Huts egitea gizatiarra da eta okerra behar bezala kudeatzea jainkotiarra. Bidezko Kultura eta Giza Akatsaren Kudeaketa

Segurtasun-ikasgaiak
Huts egitea gizatiarra da eta okerra behar bezala kudeatzea jainkotiarra. Bidezko Kultura eta Giza Akatsaren Kudeaketa

Bidezko kultura izanez gero, lan-ingurunean langileak seguru sentituko dira arrisku-egoeren edo egin dituzten akatsen berri emateko. Ildo horretan, funtsezkoa da langileek jakitea haien ekintzak ez duela ondorio negatiborik izango; alegia, bidezko kulturaren bidez, akatsek ez dute zigorrik, baizik eta ikasteko eta hobetzeko aukera moduan hartzen dira.

Saga. Prebentzio-kulturaren 10 osagaiak. Bidezko Kultura eta Giza Akatsaren Kudeaketa

Bidezko kultura izanez gero, lan-ingurunean langileak seguru sentituko dira arrisku-egoeren edo egin dituzten akatsen berri emateko. Ildo horretan, funtsezkoa da langileek jakitea haien ekintzak ez duela ondorio negatiborik izango; alegia, bidezko kulturaren bidez, akatsek ez dute zigorrik, baizik eta ikasteko eta hobetzeko aukera moduan hartzen dira.

Bidezko kultura aplikatzen den enpresa batean, gardentasuna, ekitatea eta tratu-berdintasuna baloratzen dira langile guztientzat. Erabakiak eta ekintzak etikan eta integritatean oinarritu behar dira eta ez aurreiritzi edo faboritismoetan.

Halaber, bidezko kultura aukera-berdintasunean eta diskriminazio-ezean oinarritzen da. Langileak errespetuz eta duintasunez tratatzen dira, haien generoa, arraza, jatorri etnikoa, sexu-orientazioa edo beste edozein ezaugarri pertsonal edozein direla ere. Horrek lan-giro osasuntsua eta produktiboa izaten laguntzen du.

Bestalde, kontuan izan behar da pertsonok akatsak egiten ditugula etengabe, bereziki tentsio- edo estres-egoeretan. Akatsak gerta daitezke konfigurazio mental desegokia izateagatik edo zerbait gaizki interpretatzeagatik edo arretarik ez jartzeagatik. Langileak zeregina betetzeko duen moduak ere eragina du, Ezagutza-moduan, Lan Arautuaren moduan edo modu Automatikoan egin baitaiteke.

Ezagutza-moduan, esperientzia edo ezagutza gutxi izaten da, eta beharrezkoa da inprobisaziora jotzea. Akatsa eragingo lukete arreta-nekeak, distrakzioek edo ezagutza espezifikorik ez izateak. Lan Arautuaren moduan, berriz, zeregina ezagutzen da, baina pertsonak erantzun beharreko egoera batzuk gertatzen dira. Akatsa egingo litzateke egoera ondo ez interpretatzeagatik. Azkenik, modu Automatikoak arreta-maila kontziente nahiko baxua eskatzen du, errepikapena eta domeinua direla-eta gertatzen den automatizazio psikomotorraren ondorioz. Ohiko eragiketak direnez, akatsa arreta-ezaren ondorioz gertatu ohi da.

Giza akatsa kudeatzeko, langileek egindako okerrak identifikatu, aztertu eta zuzendu behar dira. Garrantzitsua da kontuan izatea edozein erakundetan saihestezina dela giza akatsak gertatzea. Hala ere, akats horiek behar bezala kudeatzen badira, ondorioak txikiagotu daitezke.

Enpresa batean giza akatsak murrizten ahalegintzeko, hainbat urrats jarraitu behar dira; hala nola okerrak identifikatzea, horien eragina ebaluatzea eta berriro ez errepikatzeko prebentzio-neurriak ezartzea. Halaber, garrantzitsua da identifikatutako akatsak eta ezarritako prebentzio-neurriak modu eraginkorrean jakinaraztea; izan ere, modu horretan, langile guztiek ezagutuko dituzte arriskuak eta, horiek gertatuz gero, nola jokatu jakingo dute.

Bidezko kulturan eta giza akatsaren kudeaketan oinarritzen den prebentziozko kultura eraginkorra izango da baldin eta komunikazio irekia sustatzen bada langileen eta erakundeko liderren artean. Horrela, arriskuak eta arazoak goiz identifikatu ahal izateaz gain, ondorio negatiboak txikiagotzeko beharrezko neurriak ezarri ahal izango dira.

Garrantzitsua da, baita ere, langileek prestakuntza egokia jasotzea laneko segurtasunaren eta osasunaren prozedurei dagokienean nahiz arriskuak identifikatzeari eta kudeatzeari dagokienez. Horri esker, prestatuta egongo dira modu prebentiboan jokatzeko eta arrisku-egoerak saihesteko.

Buletinera harpidetu