Alkohola eta drogak

Segurmania
Alkohola eta drogak

Alkoholaren eta drogen eraginpean egoteak lan-istripu larriak eragin ditzake maiz, eta horregatik da hain beharrezkoa arrisku hori ebaluatzea eta prebenitzeko bideak lantzea.

Filosofoek eta politikan eta zuzenbidean adituek luze hitz egin dute honako gai honi buruz: Estatu modernoak joera du bere herritarrak babesteko, baita euren buruaz ere.

Tabakoaren iragarkietan eta salmentan mugak jartzea edo segurtasun-uhala nahitaez erabili behar izatea eraginkorra izan da heriotzen eta gaixotasun goiztiarren kopurua murrizteko. Baina neurri horiek ez lirateke beharrezkoak izango, baldin eta herritar guztiek euren burua zaintzeko ardura hartuko balute. Izan ere, nork du interes gehiago bere burua zaintzeko, norberak baino?

Antzeko zerbait gertatzen da arriskuen prebentzioaren arloan; hainbat neurri abiarazten dira, batzuetan ezartzeko esfortzu handia eginda, baina neurri horiek soilik neurriaren beraren eraginpeko langileak babesteko izaten dira.

Enpresa guztien arrisku-ebaluazioetan, eta bereziki arrisku handiagoak sor daitezkeen enpresetan (garraioa, eraikuntza, merkataritza-banaketa edo industria), arrisku guzti-guztiak baloratu behar dira, baita “aintzat ez hartzekotzat” jotzen direnak ere.

Alkoholaren eta drogen eraginpean egoteak lan-istripu larriak eragin ditzake maiz, eta horregatik da hain beharrezkoa arrisku hori ebaluatzea eta prebenitzeko bideak lantzea.

Eta, puntu honetan, baliteke baten batek zera esatea: “Bai, argi dago… baina gai horretan ez dago zer eginik”. Hori ez da egia. Edo, hobeto esanda, ez luke egia izan behar. Enpresa, langile eta gizarte garen heinean, ez dugu etsi behar; ezin dugu pentsatu ez dagoela “ezer” egiterik, ezin ditugula istripuak gertatu aurretik ekidin.

Gaiaren inguruko jurisprudentzia aztertuta, ikusten dugu gaur egun posible dela alkohol- eta droga-kontrolak jartzea lanpostu zehatz batzuetan, hain justuki, arrisku-ebaluazioak dioenean lanpostu horren langileek baldintza optimoetan egotea bermatu behar dela; hala egin ezean, langilea bera arrisku handian egongo litzateke, baita bere lankideak ere. Gaur egun, posible da enpresa baten barne diziplina-araubideak zigorrak ezartzea langileei kontrol hori egiteari uko egiteagatik edota horiekin iruzur egiteagatik.

Gaur egun, adibidez, juridikoki posible da biltegietako orga jasotzaileetan alkoholimetroak jartzea, gidariak putz egin eta emaitza ona eman ezean, orga martxan jartzea eragozten dutenak. Eta posible da langile bat zigortzea bere ordez beste langile bati putz eginarazten badio, hori eginez enpresaren prebentzio-arauak hautsi dituelako.

Baina, hori al da konponbide onena? Argi dago ezetz. Konponbide onena litzateke guztiok geure ekintzen ardura izatea, eta inor ez joatea lanera edan, erre edo edozein motako drogak kontsumitu ondoren. Egoera onena litzateke enpresen arrisku-ebaluazioek zera ezartzea, irmo: langile guztiak gaitasunak % 100ean dituztela bertaratu behar dira lanera, euren aisialdian egiten dutena egiten dutela ere.

Puntu honetan, gure iritzia eta epaitegiena apur bat aldentzen dira: aipatu kontrol-neurri horrek intimitate-eskubidea bezalako norbanakoen eskubideari eragin diezaioke, eta, beraz, epaileek diote negoziazio kolektibo bidez horren inguruan lortutako adostasunak ez duela prebentzio-sistemaren antolakuntzak berak baino indar gehiago langileak zerbaitera behartzeko.

Juridikoki hala izan arren, ez gaude erabat ados horrekin; izan ere, oso garrantzitsua izan daiteke langileen ordezkariak gai hauetan inplikatzea, ongi zehatz ditzaten eskubideen mugak: langile batek askaria egitean garagardo bat, hiru baso ardo eta koñak bat hartzeko eskubide indibiduala du, bai; baina bere lankideek ere eskubidea dute zapalduta ez hiltzeko, langile horrek arratsean, orga gidatzen ari dela, lurretik 4 metrora karga eramatean giro itxia egin duelako.

Luis Blanco Urgoiti, Secretario General de AVEQ-KIMIKA.

Buletinera harpidetu