Udazken honetan, eror daitezela hostoak bakarrik

Segurtasun-ikasgaiak
Udazken honetan, eror daitezela hostoak bakarrik

Arrisku handieneko lanak zein diren galdetzeko inkesta bat egingo bagenu, askok jarriko lituzkete adibidetzat altuera handietan egiten diren lanak; ez dago zalantzarik. Era horretako lantzat jotzen dira lurzorutik bi metrora edo gehiagora egiten direnak. Lan horietan, prebentzioaren kultura funtsezkoa da lanaldia inolako ezustekorik gabe amaitzeko.

Altueran egiten diren lanak askotarikoak izan daitezke eta, kasu batzuetan, oso konplexuak dira. Jakina, ez da gauza bera hiru metroko aldamio batean lan egitea, 20 metroko altueran aire-sorgailu bat konpontzea, edo lurzorutik 15 metrora metalezko egitura bat soldatzea.  Hala ere, badaude norbere burua babesteko oinarrizko arau batzuk.

Arlo horietan lan egiten duten enpresek, homologatutako eta egoera onean dauden segurtasun-sistema guztiak jarri behar dituzte langileen esku. Hala ere, baliabide materialak alferrikakoak dira langileak ez badaude horiek erabiltzeko prestatuta, edo ohiturak prebentzioa ezerezean uzten badu. Baztertu egin behar dira “hau beti egin izan da horrela” edo “ez da inoiz ezer gertatzen” bezalako usteak, hainbat jokaera justifikatzeko; adibidez, bi pertsona ainguraleku berera lotzea edo arnesa inolako konturik eta arretarik gabe jartzea.

Presa gutxi

Behin betikoz baztertu behar dugu Lautadako Biztanle Bakartiaren irudia. Presa handia izan eta norberak bakarrik askotan egin izan arren, era horretako lan bat egiteko beharrezkoa da bi lagun egotea. Horrela, segurtasuna bermatzen da eta, ezbeharren bat gertatuz gero, laguntza.

Eta presak hizpide ditugunez: hobe lasaitasunez eta mantso igotzea eta jaistea. Horrela, zailagoa izango da irristatzea, koordinazioko hutsegiteren bat gertatzea edo akidura sentitzea.

Zorrotza izan behar da Norbere Burua Babesteko Ekipoen (NBBE) erabileran: erorketen aurkakoak, kako bikoitza, sokak, mosketoiak eta arriskuak saihestera bideratutako elementu guztiak. Oso ondo kontserbatu behar da material hori, eta egunero aztertu behar dira. Aurretiazko edozein hutsegiteren edo susmoren berri eman behar zaio proiektuaren arduradunari.

Segurtasun arloko instrukzioa eta trebakuntza dira prebentzioko beste bi maila funtsezko. Eztabaidaezina da: gaituta eta trebatuta dauden langileek beti hartuko dituzte neurri egokiak. Lan-arriskuetan adituak direnek, zorrotzak dira: berariaz trebatuta eta baimenduta daudenek bakarrik egin behar dituzte lan bertikalak eta zintzilikakoak.

Lan-lekuko ordena, garbitasuna eta antolakuntza funtsezko faktoreak dira altuerako lanetan. Estropezuak saihesten dira eta, gorabeheraren bat gertatuz gero, ez dituzte oztopatuko sorospen-maniobrak.  Eta ahaztu gabe, gainera, lan-lekua ordenatuta izan ez gero, behetik igarotzen diren pertsonen gainera eror daitezkeela objektuak.

Eta bai, ez ezazue bazter utzi sen ona. Batzuetan, sen onez jokatzeak, inoiz gertatzerik nahi ez ditugun erorketak saihets ditzake.

Buletinera harpidetu