Ba al zenekien protokolo bat dagoela gaixotasun profesionalaren susmoa jakinarazteko?

Ba al zenekien
Ba al zenekien protokolo bat dagoela gaixotasun profesionalaren susmoa jakinarazteko?

Lanarekin zerikusia duten gaixotasun asko ez dira egun batetik bestera agertzen. Pixkanaka aurrera egiten dute, kronifikatu egiten dira, eta, askotan, gaitz “arrunt” gisa etiketatzen dira. Hori gerta ez dadin, gaixotasun profesionalaren susmoa jakinarazteko protokolo espezifiko bat dago, administrazio publikoek sustatzen dute eta Gizarte Segurantzaren sistemaren bidez kudeatzen da. Funtsezko tresna da langileen osasuna babesteko eta prebentzioa hobetzeko.

Lanarekin zerikusia duten gaixotasun asko ez dira egun batetik bestera agertzen. Pixkanaka aurrera egiten dute, kronifikatu egiten dira, eta, askotan, gaitz “arrunt” gisa etiketatzen dira. Hori gerta ez dadin, gaixotasun profesionalaren susmoa jakinarazteko protokolo espezifiko bat dago, administrazio publikoek sustatzen dute eta Gizarte Segurantzaren sistemaren bidez kudeatzen da. Funtsezko tresna da langileen osasuna babesteko eta prebentzioa hobetzeko.

Laneko gaixotasunak pixkanaka garatzen dira, eragile fisiko, kimiko, biologiko edo baldintza ergonomiko eta antolaketa-baldintza jakin batzuekiko etengabeko esposizioaren ondorioz. Isilekoak direnez, goiz detektatzea funtsezkoa da.

Lanbide-gaixotasunaren susmoa jakinaraztearekin, argitara atera daitezke laneko jatorria ofizialki aitortu ez zaien patologiak, eta, beraz, kontingentzia arrunt moduan tratatzen ari direnak. Mekanismo arautu horren helburua argia da: gaixotasun horien jatorri profesionala identifikatzea, ikertzea, eta, hala behar izanez gero, aitortzea.

Susmoa izango da osasun-profesional batek uste badu patologia batek zerikusia izan dezakeela langileak egiten duen lanarekin, nahiz eta oraindik lanbide-gaixotasun gisa aitortutako behin betiko diagnostikorik ez izan.

Gure Autonomia Erkidegoan, susmoa Osakidetzako fakultatiboek jakinarazi behar dute, lehen arretakoek nahiz arreta espezializatutakoek, eta ohikoena da lehen mailako arretako langileek izapidetzea.

Bestalde, prebentzio-zerbitzuetako medikuek ere, osasuna zaintzeko esparruan, susmo horiek jakinarazi beharko dituzte, gaixotasun profesionalaren zantzuak ikusiz gero.

 

Nola funtzionatzen du prozedurak Euskadin?

Zirkuitua argi eta garbi definituta dago, eta oso erraza da. Osakidetzako medikuak diagnostikoa bere programan sartzean, langilearen lanarekin loturiko gaixotasun profesionalen zerrendako batekin bat egiten badu, sistemak automatikoki detektatzen du gaixotasun profesionala izan daitekeena.

Programak, orduan, datu batzuk eskatzen ditu, medikuak bete beharrekoak, eta horiek Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Ikuskaritza Medikoari helarazten zaizkio automatikoki web bidez, kudea ditzan, eta, aldi berean, hark Osalaneko Lan Osasuneko Unitatera bidaltzen ditu. Prebentzio-zerbitzuen kasuan, jakinarazpena zuzenean bidaltzen da Unitate horretara.

Osalanek patologia 1299/2006 Errege Dekretuan ezarritako irizpideekin bat datorren aztertzen du, aurretik izapiderik ez izatea egiaztatzen du, eta enpresari, prebentzio-zerbitzuaren bidez, lanpostuari, egindako lanei eta arriskuen ebaluazioari buruzko informazioa eskatzen dio. Datu horiek eskuartean izanda, ikerketa burutzen da.

 

Zergatik da hain garrantzitsua prozedura hori?

Beharrezkoa, erabilgarria eta langileen eskubidea delako. Izan ere, era horretan gaixotasunaren lan-jatorria ez da inor ohartu gabe gertatzen, eta prebentzio-neurriak har daitezke kaltetutako pertsonaren eta lanpostu berean arrisku bera izan dezaketen beste langile batzuen osasuna bermatzeko.

Gainera, aukera ematen du prestazioak hobetzeko eta mutualitateak tratamendua bere gain hartzea bermatzeko horrela dagokionean, osasun-sistema publikoarentzat sortzen diren gastuak murriztuz. Halaber, lanak osasunean duen eraginari buruzko datu errealistagoak ematen dira, eta, batez ere, prebentzioa areagotzen da administrazioei aukera ematen zaielako sektoreak, jarduerak eta sortzen diren arriskuak identifikatzeko eta, modu horretan, gehien behar diren lekuetan prebentzio-neurriak handitzeko eta hobetzeko, beste pertsona batzuk arrazoi berberengatik gaixotzea eragotziz.

Gaixotasunaren lan-jatorria ikusaraztea da hori prebenitzeko lehen urratsa, eta protokolo hori funtsezkoa da hori lortzeko. Helburu kolektiboak argia izan behar du: lehenago detektatzea, hobeto babestea eta kasu berriak prebenitzea.

 

Buletinera harpidetu