeko. Lan-mota adina oinetako daude. Gainera, modako markek ere badituzte lantokian oinak babesteko oinetakoak.

Gerta daiteke oinetara gauzak erortzea (batzuk puntazorrotzak), orpoan kolpeak hartzea, oinak nonbait harrapatuta geratzea, zipriztintzea, deskarga elektrikoak jasotzea, irrist egitea, urratzea… Orokorrean, oinetako-motak kontuan hartu gabe, aditu guztiek diote oinetako arinak, izerdia ateratzen uzten dutenak eta ahalik eta ergonomikoenak erabiltzea komeni dela.

Zer modelo erabili enpresak aukeratzen duenez, betiere erabiltzaileei kontsulta egin ondoren, jakin beharra daukagu hiru oinetako-mota daudela: segurtasunekoak, babestekoak eta lanekoak. Segurtasun-oinetakoek oina osorik babesten dute, segurtasun-elementu gehigarriekin (metalezko sendogarriak, adibidez); babestekoek ere oin osoa babesten dute (orpoa, behatzak…), baina arrisku gutxiagoko lekuetan erabiltzen dira; eta azkenik, lanekoek ez dute puntan kolpeen kontrako babesik, ez irrist egiteko eta deskarga elektriko txikietatik babesteko pentsatuta baitaude.

Arriskuetatik babesteko elementu guztiek bezala, segurtasun-oinetakoek bizitza erabilgarri zehatz bat dute, jarduera-motaren eta non erabiltzen direnaren araberakoa. Urratuak badituzte, zola leundu bazaie edo beste edozein arazo badute, onena berriak erostea da. Oinetako (edo bota) guztiak bezala, lehortu eta garbitu egin behar dira, ez bakarrik lan-arriskuak prebenitzeko, baita higieneagatik ere.

Ez dezagun irrist egin

Oinetako lesio ohikoenak ez dira zanpatzeagatik, ebakitzeagatik edo urratzeagatik gertatzen. Hortaz? Oinetan min hartzen dugu, batik bat, irrist egiten dugulako; eta irrist egiten dugu ez dugulako oinetako irristagaitzik erabiltzen. Horrela gertatzen dira zaintiratuak eta hausturak. Eta lesio horiek berdin-berdin eragiten die, esaterako, dendariei (zutik ordu asko ematen dituztelako) zein eraikuntzako langileei, baldin eta oinetakoek marruskadura-faktore handiko kautxuzko zolak edo zola sintetikoak ez badituzte.

Meatzaritzan, metalurgian eta kimikan, adibidez, bota egokiak erabiliz gero, erredura kimikoak gertatzeko eta metalurtuen edo beste material batzuen zipriztinek kalte egiteko arriskua gutxitu daiteke. Eraikuntzan edo elektrizitatearekin lan egiten duten langileen bizia ere salba dezakete. Horientzat jositako, itsatsitako edo oso ongi bulkanizatutako botak dira egokienak, eroankortasuna handitzen duten metalezko elementurik gabeak. Elektrizitate estatikoa dagoen lekuetan, oinetakoek kanpoko kautxuzko zola eduki behar dute, kargak kanporatzea errazteko.

Lana edozein dela, ongi ibiltzeko oso garrantzitsua da oinetako egokiak aukeratzea.

Buletinera harpidetu