Ba al zenekien “betetzea” eta “modu seguruan lan egitea” ez direla berdinak?
Ba al zenekien
Dokumentazioa egunean izatea, arriskuen ebaluazioa egitea, prozedurak izatea eta beharrezko babes-ekipamenduak entregatzea ezinbestekoa da. Baina, horrez gain, galdera bat egitea komeni da: hori guztia benetan lan egiteko modu seguru bat da ala urrunago joan behar dut nire enpresa segurua izan dadin? Izan ere, betetzea eta prebenitzea ez dira gauza bera.
Dokumentazioa egunean izatea, arriskuen ebaluazioa egitea, prozedurak izatea eta beharrezko babes-ekipamenduak entregatzea ezinbestekoa da. Baina, horrez gain, galdera bat egitea komeni da: hori guztia benetan lan egiteko modu seguru bat da ala urrunago joan behar dut nire enpresa segurua izan dadin? Izan ere, betetzea eta prebenitzea ez dira gauza bera.
Araudiak, langileen segurtasuna eta osasuna babesteko, enpresek bete beharreko betebeharrak eta baldintzak ezartzen ditu. Baina benetako prebentzioa enpresa kudeatzeko sistema orokorrean sartu behar da, prebentzio-arloko alderdiak segurtasunean eta osasunean eragina izan dezaketen erabakietan eta jardueretan kontuan har daitezen.
Alegia, prebentzioak ez du soilik dokumentuetan, berrikuspenetan edo auditoretzetan egon behar, bizi egin behar da eta egunerokoan integratu behar da. Lana antolatzeko eta egiteko moduan sartu behar da. Betetzea neurriak izatea da; seguru lan egitea, berriz, neurri horiek modu eraginkorrean aplikatzea.
Enpresa batek lanerako prozedura segurua izan dezake, baina praktikan ez badu betetzen “horrela denbora gutxiago behar delako”, distantzia bat egongo da ezarrita dagoenaren eta benetan gertatzen denaren artean.
Arriskuen ebaluazioa izanda ere, makina bat edo zeregin bat aldatzean edo prozesu berri bat sartzean prebentzio-arloko baldintzak berrikusten ez badira, arriskua kontroletik kanpo gera daiteke.
Izan ere, modu seguruan lan egiteko, pertsonek beharrezko ezagutzak eta gaitasunak izan behar dituzte eta eguneroko jardueran aplikatu behar dituzte. Halaber, prebentzioak guztion erantzukizuna izan behar du. Zuzendaritzak, agintariek eta langileek zeregin bat dute prebentzio-kudeaketa integratu baten barruan.
Prebentzioa integratuta egongo da, baldin eta prozedurak prebentzio-baldintzak errespetatuz gauzatzen badira eta inplikatutako pertsonek beharrezko informazioa eta prestakuntza badituzte. Benetako froga eguneroko lanean dago.
Prebentzio integratua itxuraz txikiak diren erabakietan antzematen da: nola planifikatu zeregin bat, nola antolatu postu bat, zer-nolako ekipoa erosi, nola erantzun gorabehera baten aurrean edo baldintzak seguruak ez badira lan bat gelditu ala ez.
Hori dela-eta, galderak ez luke soilik hau izan behar: neurriak betetzen ditugu? Galderarik garrantzitsuena honako hau da: modu seguruan lan egiten al dugu inork begiratzen ez digunean ere? Prebentzioak benetako zentzua hartzen baitu frogatu beharreko zerbait izateari uzten dionean eta gauzak egiteko ohiko modu bihurtzen denean.