Deshidratazioa ez da beti nabaritzen… batzuetan egarria berandu iristen da

Bizitza seguruak
Deshidratazioa ez da beti nabaritzen… batzuetan egarria berandu iristen da

Deshidratazio arina batzuetan oharkabean gertatzen den arriskua da. Hala ere, organismoaren funtzionamendu normalean eragina izan eta osasun-arazoak sor ditzake. Udan, kontu handiz ibili behar dugu deshidrataziorik ez izateko, batzuetan egarri izatearen sentsazioa berandu iristen baita. Izan ere, egarria agertu baino lehen, gure organismoa ura galtzen hasi da jada.

Deshidratazio arina batzuetan oharkabean gertatzen den arriskua da. Hala ere, organismoaren funtzionamendu normalean eragina izan eta osasun-arazoak sor ditzake. Udan, kontu handiz ibili behar dugu deshidrataziorik ez izateko, batzuetan egarri izatearen sentsazioa berandu iristen baita. Izan ere, egarria agertu baino lehen, gure organismoa ura galtzen hasi da jada.

Gure gorputzak ura etengabe galtzen du arnasaren, izerdiaren eta gernuaren bidez. Udan, tenperatura altuek prozesu hori azkartzen dute, batez ere aire zabalean jarduerak egitean, kirola egitean edo eguzkitan denbora luzez egotean. Galera hori behar bezala konpentsatzen ez bada, hainbat sintoma ager daitezke; hala nola, nekea, buruko mina, zorabioak, kontzentratzeko zailtasuna edo ahultasun-sentsazioa.

Deshidratazioa muturreko egoerekin edo bero-kolpeekin lotu ohi da, baina, askotan, pertsona bat hainbeste kaltetu baino askoz lehenago hasten da. Hain zuzen ere, isilean hasten da, eta oharkabean igaro daitezkeen sintomekin.

Deshidratazioa izatera eraman gaitzakeen arazo nagusietako bat da egarria ez dela beti adierazle ona. Edateko beharra sentitzen dugunean, organismoa jada hasi da deshidratatzen. Hori dela-eta, beharrezkoa da egunean zehar hidratazio erregularra izatea, egarri-sentsaziorik ez izan arren.

Pertsona batzuk bereziki kalteberak dira arrisku horren aurrean. Adinekoek gutxiago antzeman ohi dute egarria, eta errazago deshidratatu daitezke. Haurrek ere arreta berezia behar dute, ura azkarrago galtzeaz gain, askotan ez baitute edateko beharra identifikatzen. Era berean, ariketa fisikoa egiten dutenek, lan egiten dutenek edo aire zabalean denbora asko ematen dutenek gehiago hidratatu behar dute beroa egiten duen hilabeteetan.

Udako hilabeteetan deshidratazioa nola prebenitu jakitea da gure osasuna babesteko eta udaz segurtasunez gozatzeko modu onenetako bat. Prebentzioa oso erraza da, eta, gehienetan, oso eraginkorra.

Ura maiz edan behar da, egarria ez izan arren. Haurren eta adinekoen kasuan, ura edaten dutela ziurtatu behar da, askotan eskainiz eta edaten dutela egiaztatuz. Behin baino gehiagotan baztertzen badute, saiatu egin behar da, harik eta kantitate egokia hartzen amaitzen duten arte.

Garai honetan, halaber, komeni da uretan aberatsak diren fruta eta barazki gehiago kontsumitzea. Ur asko duten fruta eta barazkiek, tartean, angurriak, pepinoak eta meloiak, ondo hidratatuta egoten laguntzen dute.

Horrez gain, garrantzitsua da egunaren erdiko orduetan eguzkitan denbora luzez ez egotea; hots, oro har, 11:00etatik 17:00etara. Ordu horietan, erradiazio ultramorea gogorragoa da, eta tenperatura altuagoa izan ohi da.

Deshidratatzeko arriskua murrizteko oinarrizko beste neurri batzuk hauek dira: leku freskoak edo itzalak bilatzea, arropa arina eta transpiragarria erabiltzea, eta, jarduera fisiko biziak eginez gero, etenaldiak egitea.

Zorabioak, karranpak, neke handia, nahasmendua edo ezohiko ahultasun-sentsazioa agertzen badira, garrantzitsua da jarduera bertan behera uztea, leku fresko batera mugitzea, pixkanaka hidratatzea eta, sintomek bere horretan jarraitzen edo okerrera egiten badute, osasun-arreta eskatzea.

Beroa udaren parte den arren, deshidratazioak ez du zertan presente egon behar. Hidratazioak gure udako errutinaren parte izan behar du. Egarriari aurre hartzea keinu txiki bat da, eta gure osasuna zaintzen eta udaz segurtasun handiagoz gozatzen laguntzen du.

Buletinera harpidetu