Segurtasuna zisternak deskargatzean

Segurmania
Segurtasuna zisternak deskargatzean

Duela urte asko hasi ginen lanean enpresa kimikoen elkarteetan prebentzio-araudiaren eta garraioen araudiaren arteko interfasea lantzen eta, zehazki, zisternetako domoen goialdeetara igo eta estalkiak irekitzeko eta laginak hartzeko lanetik eratorritako erantzukizunak eta legezko erregulazioa jorratzen.

Duela urte asko hasi ginen lanean enpresa kimikoen elkarteetan prebentzio-araudiaren eta garraioen araudiaren arteko interfasea lantzen eta, zehazki, zisternetako domoen goialdeetara igo eta estalkiak irekitzeko eta laginak hartzeko lanetik eratorritako erantzukizunak eta legezko erregulazioa jorratzen.

Industria kimikoaz gain, badira instalazioetan zisternak dituzten beste sektore batzuk. Fintzearen, zementuaren eta karearen, altzairuaren, paperaren, elikagaien edo eraikuntzaren sektoreek ere eragiketa horien segurtasuna koordinatu eta zaindu behar dute, eta horren inguruan kezkatuta agertu dira.

Bistan denez, arrisku nabarmena duen eragiketa da, eta, nahitaez, enpresa-jarduerak koordinatu behar dira.

Bere garaian, 97/2014 Errege Dekretuaren 4. xedapen gehigarrian, argi zegoen zerbait jaso zen: laneko arriskuen prebentzioari buruzko araudia nahitaez eta osorik aplikatzea merkantzia arriskutsuen zamalanetan eta garraioaren eragiketa guztietan eta lan horietan esku hartzen duten taldeetan.

Iaz, 3/2022 Errege Lege Dekretuak, krisiaren denboraleak gobernatzeko araudia adabakitzen joan den arau horietako batek, Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko Legea aldatu zuen, gehienez baimendutako 7,5 tonako masatik (MMA) gorako kamioi-gidariek deskarga-lanetan parte hartu ahal izatea debekatzeko, baina, jarraian, debeku horretatik kanpo geratu zen zisterna-ibilgailuetako garraioa.

Eskuarki, zisternen gidariei, beren ekipoak ondoen ezagutzen dituztenei (edo… zerbaitetarako direnei), estalkiak irekitzeko eskatzen zaie, ponpen presioa konpentsatzeko eta, kasu batzuetan, laginak hartzeko ere.

Gai hau lantzen hasi ginenetik, gure kezka da merkatuan dauden zisterna gehienak ez daudela batere egokituta lan-ekipamenduen araudira, eta ezin dela babes-sistema autonomorik eskaini, domoraino igotzea saihesteko eta, beraz, horien gainetik ez erortzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko sektore kimikoko enpresek badakite zein den arazoa, eta, zisternen gabezia hori konpontzeko, jabeek erantzukizun esklusiboa izanik, bizi-linea finkoak jarri dituzte deskarga-puntuetan, eta, askotan, arnesak eta bestelako NBEak (Norbera Babesteko Ekipamenduak) eman dizkiete gidariei. Era horretan, instalazioetako enpresa-jardueren koordinazioaren kudeaketan salbuespen nabaria egin da, horietako bakar batek ere ez bailuke onartuko akatsak ordezkatzea, (adibidez, kontrata batek plataforma jasotzaile desegoki bat ekartzea), ezta instalazioetara sartzea ere.

AVEQ-KIMIKAk bizitza-lineak jartzea gomendatu du, eta, beraz, zisternen jabeei dagozkien erantzukizunak bere gain hartzen ari da, kalte txiki gisa. Ohartarazi du enpresa deskargatzailea legez ez dagozkion arriskuak hartzen ari dela. Alternatibak askoz okerragoak direla ikusita, berriz, praktika hori onartzen da aldi baterako testuinguru batean, gutxi gorabehera, zisternen merkatua lan-ekipamenduen araudira egokitu arte.

Sustapen Ministerioan, Merkantzia Arriskutsuei buruzko Errege Dekretu berria idazteko lanak hasi zirenean (azkenean, 97/2014 ED argitaratu zen), batzorde teknikoak egindako bilera ugarietako batean, eztabaida nahiko sutsua eta interesgarria sortu zen garraiolarien elkarteen eta garraioaren erabiltzaileen elkarteen artean, laginak hartzeari eta domoetara sartzeari dagokienean. Erabiltzaileek esan zuten zisternen ekipoak gidariek ezagutzen dituztela eta horiek ireki behar zituztela; garraiolariek, aldiz, garraiatutako gaia hartzaileak ezagutzen duela defendatzen zuten, eta, beraz, haiek jakingo zutela nola tratatu eta babestu.

Eztabaida hura berdinketa tekniko batekin amaitu zen, eta, akordiorik lortu ez zutenez, hurrengo lan-zirriborroan ez zen gaiari buruzko aipamenik egin.

Hala ere, Ministerioak, nahi zuena eginez, ministroen kontseilura eraman zuen 97/2014 Errege Dekretua, 44.3 artikuluan, nire interpretazioaren arabera, akats handiko idazketa eginik:

44.3 art. Deskarga egin aurretik, garraiatutako produktuaren laginak hartzea beharrezkoa bada, eragiketa hori deskarga egin duenak egingo du, lagina zisternaren goiko aldetik nahiz beheko aldetik hartu.

Akatsa duela diot, zeren, gaztelaniazko esaldiaren hasieran preposizioa falta izateaz gain, eragiketa ez bada espezifikoki “lagina hartzea”, nork igo behar duen argi ez dagoelako. Deskargatzaileak hartu behar badu lagina, lehendabizi  gidariak igo beharko du zisternako estalkiak irekitzera eta domotik jaitsi beharko du, ondoren deskargatzailearen langileari igotzen uzteko lagina hartzera. Era horretan, ordea, eraginkortasuna murriztu eta eragiketaren denbora eta arriskua gehitzen dira, eta, hain zuzen ere, araudi honen printzipioek kontrakoa lortu nahi dute.

Irtenbide bakarra litzateke zisternak lan-ekipamenduen araudira behin betiko egokitzea, eta domora igotzeko beharra erabat saihestea. Esate baterako, estalkien irekiera kabinaren kontrol baten bidez egitea edo laginak zisternaren beheko aldean hartu ahal izatea.

Gero eta zisterna egoki gehiago dauden arren, merkatua motel mugitzen da, eta erosketa-sailek, garraioa kontratatzean, garraiolariei adierazi beharko liekete beren lan-ekipoak egokitzeko. Bitartean, garraio-munduan behar bezala ezarritako zisternen merkaturik ez izatean, ezarritako bizitza-lineak erabiltzen jarraitzea besterik ez da geratzen oraingoz, baina sistema horiek erabiltzeari ahalik eta azkarren utzi beharko litzaiokeela onartzen eta aldarrikatzen dugu.

 

Luis Blanco Urgoiti

AVEQ-KIMIKAko idazkari nagusia

Buletinera harpidetu