Ba al zenekien azeriak ez duela beti isatsa luze izaten?

Ba al zenekien
Ba al zenekien azeriak ez duela beti isatsa luze izaten?

Pertsona askok bestela pentsa badezakete ere, esperientziak ez du arriskua ezabatzen. Guztiok era honetako esaldiak entzun ahal izan ditugu noizbait: “hogei urte daramatzat hau egiten”, “badakit ondo zer egiten dudan” edo “inoiz ez zait ezer gertatu”. Baina, nahiz eta esperientziak egoera asko ezagutzeko ezagutza, trebetasuna eta gaitasuna eman, ezin du bermatu arriskua desagertu denik.

Pertsona askok bestela pentsa badezakete ere, esperientziak ez du arriskua ezabatzen. Guztiok era honetako esaldiak entzun ahal izan ditugu noizbait: “hogei urte daramatzat hau egiten”, “badakit ondo zer egiten dudan” edo “inoiz ez zait ezer gertatu”. Baina, nahiz eta esperientziak egoera asko ezagutzeko ezagutza, trebetasuna eta gaitasuna eman, ezin du bermatu arriskua desagertu denik.

Laneko Segurtasun eta Osasunerako Institutu Nazionalak gehiegizko konfiantza laneko istripuak gertatzen lagun dezakeen faktoreetako bat dela adierazi du. Era berean, inprobisazioa, plangintzarik ez izatea eta “ezer ez da gertatuko” ustea arrisku bat gauzatzea  bultza dezakeen egoera dela azaldu du.

Izan ere, batzuetan, ezagutzen duguna baliteke arriskutsua ez iruditzea, esperientziak honako hauek bezalako abantailak ematen dituen alderdi positiboa baitu: zereginak hobeto ezagutzea, makina baten funtzionamendua, arazo jakin batzuei aurre hartzea edo laneko funtzioak trebetasun handiagoarekin egitea.

Hain positiboa ez den beste ondorio bat ere badu, ordea; alegia, denboraren eta urteen poderioz, eguneroko zereginen arriskuak hautemateari uztea. Gerta daiteke zeregin horiek arriskutsuak ez direla uste izatea, urte asko daramatzagulako horiek egiten, eta arriskuaz dugun pertzepzioa murriztean, prebentzio-neurriak ere hainbeste aintzat ez hartzea.

Ehunka aldiz egin dugun eragiketa bat automatikoki egiten has gaitezke, lehen egiaztatzen genuena egiaztatzeari utziz, urratsen bat kontuan hartu gabe, “benetan ez delako behar” edo prebentzio-neurri bat beharrezkoa ez dela pentsatuz, “beti horrela egiten dugulako eta inoiz ezer gertatzen ez delako”. Baina, hain zuzen ere, gehiegizko konfiantza hori izatean ager daitezke istripuak.

Izan ere, arrisku batek ez dauka zertan gauzatu beharrik arriskua dagoen bakoitzean. Existitu daiteke, baina ez dauka zehaztu beharrik istripu bat gertatzeko beharrezkoak diren egoera jakin batzuk gertatu arte. Eta urteak igaro ahala, baldintza horiek inoiz batera gertatu ez badira, langileek segurtasun-sentsazio faltsua izan dezakete. “Inoiz gertatu ez bada, benetan gertatzen ez delako da, eta prebentzio-neurriak gehiegizkoak dira”.

Hala ere, esperientziak bestela pentsatzeko balio behar luke; hau da, hobeto prebenitzen jakiteko. Izan ere, esperientziadun pertsona izateak ez du esan nahi arrisku gehiago bere gain hartu behar dituenik. Aitzitik, arriskuak lehenago ezagutzen lagundu behar luke, lan-baldintzen aldaketak identifikatzen, anomaliak detektatzen, arazoei aurrea hartzen… Esperientziak prozedurak hobetzen eta esperientzia gutxiago dutenei jardunbide egokiak transmititzen lagundu behar du.

Hori dela-eta, ezagutzen dugun zeregin baten aurrean, lehen eguneko galdera berberak egiten jarraitu behar dugu: zer atera daiteke gaizki? Zerbait aldatu da? Baldintzak berberak dira? Babes-neurriak funtzionatzen ari dira?

Izan ere, arriskua ez da desagertzen duela hamar, hogei edo hogeita hamar urte lan horretan hasi ginelako. Esperientziak gauzak hobeto nola egin erakuts diezaguke. Bada, modu seguruagoan egiteko aprobetxa dezagun.

Buletinera harpidetu