“Plantilla osoa prebentzioan inplikatzeko sekretua zirimiria imitatzea da. Tanta txiki ugari (neurriak) jartzea, etengabe sartzen joan daitezen” – Aceros Inoxidables Olarrako Moises Riobello

Enpresa seguruak
“Plantilla osoa prebentzioan inplikatzeko sekretua zirimiria imitatzea da. Tanta txiki ugari (neurriak) jartzea, etengabe sartzen joan daitezen” – Aceros Inoxidables Olarrako Moises Riobello

Moises Riobellori egin genion elkarrizketa, Aceros Inoxidables Olarrako Prebentzio Zerbitzuko eta Giza Baliabideen eta Marka Pertsonalaren Departamentuko zuzendaria; komunikatzaile handi hori duela 20 urte baino gehiago hasi zen enpresa siderurgiko honetan prebentzioaren alde lan egiten. Gainera, LAP gaiei buruzko hainbat liburu idatzi ditu, eta Enpresa Osasungarriaren eta Marka Pertsonalaren defendatzaile sutsua da. Gai horiei buruz eta LAP arloan komunikazioak duen garrantziari buruz hitz egin genuen harekin.

 

  • Bizitza erdia laneko arriskuak prebenitzearen alde daraman pertsona batentzat, nolakoa da Prebentzio Zerbitzua eta Giza Baliabideen eta Marka Pertsonalaren Zuzendaritza zuzentzeko lana, hots, bi departamentu hain ezberdin, Olarra bezalako enpresa batean?

Abraham Maslowri eta giza premien hierarkiari buruzko haren teoriari esker, bi eginkizunak osagarriak dira niretzat. Prebentzio-arloan, LAP sistema ezartzen aritzen naiz, edozein pertsonak duen lehen premia, PREBENTZIOA, bete dezan; Giza Baliabideen eta Marka Pertsonalaren arduradun gisa, berriz, ahalegintzen naiz langileek piramideko premia guztiak lor ditzaten, Prebentziotik hasi eta Norberaren Errealizaziora edo Marka Pertsonalera bitarte.

 

  • Zer esan nahi du zehatz-mehatz prebentzioa terminoak zuretzat?

Nire ustez, legegilea perfekzioa lortzetik oso gertu egon zen; izan ere, honela definitu zuen: “Enpresaren jarduera-fase guztietan hartutako edo aurreikusitako jarduera edo neurrien multzoa, lanetik eratorritako arriskuak saihesteko edo gutxitzeko”. Perfekzioa izateko, honako hau bakarrik gehituko nuke: modu integratuan eta enpresaburuak eta langileek kasu bakoitzean dagokien erantzukizunaren zatia beren gain hartuta.

 

  • Duela 23 urte hasi zinen Aceros Inoxidables Olarra enpresa siderurgikoan lanean. Zure enpresan, prebentzioaren eta segurtasunaren arloan, urte hauetan egin diren zein ekintza eta hobekuntza nabarmenduko zenituzke?

Hainbeste izan dira:

  • Produkzio-instalazio guztiak 1215/1997 Errege Dekretura egokitzea, teilatu guztietan bizitza-lerroak jartzea, Enpresa-jarduerak Koordinatzeko lehen programa garatzea, estatuan merkaturatzera iritsi zena, 2001. urtean estatuan ez baitzegoen horrelako programarik.
  • 2014an, Sailetako buru eta arduradun guztiek Laneko Arriskuen Prebentzioko erdi- edo goi-mailako titulazio ofiziala izatea eskatzen zuen araua ezartzea.
  • Segurtasun Ikuskapenen, Segurtasuneko Prebentzio Laguntzen eta talde-bileren digitalizazioa, agintariek (haiek egiten dituztelako) instalaziotik horiek exekutatzeko aukera izanik tabletaren edo ordenagailu eramangarri baten bidez.
  • Fisioterapia-zerbitzua…

 

  • Eta aurrekoa eta ondorengoa markatzen duen besteren bat?

Nire ustez, ezbairik gabe, 2008 aldera enpresan prebentzio-kultura aldatzen lagundu ziguten bi neurri.

Lehenengoa prebentzio-iradokizunen sistema izan zen. Horrek aukera ematen du langile bakoitza prebentzioko teknikari bihurtzeko, eta, horrela, urtean, batez beste, 250 prebentzio-iradokizun egiten dizkigute sistemara (beste modu batera, inola ere ezingo genituzke ikusi).

Bigarrena, berriz, arriskuak prebenitzeko pintura-lehiaketa Olarrako profesionalen seme-alabentzat. Lehiaketa sinple horri esker, plantillako pertsonek beren etxeetan, familian, LAPi buruz hitz egiten dute, eta, hori egitean, ohartu gabe, laneko arriskuen prebentzioan idatzi gabeko kontratua sortzen dute eta herrialdeko prebentzio-kulturan aldaketa bat ere bai.

 

  • LAPeko komunikazioaren arloa pertsona oso zorrotza zara, eta hainbat material argitaratu dituzu. Horiei buruz hitz egin diezagukezu?

Egia esan, oso gustuko dut Prebentzioaren arloan komunikazioa hobetuko duten erremintak sortzea, baliabide gutxi argitaratu dira-eta bezeroaren esperientzian oinarrituta (gure kasuan, Prebentzioko teknikaria).

Gaur egun, ARANTZADIK 3 liburu argitaratu dizkit: “El recurso preventivo en 360º”, “El autónomo en la Coordinación de prevención en 360ª” eta “Protección contra incendios en 360º”. Gainera, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Institutu Nazionalarekin urteetan lan egin dut, eta, ondorioz, 2 NTP idatzi nituen: “NTP 994: El recurso Preventivo” eta “NTP 1141 Como generar mensajes preventivos eficaces”.

 

  • Nola sustatu eta landu daiteke komunikazioa, enpresen barruan hobetzearren?

Azken NTP horretan, gako guztiak jasotzen dira. Gako nagusia pertsonekin konektatzea da; hau da, haien hurbileko hizkuntza erabiltzea, ahalik eta pertsonalizatuena. Segurtasunerako Prebentzio Oharrak (SPO) oro har aztertzen baditugu, ikusiko dugu enpresa oso gutxitan funtzionatzen duela benetan.

Guri dagokigunez, arrakastaren zati bat komunikazio-ikuspegia izan da; erremintaren izena ere SPOtik SPLra aldatu genuen. Izan ere, ez zaigu gustatzen inork behatzea edo kontrolatzea, baina, bai, ordea, laguntzea. Hori dela-eta, Olarran, tresnari SPL edo Segurtasunerako Prebentzio Laguntzak deitzen diogu.

 

  • Zein da zure sekretua plantilla osoa segurtasunean, prebentzioan eta osasunaren zaintzan inplikatzeko?

Egia esateko, sekretua zirimiria imitatzea baino ez da; hots, tanta txiki (neurriak) mordoa jartzea, erakundean etengabe sartzen joateko. Laneko segurtasuna eta osasuna zerbait konplexua da, faktore anitzekoa, eta, horrela den heinean, hobetzeko neurriek ere horrela izan behar dute.

 

  • Laneko Segurtasunari eta Osasunari buruzko ORP Biltzarrean zu eta zure enpresa saritu berriak izan zarete, LAP arloan egindako lan onarengatik. Besteak beste, laneko arriskuen prebentzioko (LAP) kudeaketa integratuko sistema eta enpresa osasungarriaren zure OLARRABIZI programa nabarmendu dituzte. Zer esan diezagukezu azken horri buruz?

Nire ustez, enpresa osasungarria hurrengo kate-maila da prebentzio-katean; hain zuzen ere, prebentzio osoa biltzeko modua da, pertsonak eta haien osasuna errealitate zatiezin bakarra baitira. Beraz, osasunaren alde egiteko hartutako edozein ekintzak eragin positiboa izango du langile bakoitzarengan nahiz enpresan eta gizartean, oro har.

 

  • Urte hauetan guztietan, aldaketa esanguratsurik gertatu al da euskal gizartean, erakundeetan eta enpresetan, prebentzioari eta segurtasunari dagokienean? Bai. Zenbat aurreratu dugu?

Nahi baino gutxiago. Ezbehar-tasak eta absentismoak gora egiten jarraitzen dute, eta araudia eta prebentzio-kultura aldatzen ez baditugu, robotizazioa izango da behera egiteko modu bakarra.

 

  • Zein ibilbide egin beharra daukagu?

Nire ustez, bi alderdi hobetu behar ditugu: alde batetik, LAP aginte-lerroan eta prozesu guztietan benetan integratzea sustatzea; eta, bestetik, langile guztiei adin-nagusitasuna ematea.

 

  • Zein da ibilbide hori egiteko modurik onena?

Lehenengo alderdiari dagokionez, araudi bat garatuta bakarrik lortuko da; hots, 39/1997 Erregelamenduaren 1. Artikulua, Prebentzio-jarduera enpresan integratzea. Bigarren alderdian, familian zein hezkuntza-sisteman txikitatik erakutsi beharko zaigu laneko arriskuak prebenitzeko modurik onena pertsona bakoitzak dagokion erantzukizuna hartzea dela.

Oso zaila izango da laneko arriskuen prebentzioan hobetzea geure burua legez heldutzat hartzen badugu, enpresaren  ateraino, eta oztopoa gainditzen denean erantzukizuna soilik enpresaren esku uzten badugu. Pentsa dezakegu nolako hondamendia izango litzatekeen errepidean gure ekintzen erantzukizun osoa administrazioarena izango balitz, bideen jabe gisa. Erantzukizunak konbinatu behar ditugu, enpresa arduratsuak behar ditugu, baina baita pertsona arduratsuak ere.

 

  • Amaitzeko, Prebentzio-arloan harro sentitzen zaren zerbait aipatuko zeniguke, Olarratik haratago doana?

Zalantzarik gabe, LAP arloan arau bat aldatu izana; hots, Metalaren Estatuko Hitzarmena. Gure sektore siderurgikoko lanbide espezifiko batzuk ez edukitzearen ondorioak jasan ondoren, industria siderometalurgikoko elkarrizketa sozialeko mahaian parte hartzea lortu nuen, enpresen ordezkaritzaren parte gisa, eta C.1.1. a) Produkzio-langileak eta C.1.1. b) Mantentze-lanetako langileak lanbideak negoziatu ahal izan nituen. Oso pozgarria izan zen horiek BOEn ikustea.

Buletinera harpidetu