“Segurtasuna ez da erosten, fabrikatu baizik” – Montse Cartañà, Bellota Herramientas enpresakoa
Enpresa seguruak
Gaur, atsegin handiz elkarrizketatuko dugu Montse Cartañà, Kudeaketa/Segurtasun Sistemen teknikaria – EAA Bellota Herramientas enpresan. Montsek kudeaketa-sistemak ezartzen duen esperientzia partekatuko digu, horiek lan-ingurunean segurtasuna eta eraginkortasuna bermatzen dute-eta. Kalitatea eta segurtasuna funtsezkoak diren sektorean, Montseren ikuspegiari esker ulertu ahal izango dugu Bellota Herramientas enpresak arriskuen kudeaketaren arloko egungo erronkak nola jorratzen dituen.
Gaur, atsegin handiz elkarrizketatuko dugu Montse Cartañà, Kudeaketa/Segurtasun Sistemen teknikaria – EAA Bellota Herramientas enpresan. Montsek kudeaketa-sistemak ezartzen duen esperientzia partekatuko digu, horiek lan-ingurunean segurtasuna eta eraginkortasuna bermatzen dute-eta. Kalitatea eta segurtasuna funtsezkoak diren sektorean, Montseren ikuspegiari esker ulertu ahal izango dugu Bellota Herramientas enpresak arriskuen kudeaketaren arloko egungo erronkak nola jorratzen dituen. Erantzun horien bidez jakingo dugu langileen artean segurtasun-kultura nola sustatzen duen, guztiontzako lan-giro seguru eta osasungarria ziurtatzeko burutzen ari diren estrategien bidez.
– Nolako garrantzia ematen diozue prebentzio-kulturari Bellota Herramientas enpresan? Zuen prebentzio-kultura zein mailatan dagoela esango zenuke?
Bellota Herramientas enpresako prebentzio-kultura handia denez, arrisku minimoa dakarren edozein zeregin edo jardueraren ardatz nagusia aztertzeko, langile-talde heterogeneo batek modu aktiboan parte hartzen du. Langile horiek, urteetan zehar, prestakuntza, laguntza edo ikaskuntza jaso dute, eta prebentzio-ezagutza eskuratzen joan dira; horrela, prebentzioaren sustatzaileak izan daitezke Bellotan.
– Nola lortzen da langileak segurtasunean inplikatuta sentitzeko moduko lan-ingurunea sortzea? Zein da sekretua?
Bizitza honetan denarekin gertatzen den moduan, sekretua ahalegintzea eta iraunkorrak izatea da. Prebentzio-sailean, etengabeko neurri-sorta bat sortzen saiatzen gara, prebentzio-alderdiak langileen egunerokoan etengabe ager daitezen eta horiek lanean “ohiko” moduan har ditzaten, langile bakoitza “protagonista” bihurtzeraino, segurtasunik gabeko baldintzen berri edo hobetzeko ideiak emanez.
Gainera, FABRIKArekin lanean ari gara, kultura-aldaketa hori bultzatzeko 80 bat langile inplikatuta gauden proiektu batean.
– Beharrezkoa al da segurtasunean inbertsio handiak egitea emaitza handiak lortzeko?
Jakina, batzuetan beharrezkoa da teknologia berrietan, azpiegituren hobekuntzan… inbertitzea. Horiek kostu handia izaten dute, baina beti ekintza txikiekin batera egin behar dira, segurtasuna ez baita erosten, fabrikatu baizik.
Nire ustez, ekintza ekonomiko eta eraginkorrena komunikazioa da. Inbertsio handia egiten bada, eta helburuaren, erabilera egokiaren, praxi onen eta abarren berri ematen ez bada, denbora gutxian hondatuko da, eta motibazioa eta portaera seguruen kontzientzia bultzatzeko aukera handia galduko da.
– Bellota Herramientas enpresak Laneko Arriskuen Prebentzioko Berrikuntzaren Mutualia 2025 Saria eskuratu du. Zer da ekimen hori? Hori abian jartzeak LAP nabarmen hobetzen lagundu al du?
Dojo japonierazko hitza da, eta entrenatzeko lekua esan nahi du, eta horixe daukagu guk; hau da, oraingoz 11 estazio dituen espazioa (zabaltzen jarraitzeko asmoa dago). Horietako bakoitzean laneko segurtasunaren alderdi bat lantzen da, Bellotaren barruan indartzea garrantzitsutzat jotzen dena. Harrera-planak espazio horretan egiten dira, lehen egunetik bertan erakutsi baitezakegu langileen zer arrisku izango dituzten beren egunerokoan.
Estazio batzuk praktikoagoak dira; esate baterako, kurrikak behar bezala erabiltzea, eta, horrela, kurrika prentsetan nola erabiltzen den praktikatzen da bertan. Edo balantzin txiki bat duen estazioa daukagu, lehengaiak modu seguruan deskargatzeko eta maneiatzeko. Bestalde, estazio teorikoagoak ere baditugu, seinaleen edo NBEen adibideekin edo ebakuazio-planean parte hartzen duen pertsona bakoitzak bete behar duen zereginarekin.
Estazioren batekin zuzenean lotuta dauden segurtasunik gabeko baldintzak edo gorabeherak gertatzen direnean, informazio-hitzaldi txiki bat prestatzen da dojon, langileen artean segurtasun-kontzeptuak indartzeko.
– Zer zeregin dute berrikuntzak eta teknologiak gaur egungo Laneko Arriskuen Prebentzioan?
Prebentzioko berrikuntzak, adibidez, aukera ematen digu langileengana bide tradizionalak baino lagunkoiagoak erabiliz iristeko. Ez dira gauza bera prestakuntza teorikoa eta bideoekin, joko interaktiboekin eta abarrekin egindako prestakuntza.
Bellota Herramientas enpresan, programa informatiko bat dugu, eta, bertan, istripu, gorabehera eta segurtasunik gabeko baldintza guztien berri ematen dugu; halaber, gertakarien ikerketetatik eratorritako ekintza guztiak sartzen ditugu, eta, horrela, programak abisu automatikoak bidaltzen dizkie ekintzak egiteko arduradunei, aurreikusitako epea hurbiltzen denean. Programa oso sinplea da, eta lantzen ari garen segurtasun-ekintza guztien gaineko kontrol handiagoa izaten eta jarraipen arinagoa egiten laguntzen digu. Era berean, checklists digitalak erabiltzen ditugu, segurtasun-ikuskapenetan informazioa emateko denbora asko murrizten dutenak.
Azkenik, robotika bezalako garapen teknologiko berriak aipatzen baditugu, kasu askotan gorabeheraren erroko kausari eraso behar zaio; izan ere, behar bezalako ezagutza izanik, arriskuekiko esposizioa murrizten laguntzen dute, normalean robotek lanik arriskutsuenak beren gain hartzen dituztelako eta langilearentzat gehiegizko esfortzu edo mugimendu errepikakorren esposizio handiagoa eskatzen dutenak ere bai.
– Lan errazagoa al da gaur egun LAPeko teknikaria izatea edo, aitzitik, tresna, lantalde eta lan egiteko modu berriek erronka handiagoak al dituzte?
Nire ustez, gaur egun, lehen baino baliabide askoz gehiago dituzu prebentzio-lana egin ahal izateko. Ildo horretan, ikerketa asko egin da, prebentzio-politikek lan-produktu eta -prozedura seguruagoak garatzen lagundu dute eta laguntzen jarraitzen dute; asko kontrastatutako gidak eta metodologiak ere badaude, prebentzio-kultura handiagoa enpresaren barruan eta baita gizartearen barruan ere. Esan dezakegu prebentziogileak jada ez duela lehen bezain modu bakartian lan egiten. Baina nabari da aldaketa teknologikoetako askok arrisku berriak dakartzatela, eta aurre egin beharreko erronkak direla.
Prebentzioa, orain, ez da lehen bezala segurtasunean eta osasun fisikoan bakarrik oinarritzen, prebentziogileentzat aukera handia zabaldu baita, osasun mentala ekuazioan sartzean, arrisku emergente berriak kudeatzean (hau da, psikosozialak, telelana, lan egiteko modu berriak teknologiarekin espazioa partekatuz (AA, robotak…)). Gainera, diziplina anitzeko taldeetan parte hartu behar duzu, segurtasunak, zorionez, enpresako arlo ugari hartzen baititu.
Hala ere, gaur egun, laneko arriskuen prebentzioari buruzko legea eguneratzea beharrezkoa dela uste dugu, 1995ekoa baita. Lege horrek egunerokotasunean sartzen ari diren alderdi berriak kontuan hartu behar ditu: robotak, AA, sortzen ari diren arriskuak…
BELLOTAn, prebentzio-arloan urrats bat harago goaz, laneko segurtasunari eta osasunari buruzko ISO 45000 ziurtagiriarekin, baina, gure ustez, aurrera egiten jarraitu behar dugu.
– Etorkizunari begira, zure ustez, nola jarrai dezakezue Bellota Herramientas enpresan Laneko Arriskuen Prebentzioa garatzen eta hobetzen?
Bellota Iraunkortasunaren estrategian aurrera egiten ari da, ESG ikuspegiarekin, eta hainbat GIH lantzen ari gara, non GIZARTE alderdiari garrantzi handia eman zaion. Era horretan, prebentzioa proiektuaren funtsezko zutabea da, eta, beraz, balio estrategiko eta zeharkakoa da, inpaktu integrala eta iraunkorra lortzeko helburuarekin.
Gure ustez, DOJOk istripuen eta gorabeheren emaitzak hobetzeko aukera emango digu, prestakuntza teoriko-praktiko handiagoarekin.
Era berean, istripuei eta gertakariei buruzko datu-serieak aztertzeko AA tresnak erabiltzeak fokua alderdi zehatzetan jartzen lagundu behar digu; bestalde, ISO 45000 ziurtagiria izateak eta erakunde osora zabaltzeak, hobetzeko funtsezko zutabea izanik, hobetzeko PDCA zikloak egituratzen laguntzen digu.
Laburbilduz, prebentzio aurreratzaile eta proaktibo baterantz jo nahi dugu, segurtasuna eta ongizatea Bellotaren DNAren parte izan daitezen.