Enpresa batean ongizate-maila zenbat eta handiagoa izan, orduan eta segurtasun-maila handiagoa

Segurtasun-ikasgaiak
Enpresa batean ongizate-maila zenbat eta handiagoa izan, orduan eta segurtasun-maila handiagoa

Saga Prebentzio-kulturaren 10 ezaugarri: Lan-baldintzak Prebentziozko kulturaren funtsezko beste ezaugarrietako bat lan-baldintzak dira. Prebentzio-kultura lan-baldintzek zuzenean baldintzatzen dute, lan-baldintza egokirik gabe enpresa bateko prebentzio-kulturak ezingo baititu inoiz gutxienez eskatutako mailak lortu.

Prebentziozko kulturaren funtsezko beste ezaugarrietako bat lan-baldintzak dira. Prebentzio-kultura lan-baldintzek zuzenean baldintzatzen dute, lan-baldintza egokirik gabe enpresa bateko prebentzio-kulturak ezingo baititu inoiz gutxienez eskatutako mailak lortu.

Enpresa batek langileen segurtasun-, osasun- eta ongizate-baldintzak hobetzeko zenbat eta erantzukizun handiagoa izan, eskatutako legezko estandarren gainetik gaindituz, orduan eta konpromiso handiagoa izango du prebentzio-kulturarekin, enpresak segurtasun-egoera hobea izatearekin batera.

Prebentzio-kultura on batek behar duen ikuspegi integralaren barruan, gogoan izan behar dugu lan-baldintzez ari garenean, ikuspegi horretan baldintza fisikoak ez ezik, baldintza psikosozialak ere sartzen direla.

Hori dela-eta, ezinbestekoa da, komunikazio proaktiboari eta eraginkorrari, parte-hartzeari eta/edo lidergoari esker, enpresa batek langile guztientzat lan egiteko ingurune egokia lortzea; izan ere, era horretan, abiapuntu on bat izango du ongizate-maila eta baldintza psikosozialak hobetzeko, eta horrek portaera seguruak ere erraztuko ditu.

Lan-baldintzek enpresa baten segurtasun-giroan eragina dute. Egindako ikerketen arabera, langileek zenbat eta euskarri sozial handiagoa jaso lan-ingurunean, orduan eta seguruagoak dira haien portaerak eta orduan eta handiagoa araua eta prozeduren betetze-maila. Beraz, kasu horietan, istripuak izateko aukera gutxiago dago.

Aldiz, lanean zenbat eta okerragoak izan laneko baldintza fisikoak eta psikosozialak, orduan eta txikiagoa izango da langileek prebentzioa hobetzeko duten inplikazio-maila eta orduan eta handiagoa kalte pertsonalak jasateko aukera.

Enpresa bat bere langileei babes psikosozial on bat emateko gai bada, joera txikiagoa izango dute jokabide arriskutsuak izateko, eta, beraz, portaera seguruagoak izango dituzte. Ondorioz, enpresa batek bere lan-baldintzak hobetzen eta langileen ongizatea sustatzen badu, horrek ondorio positiboak izango ditu enpresaren prebentzio-kulturan.

Hori dela-eta, beharrezkoa da segurtasuneko baldintza fisikoak nahiz antolaketa-baldintzak etengabe hobetzeko ekimen teknikoak garatzea. Prebentzioa plangintzaren eta diseinuaren hasierako etapetan txertatzen bada, arriskuak ezabatu eta murriztu daitezke.

Ekimen teknikoago horiek erakundea osatzen duten pertsona guztien parte-hartzearekin eta konfiantzarekin egin behar dira beti, lan-baldintzak hobetzera bideratutako ekimenek euskarri hori ez badute, nekez izango baitira eraginkorrak edota baliagarriak.

Buletinera harpidetu