Iberdrola, pertsonei begirako segurtasuna eta prebentzioa

Enpresa seguruak
Iberdrola, pertsonei begirako segurtasuna eta prebentzioa

Iberdrolak prebentzio-kulturaren “dastatze-probak” egiten ditu talde osoaren partaidetza, konpromisoa eta proposamenak oinarri hartuta. Nola egiten dute?

Mundu osoan 33.0000 langile baino gehiagorekin Iberdrola ekonomia nazionalaren punta-puntako enpresa bat da. Baina tamaina handiko enpresa bat izanagatik, arduradunek ez dute haren aktibo garrantzitsuenetako bat bazter utzi: pertsonak. Horregatik, euskal enpresak lan-arloko segurtasunarekin eta osasunarekin konpromiso irmoa hartu du, eta, horrekin, enpresaren aitorpena ez ezik gizartearena ere lortu du. Antonio Moreno jaunarekin Iberdrolaren Prebentzio Zerbitzu Erkidetuko zuzendariarekin hitz egin dugu.

1.- Zein da Iberdrolaren lan-arriskuen politika, gaur egun?

Lan-arriskuen indarreko politikak gure instalazioetan lan egiten dutenentzat lan-ingurune segurua eta osasungarria lortzea du xede, eta, ildo horretatik, segurtasun-irizpideari ematen zaio lehentasuna, gure organizazioetan lan egiteko modua baldintzatzen duena. Modu horretara, lan-arriskuen prebentzioaren kudeaketa-eremu guztietan etengabe hobetzea funtsezko aldagai bat da, orain bertan gure etorkizuna eratzen ari delako.

Azken urteotan bizitako berrikuntza eta garapena, hobekuntza horiek guztiak, lan-segurtasuneko eta -osasuneko unibertso guztian irudikatu eta protagonismoa izan dezatela da gure politika, modu horretara lan-arloan emaitza hobeagoak eta ongizate handiagoa lortuko ditugulako.

2.- LAPak zer bilakaera jasan du azken urteotan?

Uste dut egitura-mailan zein giza faktorean bateratzea ematen ari dela; hain zuzen, zenbait ekipo eta elementu hasiera-hasieratik askoz ere seguruagoak dira horretarako elementuak barne hartzen dituztelako eta diseinatzaileek, enpresek eta administrazioek eurek segurtasun handiagoa eskatzen dutelako. Horregatik, LAParen bilakaera ekoizpen-prozesuaren eskutik joan da beti.

Zeharka, pertsonek segurtasun eta osasun-balioak gehiago partekatzen dituzte, maila guztietan, eta, partaidetza horren emaitza konpromisoa eta inbolukrazioa dira. Instalazio, ekipo eta prozedura onenak edukitzearekin ez da nahikoa; azkenean guk hartzen ditugu erabakiak, eta horren ondorioz jarduten dugu, beraz, puntu horretara iritsita, ezinbestekoa da gure ingurukoen segurtasuna, osasuna eta ongizatea zaintzeko konpromisoa hartzea.  

3.- Horrelako enpresa handi batean lan-arriskuen plana egitea zaila izango da. Nola egiten duzue?

Iberdrolak ehun urtetik gora ditu, eta haren DNAn beti egon da txertatuta pertsonen segurtasuna eta osasuna. Erakunde guztiek ikuspegi berdina edukitzeak izugarri errazten du prebentziozko jardueraren plangintza. Enpresa berriak sartzen doazen heinean filosofia hori partekatzen dute, eta batzuetan maila orokorrean sartzen joan garen aspektu edo jarduteko moduak erraztu dizkigute.

Gaur egun, plangintzaren eta ezarpenaren eta haien emaitzen kontrola eta monitorizazioa homogeneizatzen dituzten kudeaketa-sistemak ezarrita daude. Herrialde eta negozio bakoitzak sistema eraginkorrak eta partekatuak ditu haren beraren plangintza egiteko; dena dela, nazioartean ere partekatzen dute.

4.- Zuen enpresa kolaboratzaileek edo azpikontratek bete beharreko protokoloak dituzue?

Kontratu-marko bat dugu gure enpresa hornitzaileek bete behar dituzten baldintza guztiekin arlo hauetan: langileen gaikuntza, gure prozeduren eta arautegiaren aplikazioa, ingurumena eta instalazioak errespetatzea, etab. Historian zehar, enpresa kontratistei dagokienez bi alderdi hauek egiaztatu ditugu

  • Enpresa kontratistak gurekin lan egiten duen heinean haren segurtasun- eta osasun-emaitzak hobetzen doaz, hau da, hobetu egiten da berari dagokionez.
  • Emaitza hobeak lortzen ditu ere gurekin lan egiten ez duten antzeko enpresekin alderatuta. Izan ere, kultura-aldaketa bat dago gure eta zerbitzua ematen digutenen artean, eta, nolabait esateko, gure hornitzaileen segurtasunaren eta osasunaren “motorra” bihurtzen gara; hain zuzen, guk monitorizatzen ditugu gure eta gure enpresa kontratisten segurtasuneko eta osasuneko emaitzak, eta, ondorioz, istripu bat istripu bat da, jada ez du berezko edo kontrataren “abizenik”, eta Iberdrolaren edo enpresa kontratistaren langile batek gure instalazioetan edukitako jarrera profesional segurua “gurea da”.

5.- Lan-istripu batek zer ondorio dakarzkio zure enpresari? Nola egiten diozue aurre?

Galdera hauek egiten dizkiogu gure buruari: ustekabeko istripu bat da? Ekidin ezinezkoa zen? Istripua prozesu baten ondorioa da? Guretzat, istripua sistemaren porrotaren ondorioa da, atsekabe eta frustrazio handia eragiten dizkigu, eta baliteke gertakari horrek espazioan eta denboran eman diren baldintza guztiak aztertzeko aukera ematea soilik, ikusteko non huts egin den, kausak aztertzeko, irtenbiderik onena aztertzeko eta horri erantzun eta emaitza berdina eduki dezaketen egoerei aurrea hartzeko.

Gaur egun, taldeko enpresa guztiak istripugarritasun-kausak aztertzeko metodoak erabiltzen ari dira, eta haien emaitzak eta esku-hartzeko proposamenak partekatzen ari dira prebentzio-erakunde guztiekin. Kudeaketa onari esker, hobekuntza horiek orain ezarriko ditugu, eta, hala, etorkizunean istripuak ekidingo ditugu.

6.- Nola egonkortzen da prebentziozko kultura on bat? Nola zabaltzen duzue Iberdrola eratzen duten milaka pertsonen artean?

Gure prebentziozko kultura segundoz segundo, minutuz minutu, sortzen eta egonkortzen doa, eta haren osaeran aktore askok parte hartzen dute; horien artean daude: enpresa bera, segurtasuneko eta osasuneko politikak ezartzen, aplikatzen eta monitorizatzen dituena; buruzagitzak, politikak gauzatzeko haien aurrekontuak banatu, antolamenduak diseinatu, profesionalen gaikuntzan eta birziklapenean inbertitu, instalazioak berritu eta hobetu, prozedurak etengabe eguneratu eta kontrol-mekanismoak ezarri behar dituztenak instalazio seguruetan behar bezala lan egiten dela egiaztatzeko; “langile-talde naturalak” beren prebentziozko mikrokultura sortu eta norbanakoak taldean nola lan egiten duen ezartzen dutenak, portaera seguruak sustatuz eta jarrera arriskutsuak ekidinez; langilea, egoera eta une zehatzetan segurtasuna lehenesten duena beste eskakizun batzuen aurrean, hala nola presa eta ingurunearen presioa.

Prebentzio Zerbitzuak aldian-aldian prebentziozko kultura horren “dastatze-probak” egiten ditu antolakuntza-maila ezberdinetan eta kultura hori maila gorenean mantentzen duten prebentziozko programen garapen-, prestakuntza- eta informazio-estrategia ezberdinak gauzatzen dira. RADAR izeneko prebentziozko programak, adibidez, 5000 langile ditu lan-arriskuen prebentziozko etengabeko hobekuntza-taldeei atxikita, eta haien parte-hartzearekin, konpromisoarekin eta proposamenekin segurtasun-istripuak sor ditzaketen egoerak ekiditen dira.

Gure enpresan zortea dugu, izan ere, Ignacio Galán gure lehendakari jauna pertsonen segurtasunarekin, osasunarekin eta ongizatearekin edukitako konpromisoa une oro ikusarazten saiatzen da komunikazio guztietan, bira ibiltarietan, langileekin egindako bileretan, etab.   Lehendakariak apustu irmoa egin du gure enpresako antolakuntza eta pertsona guztiek prebentziozko kultura hori balioan jar dezaten. Gauza bera gertatzen da gure goi-zuzendaritzarekin; hain zuzen, segurtasunaren eta osasunaren arloan lortu ditugun emaitzek garrantzia izan dute Akziodunen Batzar Nagusian, eta mundu osoari jakinarazi diogu gai horrek zenbaterainoko garrantzia duen guretzat.

7.- Zuek nazioartean jarduten duzuela, prebentziozko kulturan zenbaterainoko aurrerapena lortu dugula uste duzue, beste herrialde batzuekin alderatuta?

Herrialde bakoitzak bere idiosinkrasia du, eta badira lege-baldintzatzaile batzuk, herrialde bakoitzari dagozkionak, erakundeen diseinuak berak eta haien estrategiak baldintzatzen dituztenak. Baliteke herrialde-mailan, orokorrean, desberdintasun handiak egotea prebentziozko kulturan, horrela erakusten digute emaitzek gainera, baina taldeko enpresek herrialde ezberdinetan egonagatik prebentziozko kulturan oso maila antzekoa dute, taldeko estandarrak bereizten eta tokiko errealitatera egokitzen badira ere. Taldeko Prebentzio Zerbitzuen artean praktika onen trukea eta partaidetza iraunkorra da, eta herrialde bakoitzak egindako ekarpena oso garrantzitsua da. Zeregin horietan denok izan behar dugu protagonismoa.

8.- LAPrako tresna berritzailerik edo berezkorik erabiltzen duzue?

Gure enpresan kultura berritzaile indartsua dugu, eta, gaur egun, mota horretako proiektuetan parte hartzen dugu; halaber, babes indibidualeko ekipoetako berrikuntza-programa zehatzen bazkideak gara, azken urte hauetako aurrerapen teknologikoa egunero erabiltzen ditugun elementuetan barneratzeko xedez. Waearables atalean aukera anitz daude, eta horiek hasiera-hasieratik arriskuak kontrolatzen eta saihesten lagun diezagukete.

“Giza faktorea” testuinguruan norbanakoak eta taldeak segurtasunarekin eta osasunarekin duen konpromisoa indartzeko eta mantentzeko lanean jarraitzen dugu. Testuinguru horretan oso harro gaude RADAR Programa berritzaileak emandako emaitzez. Programa horren bidez, langileak konprometituta sentitzen dira gure instalazioetan dauden pertsonen segurtasunarekin eta osasunarekin.

Gaur egun, plataforma teknologikoetan eta administrazioarekin lantaldeetan ere parte hartzen dugu, eta erne gaude lan-baldintzak hobetuko dituzten elementuak edo estrategiak ager daitezkeelako.

9.- Zer esango zenieke zalantza dutenei edo LAP gutxiegia aplikatzen dutenei?

Zera esango nieke, enpresek beren produktuak eta zerbitzuak eskaintzen dizkiotela gizarteari, eta horiek ezin dietela minik edo oinazerik eragin horiek lortzen laguntzen duten pertsonei. Onartezina da inork ez ditzala kalte horiek aintzat hartu, ezta ekoizpen-prozesu batean gauza daitezkeela ere. Prebentzioan inbertitzea ekonomikoki oso errentagarria zela erakusten ziguten azterketak atzean geratu ziren.

Gure exijentzia etiko eta moralagatik lan-arriskuen prebentzioa ezarri behar dugu, gure profesionaltasunaren adierazgarri. Enpresa seguruagoa eta osasungarriagoa eratzea enpresa hobeagoa, errentagarriagoa eta jasangarriagoa sortzea da, eta horrek gizartearentzat, akziodunentzat eta langileentzat aberastasuna sortuko du.

Buletinera harpidetu