Ba al zenekien lan-istripu bat trafikoko lan-istriputzat (TLI) jotzeko hiru baldintza daudela?
Ba al zenekien
Trafikoko lan-istripuez (TLI) hitz egitean, ohikoa da laneko joan-etorrietako ibilgailuen talkak bakarrik bururatzea. Baina, istripu bat ofizialki trafikoko lan-istriputzat jotzeko, hiru baldintza oso zehatz bete behar dira. Baldintza horiek ezagutzea funtsezkoa da TLI baten aurrean noiz gauden ulertzeko, kalifikazio horrek inplikazio garrantzitsuak baititu prebentzioaren, asistentziaren eta legearen aldetik. Ba al dakizu zeintzuk diren? Hemen azalduko dizkizugu.
Trafikoko lan-istripuez (TLI) hitz egitean, ohikoa da laneko joan-etorrietako ibilgailuen talkak bakarrik bururatzea. Baina, istripu bat ofizialki trafikoko lan-istriputzat jotzeko, hiru baldintza oso zehatz bete behar dira. Baldintza horiek ezagutzea funtsezkoa da TLI baten aurrean noiz gauden ulertzeko, kalifikazio horrek inplikazio garrantzitsuak baititu prebentzioaren, asistentziaren eta legearen aldetik. Ba al dakizu zeintzuk diren? Hemen azalduko dizkizugu.
Lehenik eta behin, istripua izan duen langileak trafiko-istripua izan duela ulertuko da baldin eta istripua trafikoari eta bide-segurtasunari buruzko legeriarekin loturiko bide edo lurretan gertatu bada (edo jatorria hor izan badu). Horren barruan sartzen dira herri barruko eta hiriarteko bide publikoak (errepideak, kaleak, zeharbideak edo bizikletentzako erreiak) nahiz erabilera komuneko beste espazio batzuk (adibidez, nekazaritza-bideak edo baso-pistak). Baldintza horretan sartzen dira, halaber, pertsonen multzo zehaztugabe batek erabiltzen dituen lursail pribatuak; hala nola, merkataritza-guneetako aparkalekuak edo herritarrentzat irekitako establezimenduak, doakoak zein ordainpekoak.
Ezinbesteko bigarren baldintza da tartean mugimenduan dagoen ibilgailu bat izatea gutxienez. Ez dira soilik ibilgailu motordunak, baizik eta baita ere bizikletak, ziklomotorrak eta nekazaritzako, industriako edo obretako ibilgailu jakin batzuk, betiere aurrean deskribaturiko bideetan barrena zirkulatzen badute. Era berean, tranbiak, trenak edo erraileko beste ibilgailu batzuk tartean dituzten istripuak ere sartzen dira, betiere zirkulazio orokorrerako egokiak diren lurretan zirkulatzen badute, trenbide-pasagune batean edo tranbiak galtzada beste ibilgailu batzuekin partekatzen duenean gertatzen den bezala.
Hori bai, mugitzen den guztia ez da ibilgailutzat hartzen ondorio horietarako. Baldintza horretan ez dira sartzen haurrentzako autoak (motorrik gabeak edo motordunak), eskorgak, motorrik gabeko ibilgailu txikiak, patinak edo oinez gidatutako zikloak bezalako elementuak. Kasu horietan, erabiltzaileak oinezkotzat hartzen dira.
Hirugarren baldintza istripua izan duen langilearen egoeretan oinarritzen da. Istripuan inplikatutako ibilgailu bat gidatzen zuen edo ibilgailu horretan bidaiari gisa zihoan pertsona izan daiteke, talka egiteagatik, bidetik irteteagatik, iraultzeagatik edo trafikoko beste inguruabar batengatik istripua gertatuta. Baina langileak oinezko gisa (harrapatzeagatik edo zirkulazioaren ondoriozko beste edozein gertakarirengatik) kalteak jasaten dituenean ere, modu horretan hartzen da.
Aldiz, ez dira trafiko-istriputzat hartuko erabiltzaile-talde zehatz batek zirkulazio mugatuko espazioetan izandakoak; adibidez, herritarrentzat ireki gabeko aparkaleku pribatuetan edo sarbidea mugatua duten obra-eremuetan. Ez dira kategoria horretan sartzen, ezta ere, bide esklusiboetatik (trenak, metroak edo funikularrak) zirkulatzen duten garraioetan gertatzen diren istripuak, adierazitako salbuespenak salbu, ez eta ontziei, aireontziei edo nekazaritzako eta industriako makinei eragiten dietenak ere, kontuan hartutako bideetatik kanpo aurkitzen badira.
Hiru baldintza horiek behar bezala identifikatzeak istripuak behar bezala sailkatzeko, erregistroak hobetzeko eta, batez ere, prebentzioa indartzeko aukera ematen du. Izan ere, trafikoko lan-istripuak nola eta non gertatzen diren ulertzea horiek saihesteko lehen urratsa da.