Hizketaldiak Javier Inda Osalaneko zuzendariorde teknikoarekin (I): “4.0 industriak eta teknologia berriek lan-ingurune adimentsuak eta seguruak sortzen laguntzen digute”

Segurmania
Hizketaldiak Javier Inda Osalaneko zuzendariorde teknikoarekin (I): “4.0 industriak eta teknologia berriek lan-ingurune adimentsuak eta seguruak sortzen laguntzen digute”

Javier Indarekin solasean aritu gara Euskadik lan-prebentzioaren arloan dituen etorkizuneko erronkei buruz eta zenbait hausnarketa egin ditugu gaiaren inguruan. Ondorioz, gure xede nagusiarekin aurrera jarraituko dugu: enpresaren eguneroko kudeaketan lan-arriskuen prebentzioa sartzea.

Osalaneko Zuzendaritza Teknikoko burua zara; zein da zure eginkizun nagusia?

Laburbilduz, gure misioa enpresariei, langileei eta inplikatutako agenteei lan-arriskuen prebentziozko jarduerak enpresetan eta administrazio publikoetan egin ditzaten erraztea da, haiei arreta eta aholkularitza teknikoa ematea, eta enpresa eta talde mota bakoitzaren behar zehatzei erantzutea.

Etorkizunera begira, lan instituzionala egiteko konpromisoa hartu behar dugu, ekoizpen-praktika arriskutsuak baztertu eta lan-arriskuen prebentzioa gure enpresen gizarte-erantzukizunaren alderdi bat izan dadin bultzatzek.

Zuzendariorde teknikoa zaren aldetik, badakizu Euskadin lan-arriskuen prebentzioaren arloan zer gertatzen den egunero. Uste duzu Euskadi prebentziozko kultura ezarrita duen herrialde bat dela, orokorrean?

Uste dut dezente aurreratu duela gai horretan. Hain zuzen, azkeneko 15 edo 16 urte hauetan lan-istripuen intzidentzia-tasa ia erdiraino jaitsi dugu —alde guztien ahaleginarekin—. Edonola ere, lan-arriskuen prebentzioari buruz hitz egiten dugunean bi abiadura-mota bereiz ditzakegu: batetik, enpesa handiak ditugu; haiek orokorrean prebentziozko kultura ezarrita dute badakitelako laneko segurtasunean eta osasunean inbertitzeak itzulera duela eta lehiakortasunezko faktore bat dela; eta, bestetik, enpresa txikiak ditugu; haietan, salbuespen asko badaude ere, produktibitatearekin eta kostuen merkatzearekin zerikusi handiagoa duen beste faktore batzuen pean egon ohi da prebentzioa

Egia da lan-arriskuen prebentziozko kultura presenteago dagoela arrisku handiko sektoreetan eta jardueretan itxuraz arrisku txikiagoko jarduera-eremuetan diharduten enpresek baino (zerbitzuetako sektorea adibidez)

Badakit, halaber, Lan Arriskuen Prebentzioko Legeak lortu nahi zuen ezarpen-maila lortzeko oraindik ere geratzen dela. Hau da: besteren kontura lan egiten dutenek gaur egun prebentziozko eredu batez goza dezakete, eta agente sozialak orokorrean kontzientziatu egin dira lan-arriskuen prebentzioak duen garrantziaren inguruan. Baina egia da eredu horren ezarpena beste maila batean garatu dela, ez dela uniformea eta talde batzuk ez dutela LAP Legearen babesik.

Ildo horretatik, Osalanek baliabideak errazteko konpromisoa du, lan-arriskuen prebentzioa langile guztiengana irits dadin, mugarik gabe. Horren adibide dira Osalanek duela gutxi garraioaren, merkataritzaren edo ostalaritzaren sektoreekin izandako kolaborazioak. Kolaborazio horiek jarraipena izango dute beste esparru batzuetan ere.

Zure ikuspegitik, zer da gehien falta dena Euskadin? Zer nota jarriko zenieke gure enpresei?

Lan-arriskuen prebentzioa sustatzen saiatzen diren enpresa- eta sindikatu-elkarte, milaka agente eta ekimen publiko eta pribatuen laguntza jasotzen dugu. Beraz, uste dut argi dagoela aurrerantz goazela eta gure enpresek ahaleginak egiten dituztela eskura ditugun araudi gero eta zorrotzagoak betetzeko, esaterako Lan Arriskuen Prebentzioko Legea, prebentziozko zerbitzuak arautzen dituen 1997ko Errege Dekretua, Dekretu Autonomikoak, estrategia-planak… Baina, lege-eskakizunak betetzearekin nahikoa da?

Uste dut ezetz. Are gehiago, ziur nago. Paperak bete eta laneko segurtasuna eta lan-arriskuen prebentzioaren kudeaketa enpresa azpikontratatuaren esku uztea ez da nahikoa.

Horregatik, prebentzioaren desburokratizazioa da sustatu nahi dugun irakasgaietako bat. Nolabait esateko, asko aurreratu dugu enpresa guztiek paper guztiak eguneratuta eduki ditzaten, baina Osalanen uste dugu prebentzio juridikotik prebentzio praktikora pauso irmoak ematea nahitaezkoa dela. Argi dago horretarako babes instituzionala behar dela, baina baita enpresarien eta langileen esfortzua ere, prebentzioa praktikara eramateko.

Hitz batez, zoritxarrez, oraindik ere enpresa askok uste du lan-arriskuen prebentzioa lege-eskakizun gogaikarri bat dela, eta hain zuzen talde horretara zuzendu behar dugu gure aholkularitza-lana. Ulertarazten lagundu behar diegu laneko segurtasuna eta osasuna oso garrantzitsuak direla haien enpresetan.

Laneko estatistiken arabera, istripu larrienak harrapatuta eta zanpatuta geratzeagatik gertatutakoak dira, hein handi batean. Zer arrazoi daudela uste duzu?

Hain zuzen, gure industria-ingurunean langileek makinak erabiltzen dituzte, eta berez arrisku-iturri ohikoenetako bat da hori. Hain zuzen, 2016an, industria-sektorean 9.804 lan-istripu erregistratu ziren laneko bajarekin,  eta horietako % 50 baino gehiago gertatu ziren makinek harrapatuta geratzeagatik. Makinen, garraiobideen, tresnen, objektuen, iraulketen… kontrol osoa edo partziala galtzea esan nahi du horrek.

Arrazoiei dagokienez, kausa anitz daude: giza akatsak, ikuskapeneko hutsegiteak, teknika desegokien erabilpena, prestakuntza desegokia, monitorizazio eskasa…Ia dena da zuzengarria.

Horrelako istripuek lesio larriak eragiten dituzte. Balioetsi duzue zer inpaktu eragiten dituzten gizarte- eta osasun-arloetan?

Laneko istripuek eragindako lesioen inpaktua neurtzean beti sortzen da eztabaida, bai dakartzaten ondorioen (ekonomikoak, osasun- eta lanbide-arlokoak, etab.) bai kaltetu desberdinen (langileak, familiak, enpresa eta ingurune soziala) larritasunaren inguruan. Bestalde, lesio horiek elkarrekin lotuta egoten dira askotan, eta, aldi berean, kaltetuen aldagai soziodemografikoen eragina jasaten dute.

Horrelako neurketak diruaren ikuspegitik egiten dira,  eta diruaz bestelako ikuspegiak gaixotasun kasuetarako uzten dira (geratzen diren bizitza-urteak, kalitatearen edo desgaitasunaren arabera).

Argigarri moduan, aintzat hartzen diren kostuetako batzuk produktibitateari, giza kapitalari, osasun-arretari, administrazioari eta beste batzuei lotuta daude.

Asko hitz egiten da gero eta makina modernoagoak eta seguruagoak dituen 4.0 industriaz. Osalanek «Renove Maquinaria» laguntza-programarekin kolaboratzen du. Osalaneko teknikariek programa honen markoan egiten dituzten egiaztapenetatik zer ondorio atera dituzu?

Hain zuzen, garapen teknologikoak segurtasuna areagotzen laguntzen diguten gero eta elementu gehiago ditu: instrumentazioa, sentsoreak, detektatze-, babes- eta monitorizazio-sistemak, etab. Elementu horiei beste faktore batzuk gehitzen badizkiogu, arrisku- azterketarako metodologiak eta lan-arriskuen prebentzioa, esaterako, lan-ingurune adimentsuak eta seguruak sor ditzakegu.

Egiaztapenei dagokionez, azpimarratuko nuke Osalaneko teknikariek 600 bisita baino gehiago egin dituztela SPRIri makineria berria erosteko baliabide ekonomikoak eskatu dizkioten 517 enpresetara,  makina horiek beharrezko segurtasun-neurriak dituztela egiazta dezaten.

Javier Inda Ortiz de Zárate, OSALANeko zuzendariorde teknikoa.

Buletinera harpidetu