Segurmania: gure helburua konbentzitzea da; izan ere, denok nahi dugu etxera itzuli

Segurmania
Segurmania: gure helburua konbentzitzea da; izan ere, denok nahi dugu etxera itzuli

Prebentzioaren kulturarekin motibatuta, engaiatuta eta konbentzituta dagoen jende-korrontea

Berriki gertatutako kasu bat: Londresko Olympic Park-aren eraikuntza, 2012ko Olinpiar Jokoetarako sortutako­ kirolgunea. 46.000 pertsonek baino gehiagok egin zuen lan kirolgunearen eraikuntzan­, 80 bat milioi orduz. Langile-kopurua izugarri handia eta makroproiektua oso konplexua izan arren, ez zen istripu hilgarririk gertatu, eta baja ­hartzea eragin zuten ehun bat istripu egon ziren gehienez ere

Zein izan zen sekretua? Lan-segurtasuna eta ­-osasuna lehentasun estrategikotzat hartu zirela, eta parte hartu zuten enpresa guztietan barneratua zeudela. Enpresek osasun- eta segurtasun-helburuak betetzeko benetako konpromisoa zutela sentitu zuten langile guztiek. Eta, gure ustez, horixe da gakoa: pertsona guztiak konbentzituta egotea.

Confebask, bere hiru erakunde sortzaileekin (Adegi, Cebek eta SEA) eta  Osalanen babesarekin batera, espazio eguneratu, erraz eta atsegina sortu du Euskadiko prebentzio-kulturaren inguruan. Espazio berri honek pertsonez osatutako korronte konprometitu eta gogotsua sortu nahi du, lan-segurtasuna eta -osasuna zaintzea eta babestea sustatuko duena.

Beste adibide bat

Prebentzio-kulturaren inguruko idazki guztiek honako esaldi honi egiten diote erreferentzia: Prebentzio-kultura erregosi-salda bezalakoa da: oinarrizko elementuak haragia eta barazkiak dira (arauak, ekipamendua, baliabideak), baina, salda minduta badago (lidergoa, ikusgarritasuna, konfiantza, babesa, integritatea), erregosia alferrik galduko da”. Alderaketa burutsu hau Steven Simon eta Patrick Frazeek argitaratu zuten 2005ean, “Building a Better Safety Vehicle: Leadership-Driven Culture Change at General Motors Safety Culture” izeneko artikuluan. Eta Segurmaniak bere egiten du.

Ez dugu nahi lan-arriskuen prebentzioa bete beharreko arau eta baldintzen bildumatzat hartzea, gutxi batzuei konbentzituko diena. Guztiz kontrakoa. Lan-arriskuen prebentzioa kontzeptu samurra, enpresetan aplikaerraza eta pertsonetan ardaztuta izatea nahi dugu.

Gaur egun, adituek ez dute lan-arriskuen prebentzioa erabilgarria den ala ez eztabaidatzen; zientziak frogatua du erabilgarria dela berau osatzen duten diziplina guztietan. Egungo eztabaidaren muina honako hau da: enpresa osatzen dugun pertsonei nola transmititu eta konbentzitu, modu eraginkorrean, lan-arriskuen prebentzioaren kulturak eta politikak duen garrantzia. Hemen, ibilbide luzea dugu egiteko.

Horregatik,  informazio laburra, eguneratua, erraza eta interesgarria erabiliz, Euskadiko enpresei eta pertsonei erakutsi nahi diegu ZERGATIK den hain garrantzitsua eurentzat lan-arriskuen prebentzioaren kultura.

Langile, aditu eta enpresaburuengana iristeko moduan kontatuko ditugu gauzak. Hori guztia tonu atsegin eta positiboan egingo dugu, balio-judiziorik egin gabe.

Arrisku zehatzei eta arrakasta izan duten kasuei buruz hitz egingo dugu, eta enpresan eta eguneroko bizitzan gure segurtasunari eragiten dieten ohiturak eta jarrerak pixkanaka aldatzeko aholkuak ere ikusiko ditugu, guztiok geureganatu ahal ditugunak. Ez dugu denborarik galdu nahi korapilatsuak, hotsandikoak edo globalegiak diren kontzeptuekin; norbanakoaren jokabidean eta jokabide kolektiboan egindako aldaketa txikiek eragiten dituzte aldaketa sakonak gure kulturan.

Zalantza guztiak argitu ostean, esfortzu bat besterik ez dugu egin behar prebentzioaren kultura lehentasuna izan dadin. Guztiontzat. Izan ere, guztiok nahi dugu etxera itzuli.

Buletinera harpidetu