Positibismoa edo baikortasuna: prebentziorako faktorea

Segurtasun-ikasgaiak
Positibismoa edo baikortasuna: prebentziorako faktorea

Bartzelona futbol-taldeko entrenatzaile zela, Louis Van Gaalek honako esaldi hau bota zuen, etorkizunerako geratu zena: “Beti negatibo. Sekula ez positibo”

Garai hartan, taldearen porrotei aurre egiteko balio zuten bost hitz horiek, baina herriaren imajinarioan txertatuta geratu dira ezbehar orori aurre egiteko errezeta gisa. Era oso sinplean eta labur-labur azaltzen dute onura ukaezinak dituen pentsamendu-korronte oso bat eta pentsatzeko eta jarduteko modu bat.

Argi dago batzuetan ezinezkoa dela baikor izatea; hala ere, egia da lan-esparruan positibo izatea prebentzio-faktore bat ere badela. Baikorra izatea lanean zoriontsu izateko elementu garrantzitsua da, baina batzuek talentuarekin ere lotu dute baikortasuna. Logikak zera dio: pertsona bat bere buruarekin kontentu badago, lana modu eraginkorragoan egingo du, eta, hartaz, errendimendu gehiago izango du. Zergatik? Modu horretan pentsatzeak arrazonamendu ezkorrek sortutako estresa eta tentsioa alde batera uzten laguntzen duelako.

Baikortasuna estresa kudeatzeko elementu gakoa da. Baina ezkorra izateko joera baduzu, lasai egon: pentsamendu positiboa izaten ikas dezakezu. Mayo klinika prestigiodunak hori lortzeko ideia batzuk ematen dizkigu.

Ideia “toxikoak” gure buruan finka daitezke, eta beste batzuk erakarri; horiek, aldi berean, ideia berri baita gaiztoagoak ere sor ditzakete. Lan-eremuan, begizta horrek, goizago ala beranduago, kontzentrazio-falta, hanka-sartzeak, istripuak… eragin ditzake. Gainera, “giro txar” hori talde guztian kontagiatzeko arriskua dago. Horregatik, oso garrantzitsua da geure eta lankideen artean distantzia jartzea, euren ezkortasunak kalte egin diezagukeela uste badugu; era berean, ohar eraikitzaileen edo animoen bidez babesa eta laguntza eskaintzen duten lankideak bilatu behar ditugu.

Pentsamendu positiboa edo baikorra lan-giro perfektua lortzeko oinarrietako bat da. Ez ditugu poztasuna bezalako sentimenduak gutxietsi behar, ezta benetako irribarre baten aurrean harridura erakutsi ere. Horiek eta baikortasun eta “giro oneko” beste seinale batzuek lan-elkartasuneko sarea, talde-lana, produktibitatea eta talde-ongizatea indartzen dute.

Pentsamendu baikorra lantzeko hainbat estrategia daude. Adi egon behar gara ideia edo sentimendu ezkorrak agertzean, horiek arrazoitzeko, minimizatzeko eta beren kontraste positiboa bilatzeko. Akatsetan ainguratzea ere ez da lagungarria —azken finean, denok egiten ditugu akatsak, normala da—; horren ordez, akatsetatik ikas dezakegula pentsatu behar dugu beti. Biktimismoak ez du inoiz laguntzen, ezta aldatzeko beranduegi dela pentsatzeak ere.

Garrantzitsua da gogoan izatea ia arazo guztiek dutela konponbidea, eta, kasu askotan, konponbidea gugan dagoela. Geure buruan konfiantza izan behar dugu, zalantzak aldentzeko eta irtenbidea aurkitzeko. Zerbait konponduko dela behin eta berriro esateak ez du arazoa konponduko, baina hori egiteak konponbidea aurkitzeko aukerak handitzen ditu.

Ezkortasunetik aldentzeko bidean, hiru gako ditugu: norberaren eraginkortasuna, itxaropena eta baikortasuna. Erresilientzia ezbeharren aurrean indartsu izatea eta gatazkara edo porrotera egokitzeko gaitasuna da, eta hori ere elementu garrantzitsua dugu negatibotasuna alde batera uzteko. Horrek guztiak “work engagement” edo lan-konpromisoa handitzen du, eta lanean esfortzua, iraunkortasuna eta inspirazioa handitzen laguntzen dio taldeari.

Buletinera harpidetu