“Laneko arriskuen prebentzioan ez dago balio duen atsedenaldirik”. Lourdes Iscar, Osalaneko zuzendari nagusia

Enpresa seguruak
“Laneko arriskuen prebentzioan ez dago balio duen atsedenaldirik”. Lourdes Iscar, Osalaneko zuzendari nagusia

Lourdes Iscar, Osalaneko zuzendari nagusia da, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundekoa, eta atsegin handiz hitz egin du gurekin azken 30 urteetan laneko segurtasunak eta prebentzioak izan duten bilakaeraren inguruan, Osalanek denboraldi hori baitarama martxan. Erantzunak jaso ondoren, hobeto jakin dezakegu Laneko Arriskuen Prebentzioaren egungo egoera zein den eta aurrean zer-nolako erronka berriak dituen.

Lourdes Iscar, Osalaneko zuzendari nagusia da, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundekoa, eta atsegin handiz hitz egin du gurekin azken 30 urteetan laneko segurtasunak eta prebentzioak izan duten bilakaeraren inguruan, Osalanek denboraldi hori baitarama martxan. Erantzunak jaso ondoren, hobeto jakin dezakegu Laneko Arriskuen Prebentzioaren egungo egoera zein den eta aurrean zer-nolako erronka berriak dituen.

 

  • Osalanek 30 urte bete ditu. Nola garatu dira 30 urte hauek? Nola baloratuko zenituzke?

Ezbairik gabe, modu positiboan. Azken 30 urte hauetan, Osalanek agenteei lagundu die lanarekin loturiko arriskuak murrizten eta lan-osasuna hobetzen, eta, pertsona askoren lanari, ahaleginari eta dedikazioari esker, erreferentziazko erakundea izatera iritsi da arlo honetan.

Ideia hori argitze aldera, esango dizut jarduera garatzeko, Osalanek sortu zenean 6 milioi euro inguru izatetik, aurten 17,5 milioi euro baino gehiagoko aurrekontua izatera igaro dela, eta, batez ere, prestakuntzan, aholkularitzan, ikerketan eta laneko arriskuen prebentzioan erabiltzen direla.

 

  • ¿Zer-nolako aldaketa nagusiak gertatu dira azken urte hauetan lan-munduan? Eta nola egin behar izan die aurre Laneko Arriskuen Prebentzioak (LAP)?

Zalantzarik gabe, aldaketa zorabiagarriak gertatzen ari dira honako hauek bezalako hainbat arlotan: nanoteknologiak, eremu elektromagnetikoekiko esposizioarekin lotutako arriskuak, industria-sisteman robotizazioaren inpaktua, arrisku psikosozialak, agente biologikoekiko esposizioa, material adimendunak, ingurune birtualetako arriskuen prebentziorako eszenatokien diseinua eta garapena…

Argi dagoena da laneko arriskuen prebentzioan ez dagoela balio duen atsedenik. Lan egiteko modu berriak eta horiei lotutako arriskuak ikertzea da, hain zuzen ere, lan-segurtasuneko eta lan-osasuneko institutuei dagokien funtsezko lanetako bat. Eta Osalanen, horrela egiten dugu, enpresekin, prebentzio-zerbitzuekin, enpresaburuen elkarteekin eta sindikatuekin etengabeko lankidetzan, honako gai hauek jorratuz: material berriekin lotutako gaixotasun profesional berriak, zahartzea, telelana, jazarpena, plataforma berriak eta arrisku psikosozialak, egoera horiek prebentzio-arloan lana, lana eta lan gehiago eskatzen baitute.

 

  • ¿Nola aldatzen joan da urte hauetan zehar enpresek eta erakundeek prebentzioaren inguruan duten pertzepzioa?

Nire ustez, eta oraindik bide luzea egin behar bada ere, jendeari buruan sartzen ari zaio laneko segurtasuna eta osasuna lortzea, laneko arriskuen prebentzioa sustatzea eta, azken batean, pertsona guztiek ingurune osasungarri batean eta ongizatea bultzatzen duen ingurunean lan egiteko duten eskubidea lortzea direla gizarte orok lortu behar dituen helburuak.

Eta onartu zenetik denbora asko igaro bada ere, eta jakinik eguneratze bat behar duela, aitortu nahi nuke Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko 1995eko Legeak oinarriak ezarri zituela prebentzioa produkzio-sektoreko geruza eta maila guztietara zabaltzeko, enpresa handientzako zerbitzu mugatua (zerbitzu mediko eta abar eta guzti) izatetik, enpresa handi eta txikien, aberatsen eta ez hain aberatsen eskura egotera igaroz.

 

  • ¿Euskadin benetako prebentzio-kulturarik badago?

Ni ziur nago gero eta kontzientziazio handiagoa dagoela LAPen garrantziaren inguruan. Gizarteak, enpresek, prebentzio-zerbitzuek, gizarte-eragileek eta administrazioek estrategiak eta helburuak partekatzen ditugu, lan- eta gizarte-eszenatokien aldaketak eragindako arrisku berriei etengabe aurre egiteko eta lana pertsonen eta teknologiaren baldintza eta gaitasun berrietara egokitzeko lankidetzan aritzearekin batera. Eta hori izan da arlo horretan gertatu den bilakaera nagusia.

Baina zentzu horretan anbizioa izan behar da, eta herritarrek lan-baldintza seguruak eta osasungarriak eskatzea lortu behar dugu. Hori izango da, ezbairik gabe, prebentzio-kultura gizarte osora zabaldu izanaren froga.

 

  • ¿Langileen osasuna babestearen inguruan aldaketa esanguratsu edo iraultzailerik gertatu da? Osasunaren zaintza beste ikuspegi batetik aurreikusten da?

Nire ustez, gero eta joera handiagoa dago ekintzak planifikatzeko eta gauzatzeko pertsonak erdigunean kokatuz. Kontuan hartzen dira langilearen adina, jatorria eta beste faktore batzuk direla-eta egon daitezkeen desberdintasunak sortzen dituzten gizarte-baldintzatzaileak; genero-ikuspegia sartzen da LAPetan, eta laneko segurtasunean eta osasunean eragile guztiek parte hartzea bultzatzen da. Horiek dira 2021-2026 LSOren Euskal Estrategiaren oinarriak.

 

  • ¿Zeintzuk dira LAPek gaur egun dituen erronka nagusiak?

Laneko arrisku orokorrenekin batera (laneko bide-segurtasuna edo higiene-arriskuak, batzuk aipatzearren), plataforma digitalak erabiltzearekin loturiko arrisku-faktore espezifikoak identifikatzen ditugu honako hauek bezalako arloetan: logistika, zerbitzuak, elikadura, garraioa, merkantziak finantzak, ikaskuntza, osasuna eta ongizatea, erakundeak… Hiperkonexioa, monitorizazioa, ikusezintasuna, kontaktu sozialik eza, prekarietatea eta lanarekin lotutako beste batzuk (isolamendua, ospe digitala, algoritmo kudeatzaileak, e.a.) nabarmendu nahi ditut. Horiek guztiek arrisku psikosozialak erraztu ditzakete; hala nola, estresa, sexu-jazarpena edo “erreta egotearen” sindromea.

Eta ezin ditugu alde batera utzi zuzendu gabeko arrisku ergonomikoen eraginpean egoteagatik sortutako muskulu-hezurduren gaineko nahasmenduak. Gaitz horien prebentzioa landu behar da, lanpostuen diseinuari erreparatuta.

 

  • ¿Zure ustez, zeintzuk dira laneko arriskuen prebentzioa hobetzeko gakoak?

Beti  esaten dudan moduan, bistakoa da, LAP eraginkorra izan dadin, eragileen arteko lankidetza garatu behar dela eta laneko arriskuen prebentzioa enpresen eta lantokien kudeaketan sartzea lortu behar dela. Hori guztia, gainera, kontuan izanik laneko arriskuen prebentzioa enpresen balio gisa hartu behar dela, enpresa-sare iraunkorra, modernoa eta lehiakorra finkatzearen esparruan.

Laburbilduz, konpromisoa, parte-hartzea eta integrazioa azpimarratu behar dira. Ezinbestekoa da enpresek, administrazioek eta langileen ordezkaritzek konpromisoa izatea, denak norabide berean joatearren. Beharrezkoa da laneko arriskuen prebentzioa enpresen eguneroko kudeaketan integratzea.

Eta gehituko nuke funtsezko gakoetako bat kalitatea dela. Jada ez dugu konformatu behar Legeak eskatutako gutxienekoak edukitzearekin; izan ere, prebentzio-jarduerak, arriskuen ebaluazioak, plangintzak eta osasunaren zaintza kalitatezkoak izaten ahalegindu behar dugu.

 

  • ¿Zer-nolako helburuak lortu nahi ditu Osalanek denbora laburrean?

Ohikoak bezain ezinbestekoak diren zeregin “tradizionalez” gain, 2023an, enpresan prebentzioa lantzeko kalitate-eredu bat aztertu eta garatuko dugu;  LAPen araudia berrikusiko dugu, egokitzeko eta hobetzeko proposamenak egiteko, bereziki enpresa txiki, autonomo eta egungo egoeran sartzeko zailtasun handiak dituzten kolektiboentzat. Horrez gain, besteak beste, honako hauek proposatzen ditugu: eraikuntza-sektorean jardueren koordinazioa hobetzea;  alerta-sistema batekin jarraitzea, estatistikek hala behar dutela adierazten duten eremuetara zuzendutako kanpainak egiteko; ergonomia-taldea indartzea; arrisku psikosozialen mapa eguneratzea, EAEko enpresetan arrisku horien prebentzioaren egoera ezagutzeko;  Udaletako teknikariak prestatzen laguntzea, amiantoaren errolda egiteko eta inplikatutako sailekin lankidetzan aritzea amiantoa behar bezala kendu eta ezabatzeko; lan-ezbeharrei eta emakumeen eta gizonen gaixotasun profesionalei buruzko txostena egitea, Lan Baldintzei buruzko 2021eko Inkestako  datuak eguneratuta eta beste datu-iturri batzuekin; eta autonomoei zuzendutako prestakuntzarako plataforma birtuala abian jartzea.

Horiek jorratu nahi dugun egiteko zorrotzaren zertzelada batzuk baino ez dira, eta, Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Nazioarteko V. Biltzarraren leloak islatzen duen moduan –Erronkak onartuz, indarrak batuz-, alderdi guztien konpromisoa eta parte-hartzea eskatzen du; alegia, enpresariak, prebentzio-erakundeak, langileak, segurtasun- eta osasun-arloko batzordeak, prebentzioko ordezkariak, enpresa- eta sindikatu-erakundeak eta Administrazio Publikoak.

 

 

Buletinera harpidetu