Enpresa Jarduerak Koordinatzeko prozesua. Hirugarren etapa – Gauzatzea eta kontrola
Segurtasun-ikasgaiak
Hainbat alditan azaldu dugun moduan, hainbat enpresak elkarreragiten eta, aldi berean, beren lan-jarduerak burutzen dituzten lantokietan, Enpresa Jarduerak Koordinatzea (EJK) funtsezkoa da. Halaber, aipatu dugu EJK hainbat etapatan banatzen den prozesu gisa ulertu behar dela. Gaurko post-ean, hirugarren etapan oinarrituko gara, Gauzatzeko eta Kontrolatzeko fasean, ezinbestekoa baita jarduerak modu seguruan eta planifikatutakoaren arabera garatuko direla bermatzeko.
Hainbat alditan azaldu dugun moduan, hainbat enpresak elkarreragiten eta, aldi berean, beren lan-jarduerak burutzen dituzten lantokietan, Enpresa Jarduerak Koordinatzea (EJK) funtsezkoa da. Halaber, aipatu dugu EJK hainbat etapatan banatzen den prozesu gisa ulertu behar dela. Gaurko post-ean, hirugarren etapan oinarrituko gara, Gauzatzeko eta Kontrolatzeko fasean, ezinbestekoa baita jarduerak modu seguruan eta planifikatutakoaren arabera garatuko direla bermatzeko.
Gauzatzearen eta Kontrolaren gaineko etapa hau kritikoa da; izan ere, lanak egiterakoan, desbideratzeak eta ezustekoak sor daitezke, eta horiek langileen segurtasun eta osasunean eragina izan dezakete. Hori dela-eta, funtsezkoa da dena aurreikusitakoaren arabera garatzen dela kontrolatzea, eta ez da nahikoa dokumentu-kontrola bat egitea, segimendurako eta zaintzarako baliabide egokiak ezarri behar baitira.
Etapa hau bi kontrol-motatan zatitzen da:
- Jarduerak hasi aurreko kontrola, enpresaburu nagusiari dagokiona,
- eta jarduerak gauzatzean egin behar den kontrola, esku hartzen duten enpresa guztiak tartean hartzen dituena.
Jarduerak hasi aurreko kontrola
Jarduerak hasi aurreko kontrolaz enpresaburu nagusia arduratu behar du, hasieran dokumentu bidezko egiaztapen bat eginez. Beraz, enpresa kontratistek eta azpikontratistek, laneko arriskuen prebentzioari dagokionean, beren betebeharrak betetzen dituztela ziurtatu behar du.
Jarduerak hasi aurretik, enpresari nagusiak enpresa kontratista bakoitzari eskatu behar dio idatziz egiazta dezala laneko arriskuen ebaluazioa eta prebentzio-jardueraren plangintza egin dituela. Horrez gain, langileei beharrezko informazioa eta prestakuntza eman diela ziurtatu behar du.
Egiaztapen horren zehaztasuna kontratatutako jarduerekin lotutako arriskuaren araberakoa izango da. Hortaz, enpresari nagusiak garrantzitsutzat jotzen duen informazio gehigarria eska dezake, jarduerak modu seguruan egingo direla bermatzeko. Enpresaburu nagusiak dokumentazioa berrikusteaz gain, kontratatutako/azpikontratatutako jarduerak segurtasun- eta osasun-baldintza egokietan egingo direla egiaztatuko du.
Jarduerak gauzatzean egin behar den kontrola
Behin aurretiko kontrola osatuta, jarduerak gauzatzen diren bitarteko kontrol-fasea hasiko da. Etapa honetan, esku hartzen duten enpresa ezberdinek in situ kontrolak egin behar dituzte jarduerak aurreikusitakoaren arabera egiten direla egiaztatzearren. Enpresa bakoitzaren ardura izango da bere langileek ezarritako prebentzio-neurriak betetzen dituztela eta zehaztutako lan-prozedurak jarraitzen dituztela ikuskatzea.
Lantokiko titularraren erantzukizuna izango da langileek nahiz enpresek arriskuak kontrolatzeko adostutako neurriak hartzen dituztela bermatzea. Gainera, enpresari nagusiak enpresa kontratisten eta azpikontratisten gaineko kontrol indartua egin behar du, ezarritako lan-prozedurak betetzen direla eta haien artean koordinatzeko beharrezko bitartekoak mantentzen direla ziurtatuz.
Kontrol horiek burutzeko, koordinazio-bitarteko ezberdinak ezar daitezke; hala nola, enpresen arteko aldizkako jarraipen-bilerak, lantokietan prebentzio-baliabideak jartzea eta lantokiko titularrak prebentzio-jarduerak koordinatzeaz arduratuko diren pertsonak izendatzea. Kontrola egiteko bitartekoa jardueren arriskugarritasun-mailaren, tartean dauden enpresen kopuruaren eta eraginpeko pertsonen eta zereginen iraupenaren arabera aukeratuko da.
Gauzatzerakoan, neurri zuzentzaileak hartzea eskatzen duten hiru egoera sor daitezke: diseinu-akatsa, inplementazio-akatsa edo ezustekoak. Horietako edozeinetan, funtsezkoa da egoera lehenbailehen zuzentzeko moduko neurriak hartzea, baita plangintzaren eta antolaketaren etapara itzultzea ere, beharrezkoa izanez gero, ezarritako prebentzio-neurriak, lan-prozedura eta/edo koordinazio-bitartekoak berriz planteatze aldera.
Gainera, funtsezkoa da enpresak prest izatea lan-istripuen aurrean edo larrialdi-egoeretan esku hartzeko; horrela, edozein gorabehera edo larrialdi-egoeraren berri berehala eman behar diete lantokian dauden gainerako enpresei.
Kontrol horien bitartez, enpresek beren prebentzio-betebeharrak betetzen dituztela eta edozein ustekabeko egoeraren aurrean jarduteko protokolo argiak ezartzen direla ziurtatu behar da. Ildo horretan, enpresen arteko komunikazioa eta koordinazioa oinarrizkoak dira lan-ingurune segurua eta osasungarria izateko.