Ba al zenekien OSALANek 30 urte beteko dituela hilabete honetan?
Ba al zenekien
Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak (OSALAN) 30 urte beteko ditu apirilean. 30 urte lanean laneko arriskuen prebentzioaren eta lantokian langileen osasuna sustatzearen eta babestearen alde.
OSALAN 7/1993 Legea onartuta sortu zen, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko lehen Estatu Legea onartu baino bi urte lehenago. Haren helburu eta funtzio ugariren artean, honako hauek zeuden: laneko ezbeharrei buruzko informazio eta datu estatistikoak egitea eta lan-istripuen eta lanbide-gaixotasunen kausak eta faktore erabakigarriak aztertzea eta ikertzea, ondoren, prebentzio-azterketa egiteko, dagozkion neurri zuzentzaile eta guzti.
Halaber, beste helburu bat da laneko segurtasun, higiene eta osasuneko metodo eta teknikei buruzko ikerketa-programak egitea, sustatzea eta garatzea, edota gai hauen inguruan prestakuntza-planak eta -ikastaroak antolatzea eta garatzea: laneko segurtasuna, higienea eta osasuna.
30 urte hauetan zehar, OSALANek, enpresetako segurtasun- eta higiene-mailei eta langileen lan-baldintzei buruzko zaintza- eta kontrol-lan orokorrak eta sektorialak egiteaz gain, arrisku profesionalak prebenitzeko eta osasuna sustatzeko praktika egokien berri ere eman die enplegatzaileei eta enplegatuei, eta eskuratutako eta urtetik urtera gehitutako ezagutzak partekatu ditu.
Gainera, laguntza eta aholkularitza teknikoa eskaini die enpresei, langileei, erakundeei eta agintari publikoei, laneko arriskuen prebentzioa eraginkorragoa izan dadin.
Hogeita hamar urte hauetan, pertsonak berritu dira, ezagutzan aurrera egin da, zenbait lehentasun aldatu dira, eta laneko ergonomia eta psikosoziologia bezalako gai batzuek garrantzi handiagoa hartu dute. Halaber, aurrera egin da arrisku higienikoen ezagutzan eta prebentzioan, eta segurtasuna areagotu da istripuen prebentzioan, baina beti helburu nagusi bati eutsiz: lanak langilearen osasuna ez kaltetzea.
30 urte hauetan zehar, eskaini duten aholkularitzaren kalitatea handituz joan da, lan osasuntsua lortzeko helburu bera duten eragile guztien hurbiltasunari, parte-hartzeari eta lankidetzari esker. Gure elkarrizketan OSALANen zuzendari nagusiak berak, Lourdes Iscarrek, adierazten duen moduan, erakundeak 30 urte daramatza agenteei laguntzen lanarekin loturiko arriskuak murrizteko eta lan-osasuna hobetzeko ahaleginean, arlo horretan erreferentziazko erakunde bihurtu arte, pertsona askoren lanari, ahaleginari eta dedikazioari esker.
OSALANen 30. urteurrena dela-eta, eta Laneko Osasunaren eta Segurtasunaren Nazioarteko Eguna ospatzen den astearekin bat eginez, OSALAN Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Nazioarteko V. Biltzarra egiten ari da egun hauetan, “Erronkak onartuz, ahaleginak batuz” lelopean. Topaleku bat sortu nahi da laneko segurtasunaren eta osasunaren inguruko ezagutzan aurrera egiten jarraitzeko eta laneko arriskuen prebentzioaren hobekuntzan esperientziak partekatzeko, pertsonen ahalik eta ongizate-egoera handiena lortzeko jarduera garrantzitsu eta eraginkorrenetariko bat baita.
Biltzarrean ehun bat hizlari izango dira, eta laneko segurtasun eta osasuneko eragileen parte-hartzea lortu nahi du, arriskuen prebentzioa eguneroko jardueren barruan modu naturalean egoteko beharrezko aliantzak ezartzearren. Guztiok beharrezkoak gara prebentzioaren bidean aurrera egiteko, proposaturiko helburuari begira; hau da, gizartearen laneko arriskuen prebentzioaren ezagutza, parte-hartzea eta eskakizuna hobetzea.