Bazenekien ikastetxeek larrialdi baten aurrean beren protokoloa dutela eta ez duzula haurren bila joan beharrik?
Ba al zenekien
Euskadiko ikastetxe guztiek beren segurtasun-protokoloa dute larrialdien aurrean. Jarduera Plan bat dute, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak onartu duena, eta edozein larrialdiren aurreko egoerei erantzuten die.
Hori dela-eta, larrialdia gertatuz gero, ez da ikastetxera joan behar haurren bila, ikastetxeko arduradunak prestatuta baitaude ikasleen ongizatea bermatzen duten jarduera-jarraibide batzuk jarraitzeko.
Jarduera Plan hori ikasturte bakoitzaren hasieran eguneratzen eta onartzen da, arrisku- eta larrialdi-egoera bakoitzari erantzuna ematearren. Era horretan, gerta daitezkeen arrisku-egoerak identifikatzeaz gain, horietako bakoitzaren arabera jarduteko prozedurak ezartzen dira.
Ikastetxeetan gerta daitezkeen larrialdi-egoerak ezagutzeak arrisku potentzialak identifikatzen eta larrialdi bakoitzerako beharrezko prebentzio-neurriak hartzen laguntzen du. Honako larrialdi-egoera nagusi hauek aurreikusi ohi dira: suteak, arrisku sismikoak, larrialdi kimikoak, bonba-mehatxuak, basoko suteak…
Halaber, organigrama urtero eguneratu eta onartu behar da; bertan, ikastetxeko irakasle eta irakasle ez diren langile guztiak identifikatzen dira eta bakoitzari funtzioak ematen zaizkio. Horrez gain, Eskolako Autobabeserako Batzorde bat izendatzen da, larrialdi bakoitzean prozedurak burutuko dituzten larrialdi-taldeak ezartzen dira.
Esate baterako, osatzen den taldeetako bat da Alarma eta Ebakuazio Taldea; hain zuzen ere, izendatutako sektoreko pertsonen ebakuazio ordenatua zuzentzeaz eta kontrolatzeaz arduratuko da.