Gimnasiora segurtasunez itzultzea

Bizitza seguruak
Gimnasiora segurtasunez itzultzea

Urte berria iristean, pertsona askok berriro gimnasiora joateko ohiturari heltzea pentsatzen dute, aurreko urtea igarotzen zihoan heinean, ohitura hori uzten joan zirelako. Baina hainbat hilabetez geldi egon ondoren, zenbait faktore kontuan izan behar dira, gimnasiora segurtasunez itzul gaitezen. Faktore horiek zeintzuk diren azalduko dizugu.

Urte berria iristean, pertsona askok berriro gimnasiora joateko ohiturari heltzea pentsatzen dute, aurreko urtea igarotzen zihoan heinean, ohitura hori uzten joan zirelako. Baina hainbat hilabetez geldi egon ondoren, zenbait faktore kontuan izan behar dira, gimnasiora segurtasunez itzul gaitezen. Faktore horiek zeintzuk diren azalduko dizugu.

Gabonen, jaien, deskonexio-aldiaren eta janariekiko gehiegikerien ondoren, ohitura osasungarriei berriro heldu eta gimnasiora itzultzeko unea da. Jarduera fisikoa egiten berriro hasteko, buruarekin pentsatu behar da. Gorputzak entrenamenduen errutinara ohitu behar du berriro. Beraz, hainbat aholku emango dizkizugu, entrenamenduetara ahalik eta seguruen itzultzen laguntzeko.

Pixkanaka itzuli behar da, gutxika. Gure gorputza errespetatu eta gabezia fisikoak kontuan hartu behar ditugu, aldi batean landu gabe egon gara-eta. Ezin zara lehen egunean iritsi eta normalean egin ohi zenuen ariketa-errutina bera egiten hasi. Ez duzu zure gorputza mugaraino eraman behar, baizik eta zure muskulu eta artikulazioak esfortzura ohitzen joan behar duzu apurka-apurka, lesio-arriskurik izan ez dezazun.

Entrenamenduak planifikatzea garrantzitsua da, muskuluak pixkanaka berriro lantzen hasiaz. Hasteko, era guztietako ariketak egin behar dituzu lasai-lasai: kardiobaskularrak, malgutasunekoak eta erresistentziakoak, eta, horrela, gorputzeko atal ezberdinak sartzen joango zara. Komeni da hanketako ariketekin hastea, pixkanaka goiko aldera igotzeko.

Ezinbestekoa da aldez  aurretik beroketak egitea. Berotzeko ariketek inguruan zirkulazioa aktibatzen, artikulazioak lubrifikatzen eta mugikortasuna eta errendimendu-maila handitzen laguntzen dute. Berotzearen intentsitatea ere neurtu behar da; hasteko modu egokia da ibilaldi arin bat egitea.

Halaber, amaitzeko, komeni da luzaketa leunak egitea, muskuluak erlaxatzen eta tentsioa gutxitzen laguntzen baitute, berreskuratzea azkartuz. Luzatzeak edozein mikrolesio txiki larriago bihurtzeko arriskua murrizten du.

Arrazoizko helburuak eta helburu errealak planteatu behar dituzu, bete ditzakezunak, zeure buruari ez huts egiteko eta kirola ez abandonatzeko. Motibazioa funtsezkoa da. Komeni da lehen egunetik asmorik ez hartzea egunero gimnasiora joateko, nahiko normala da-eta gorputzak erritmo horri ez eustea.

Hobe da erregulartasunari eutsi nahi izatea intentsitate handia lortzea baino. Ondo hasteko, astean hiru egunetan entrenatzen has gaitezke, ondoren gehitzen joan ahal izateko. Atseden hartzeko egunak jarri behar dira eta errespetatu, gorputza ariketa fisikoa segurtasunez onartzen joan dadin.

Denbora asko igaro ondoren entrenatzen berriz hastea hasiera berri bat bezala plantea dezakezu, lehen egiten zenituen akatsak zuzentzeko eta mugimenduak modu egokian egiteko aukera bezala. Era horretan, postura aldetik zenituen bizio txarrak baztertu ahal izango dituzu.

Jakina, elikadura osasungarria eta hidratazio ona funtsezko bi zutabe dira, eta horiek lagun izan behar dituzu gimnasiora itzultzeko. Gabonetan gehiegi jan ondoren, berriro zaindu behar da elikadura eta dieta osasungarri bat egiten hasi, arrain, barazki eta frutekin.

Ur asko edan behar da gorputza berriro garbitzeko eta behar bezala osasuntsu mantentzeko, edari alkoholdunak eta freskagarriak alde batera utzita.

Aholku horiek martxan jartzen badituzu, gimnasiorako itzulera oso onuragarria izango da zure osasunarentzat eta oso atsegina ere bai. Hasi lasai eta seguru, eta berehala egongo zara dena ematen eguneroko entrenamenduetan.

Buletinera harpidetu