Ba al zenekien gure gorputzak babesteko babak sortzen dituela?

Ba al zenekien
Ba al zenekien gure gorputzak babesteko babak sortzen dituela?

Agian, batzuek ez dakite gure gorputzean babak agertzen direla, hain zuzen ere, gu babesteko.

Denok dakigu zer den baba bat. Nork ez du inoiz holakorik eduki? Adibidez, zurrunegiak diren zapata batzuk estreinatzerakoan, edo eguzkiak eragindako erredura batengatik, larruazalera erori zaigun bero dagoen likido edo materialaren batengatik, edo gorputzaren atalaren batean igurtzi edo marruskaduraren bat eragin duen ibilaldi luze edo ekintza batengatik. Agian, batzuek ez dakite gure gorputzean babak agertzen direla, hain zuzen ere, gu babesteko.

Izan ere, aurretik aipatutako kasu guztietan gure larruazalak lesioren bat jasan du eta orduan, gure organismoak bere babes sistema abian jartzen du eta likidoz beteriko nolabaiteko burbuila bat sortzen du, gogaikarria, eta batzuetan, baita mingarria ere. Baina horrek mindutako larruazala isolatzen du, birsortu ahal izateko, eta aldi berean, eragin litezkeen infekzioez babesten du. Nola egiten du? Mantenugaiak dituen likido linfatikoari edo linfari esker, larruazal osasuntsuko geruza berri bat sortzen dutenak, eta linfozito ugari dituzten globulu zuriei esker, bakteriei eta eragile arrotzei aurre egiten dietenak.

Zer egin behar dababa bat ateratzen zaigunean. Hoberena bere kontura jarduten uztea da, larruazala guztiz osatzen denean, baba bera bakarrik desagertuko delako. Horregatik, ez da lehertzen saiatu behar, ez baikenioke birsortze prozesuari egoki osatzen utziko eta infektatzeko arriskua egongo litzatekeelako.

Nolanahi ere, egin dezakeguna infekzioak saihesten laguntzea da, zonaldea garbi mantendu eta antiseptikoren batekin desinfektatuz eta/edo kaltetutako zonaldea apositu edo hesgailuren batekin babestuz. Gainontzekoari dagokionez, utzi denborari berea egiten, gure gorputzak bere “magiarekin” jardun ahal izateko.

 

Buletinera harpidetu