Zer egin dezakegu objektuek gu ez harrapatzeko edo objektuen artean harrapatuta ez geratzeko, harrapaketa haurren jolasa baino izan ez dadin
Segurtasun-ikasgaiak
Industria-sektoreetan, makinak, tresnak eta elementu mugikorrak egon ohi dira, eta objektuek gu harrapatzea edo objektuen artean harrapatuta geratzea arriskuetako bat da, eta horren ondorioak oso larriak izan daitezke. Horrela, prebentzioaren aldetik lan on bat egitea funtsezkoa da inor behar ez den lekuan “harrapatuta” gera ez dadin.
Industria-sektoreetan, makinak, tresnak eta elementu mugikorrak egon ohi dira, eta objektuek gu harrapatzea edo objektuen artean harrapatuta geratzea arriskuetako bat da, eta horren ondorioak oso larriak izan daitezke. Horrela, prebentzioaren aldetik lan on bat egitea funtsezkoa da inor behar ez den lekuan “harrapatuta” gera ez dadin.
Harrapaketa gertatzen da pertsona bat makina batek edo zati mugikor batek harrapatzen duenean edo objektuen eta materialen artean katigatuta edo estekatuta geratzen denean. Gorputz osoari edo gorputz-adarren bati (esku bat, beso bat, edo hanka bat) bakarrik eragin diezaioke, baina, nolanahi ere, larritasun-potentzial handiko istriputzat hartzen da; gainera, hilgarria izan daiteke.
Arrazoiak errepikatu egin ohi dira. Gaizki definitutako lan-prozedurak edo zuzenean okerrak direnak, zati mugikorrak dituzten makinak, babesik gabeak edo babesgarri akastunak dituztenak, existitzen ez diren edo eragiten zailak diren larrialdi-geldialdiak edo prestakuntza eskasa modu arriskutsuan konbinatzen diren faktoreetako batzuk dira. Horri batzuetan gutxiesten diren beste xehetasun batzuk gehitzen bazaizkio (arropa zabalegia janztea, mahuka ez oso estuak eta solteak edo ile luzea bildu gabe…), une batetik bestera katigatzea edo harrapatzea gerta daiteke.
Prebentzio-ikuspegia izateak istripuak gertatu aurretik saihesten laguntzen du. Harrapaketa geldiarazi nahi badugu, aurrean izan behar dugun lehen hesia lanaren antolaketa egokia da. Makinekin egin beharreko lan guztietarako, prozedura argiak, ezagunak eta langileek aplikatutakoak jarraitu behar dira. Gauza ez da soilik “makina erabiltzen jakitea”, aurreikusitako moduan eta modu seguruan egiten jakitea baizik.
Gainera, makinak dauden lan-eremuetan argiztapen egokia izan behar da. Lan-eremuetan argiztapen ona izatea funtsezkoa da mugimenduak, puntu arriskutsuak eta segurtasun-tarteak argi ikusteko.
Bestalde, makinek babes egokiak izan behar dituzte organo mugikor guztietan, harrapaketa gerta daitekeen eremuetarako sarbidea eragozteko moduan. Babes-sistema horiek, larrialdiko geldialdietarako gailuek bezala, operatiboak eta irisgarriak izan behar dute beti. Horiek baliogabetzea edo kentzea inoiz ez da aukera segurua, “denbora aurrezten” bada ere.
Laneko arropa ere garrantzitsua da. Estua eta lanerako modukoa izan behar du, lotuta gera daitezkeen elementurik gabe. Kargak manipulatzeko eragiketetan, neurri erraza eta eraginkorra da ondo heltzeko eta irristatzeak saihesteko eskularruak erabiltzea. Gainera, ahal den guztietan, laguntza mekanikoak erabili behar dira edo egitekoa hainbat pertsonaren artean egin, batez ere kargak astunak edo handiak badira.
Konpontzeko eta mantentzeko lanetan, araua argia da: makinak geldirik egon behar du. Eta makina mugikorrekin edo garraio-makinekin lan egin behar bada, abiadura errespetatu behar da, segurtasun-gerrikoa erabili eta abisua emateko sistema akustikoak eta argitsuak egoera onean mantendu. Azkenik, kargak garraiatzeko erabiltzen diren makinetan, ez da baimendutako edukiera gainditu behar.
Ikusten duzun moduan, harrapaketak prebenitzeko ez da neurri bakarra bete behar, baizik eta hainbat prebentzio-neurri hartu behar dira kontuan; hala nola, makina seguruak eta ondo mantendutakoak izatea, prozedura zuzenak eta argiak ezartzea eta pertsonak ondo prestatuta eta informatuta egotea. Izan ere, “harrapaketa” onargarri bakarra ikastetxeko patioan geratzen dena da eta ez lan-inguruneetan gerta daitekeena.