Beroa + altuera = Arrisku bikoitza

Segurtasun-ikasgaiak
Beroa + altuera = Arrisku bikoitza

Altueran egin beharreko edozein lan arriskutsuagoa izaten da tenperatura altuak baldin badaude. Tenperatura altuak berez arrisku bat dira, baita kalean ere, baina, altuerako lanekin konbinatzen direnean, arriskua nabarmen handitzen da, eta edozein akatsek ondorio oso larriak izan ditzake. Beroak erortzeko arriskua areagotu dezake.

Altueran egin beharreko edozein lan arriskutsuagoa izaten da tenperatura altuak baldin badaude. Tenperatura altuak berez arrisku bat dira, baita kalean ere, baina, altuerako lanekin konbinatzen direnean, arriskua nabarmen handitzen da, eta edozein akatsek ondorio oso larriak izan ditzake. Beroak erortzeko arriskua areagotu dezake.

Estalki, teilatu, aldamio, dorre, plataforma jasotzaile edo zutoi baten gainean lan egiteak edo maila desberdinean erortzeko arriskua izan dezakeen beste edozein zeregin egiteak udako hilabeteetan prebentzioa egokitzea eta indartzea eskatzen du. Tenperatura altuek, gainera, beste arrisku bat gehitzen dute, langileen segurtasuna arriskuan jarri eta istripuak gertatzea erraztu baitezakete.

Eguzkitan dauden estalki, teilatu edo gainazal metalikoetan, beroak estres termikoa areagotzen du, eta arreta jartzeko eta erreakzionatzeko gaitasuna ere murriztu dezake, zorabioak, ahultasuna edo desorientazioa eragiteaz gain. Prebentzio-plangintza ingurumen-baldintzetara egokitu behar da, eta prebentzioa are gehiago indartu behar da. Arriskua handitzen bada, prebentzio-neurriak ere gehitu behar dira.

Estalkiak, batez ere metalikoak, “plantxa” efektuarengatik, tenperatura oso altuetara iritsi daitezke, hainbat orduz eguzkitan egon ondoren. Horri lan-mota horietan behar den berezko ahalegin fisikoa eta babesteko ekipamenduen erabilera gehitu behar zaizkio, horiek gorputzeko beroa barreiatzea zailtzen baitute. Ondorioz, egoera horietara egokitzen diren prebentzio-neurriak hartu behar dira, estres termikoa saihesten dutenak, segurtasun-maila jaitsi gabe.

Gainera, altuerako lanetan, arrisku handiena ez da beti beroa bera izaten, pertsonengan dituen eraginak baizik. Kontzentrazioa galtzearekin, erreflexuak gutxitzearekin edo nekea izatearekin gerta daiteke zerbaiten kontra gaizki kokatzea, irristada bat izatea, erorketen aurkako sistema bat konektatzean zerbait ahaztea edo erabaki azkar bat hartzea. Altuerako lanetan, akats txiki batek ondorio itzulezinak izan ditzake.

Hori dela-eta, plangintza funtsezkoa da. Estalkien gaineko edozein lan egiten hasi aurretik, beharrezkoa da lanaldi horretako baldintza meteorologikoak ebaluatzea eta lana segurtasunez egin daitekeen aztertzea. Ahal den guztietan, esku-hartze horiek eguneko lehen orduetan programatzea gomendatzen da, eguzki-erradiazio handieneko eta bero handiko tarteak saihestuz.

Era berean, ezinbestekoa da itzaletan edo espazio freskoetan tarteka etenaldiak egitea, organismoa suspertu dadin. Jakina, funtsezkoa da, baita ere, maiz hidratatzea, deshidratazioa eta horren sintomak prebenitzeko; hots, zorabioak, desorientazioa, ahultasuna, nahasmendua…, horiek oso arriskutsuak izan baitaitezke estalki edo teilatu baten gainean. Sintoma horiek agertzen badira, lana eten egin behar da, eta kaltetutako pertsonak arrisku-eremutik alde egin behar du modu seguruan.

Jakina, bero handia eginagatik ere, segurtasun-neurriak ez dira albo batera utzi behar. Beroa ez da inoiz aitzakia izango kaskoa ez jazteko, arnesa lasaitzeko edo oker erabiltzeko, erorketen kontrako sistematik deskonektatzeko, babesteko arropak kentzeko edo lan-prozedurak aldatzeko, lana erosoago eta azkarrago egitearren.

Aitzitik, baldintzak zorrotzagoak direnean, prebentzio-neurriak are eta zorrotzago bete behar dira; izan ere, altuerako lanetan babes kolektiboak, erorketen aurkako sistemak eta NBEak behar bezala erabiltzeak bizitzaren eta heriotzaren arteko aldea marka dezake.

Funtsezkoak diren bi arau erraz aplikatu behar ditugu: arriskua handitzen denean, babesa ere handitu egin behar da; lan-baldintzak aldatzen direnean, berriz, prebentzio-neurriak ere egokitu egin behar dira.

Konbinazio gutxi dira beroa eta altuerako lana bezain zorrotzak eta arriskutsuak. Faktoreak konbinatu egiten direnez, batera ebaluatu behar dira. Lanak behar bezala planifikatzea, maiz hidratatzea eta segurtasun-neurri guztiak betetzea, bat bera ere alde batera utzi gabe, lanaldia normaltasunez amaitzea erraztuko duten eta istripuak saihesten lagunduko duten erabakiak dira.

Buletinera harpidetu