Feedbacka, enpresa seguru baten oinarria

Segurtasun-ikasgaiak
Feedbacka, enpresa seguru baten oinarria

Batzuek pentsa dezakete enpresa baten lan-arriskuen politika langileekin bat ez datorren hotsandiko kontzeptua dela. Enpresak, legeak behartuta, aplikatzen duen arau-multzoa da, eta ezer gutxi egin dezakete langileek. Enpresariaren ikuspuntutik, beharbada egongo da oraindik norbait, lan-arriskuen politika ‘hala tokatzen delako egin behar den’ zerbait dela uste duenik. Baina, kasu bietan, oker daude hala pentsatzen dutenak.

Batzuk zein besteak, guztiontzako lan-ingurune seguruago, atseginago eta erosoago baten alde benetan inplikatu behar diren aktoreak dira.  Guztiontzat da onura, baina gizartean ere badu eraginik.

Gaur egun, prebentzioaren kultura deritzona aplikatzen dute konpainiek. Aditu guztien esanetan, “osasunaren, arriskuen, ezbeharren, gaixotasunen eta prebentziozko neurrien inguruan enpresan guztiek dituzten jarrera eta uste positiboen multzoa da. Segurtasunaren eta osasunaren sustapenaren aldeko maila guztietako konpromisoa da”.

Badago aurreko definizioan gailentzen den hitz bat: Guztiok. Izan ere, langileen eta arduradunen arteko feedbacka funtsezkoa da helburua lortzeko.  Batzuk zein besteak inplikatu behar dira eta inplikatzen jakin behar dute. Horretarako, prebentzio aktiboaren eguneroko kudeaketan erakunde osoa inplikatuko duten beharrezko baliabideak eta ekintzak ezarri behar dira. Eta hori guztia, konfiantzazko eta parte-hartze ingurune batean.

Langileak dira enpresen funtsezko balioa. Beharbada, baieztapen hutsa eta oso erabilia iruditu dakiguke, baldin eta benetako edukirik ematen ez bazaio. Eta hori konpromisoaren bitartez bakarrik lortzen da. Parte hartzeko bideak jartzea da lortzeko modurik onena. Erraza da. Langileek ikusten badute beren iritziak kontuan hartzen direla, haiek inplikatzea lortuko dugu, iradokizunak eginez, arazoen berri emanez edo azalduz, edo egoera zailez ohartaraziz, besteak beste.

Tresnak

Prebentzioaren kulturan, adiskidetasuna da beste puntu garrantzitsu bat. “Bestearekiko” elkartasuna sustatzeak laneko giro produktiboagoa eta, gainera, askoz seguruagoa sortzen laguntzen du. “Nire kezkak” entzuten eta kontuan hartzen dituen ingurune bat lan-leku egokia da, zalantzarik gabe.

Ez dago lanean era horretako segurtasun-sistema bat ezartzeko eredu bakarra, baina badaude kontuan har ditzakegun tresna batzuk. Besteak beste, barne-komunikazioko sistema on bat, norabide bikoitzekoa (langileak ez dira bakarrik aginduen betearazleak).

2.0, sare sozial eta mundu digitalaren aro honetan, ez dago iragarki-taulako betiko oharrak, zirkularrak edo informazio-batzarrak alde batera utzi beharrik, baina badaude beste bitarteko batzuk ere. Intraneta sortzea, bideo-konferentziak erabiltzea eta barne-aldizkari bat izatea ere informazio fidagarria zabaltzeko kanal egokiak dira.

 

Buletinera harpidetu