Bide- eta lan-ingurune segurua sortzea: errepideetako obra finkoen seinaleztapena

Segurtasun-ikasgaiak
Bide- eta lan-ingurune segurua sortzea: errepideetako obra finkoen seinaleztapena

Errepideetan obra finkoak seinaleztatzea funtsezkoa da gidariei errepideetako arriskuez eta baldintza-aldaketez ohartarazteko nahiz bide-azpiegiturak eraikitzerakoan, mantentzerakoan edo konpontzerakoan langileen eta oinezkoen segurtasuna bermatzeko. Prebentziozko neurri hau arriskuen berri emateko, gidatzerakoan jokabide seguruak bultzatzeko eta langileen osasuna eta segurtasuna babesteko erabiltzen da.

Errepideetan obra finkoak seinaleztatzea funtsezkoa da gidariei errepideetako arriskuez eta baldintza-aldaketez ohartarazteko nahiz bide-azpiegiturak eraikitzerakoan, mantentzerakoan edo konpontzerakoan langileen eta oinezkoen segurtasuna bermatzeko. Prebentziozko neurri hau arriskuen berri emateko, gidatzerakoan jokabide seguruak bultzatzeko eta langileen osasuna eta segurtasuna babesteko erabiltzen da.

Seinaleak behar bezala izatea eraginkorra da prebentzio- eta segurtasun-teknika gisa, baina kontuan izan behar da arriskuak ez dituela berez inoiz ezabatzen. Seinaleztapen egokiak garaiz jakinarazten die gidariei errepidean obrak daudela, eta, era horretan, abiadura murriztu eta erne joka dezakete. Istripuak prebenitzen laguntzen da, trafikoan egon daitezkeen aldaketez ohartaraztean; hala nola, desbideratzeak, erreiak estutzea edo aldi baterako ixtea. Seinaleztapen oker batek, ordea, are gehiago larritu ditzake talka egiteko edo istripu  bat izateko arriskuak.

Komeni da obra finkoen seinaleak eremu egoki eta puntualetan erabiltzea, gidariei obrak daudela adierazteko, jarduteko moduko tartea izateko eta abiadura murrizteko edo bestelako neurri batzuk hartzeko moduko distantziarekin, baina modu indiskriminatuan erabiltzen badira, aurreko kilometro askotan zehar, horien eraginkortasuna neutralizatu edo ezaba daiteke.

Hori dela-eta, ezinbestekoa da erabiliko den seinaleztapenaren plangintza on eta zehatz bat egitea, obrak hasi aurretik. Horren barruan, seinaleen kokapen estrategikoa, seinale-motak eta gidariek eguraldi eta argiztapen-baldintza desberdinetan behar duten ikusmen optimoa zehaztu beharko dira. Ondorioz, errepideetako obrak seinaleztatzeko lanak prestakuntza espezifikoa eskatzen du, behar den bezala egiteko.

Errepideetako obra-eremuetarako bereziki diseinatutako hainbat seinale daude; esate baterako, ohartarazpen-seinaleetatik hasi eta informazio eta murrizketa-seinaleetaraino. Beraz, seinale horiek arretaz hautatzea funtsezkoa da gidariei arrisku potentzialen eta jarraitu beharreko jarraibideen berri argi eta garbi emateko.

Konoak, hesiak, balizak eta aldizkako argiak erabiltzea gomendatzen da, lan-eremua markatu eta trafikoa gidatzeko. Era berean, ohartarazpen-seinaleak erabiltzea komeni da, obren eremua hurbil dagoela eta gidariek arrisku batzuk izan ditzaketela adierazteko.

Seinaleak leku estrategikoetan kokatu behar dira, ahalik eta gehien ikusteko. Horren barruan, baliteke seinaleak altuera desberdinetan instalatu behar izatea, ibilgailu altuetako gidariek zein ibilgailu baxuagoetakoek argi eta garbi ikusteko modukoak izan daitezen. Gainera, seinaleek ondo argiztatuta egon behar dute gauean, argi gutxi dagoenean ere ikusten direla ziurtatzeko.

Errepideko obra finkoetan seinaleztapena segurua izateko, alderdi hauek hartu behar dira kontuan:

  • Abiadura murrizteko seinaleak bereziki garrantzitsuak dira istripuak saihesteko.
  • Seinaleak gidariak aurkituko dituen ordena berean jarriko dira, langilea aurreko seinalearen bidez babestuta egon dadin, eta kontrako ordenan kenduko dira.
  • Gidariak beharrezko maniobrak aurreikusi eta egin ahal izateko ahalik eta seinale-kopuru txikiena erabili behar da, baina ez da gidariaren arreta birkargatu behar beharrezkoak ez diren seinaleekin.
  • Islatzaileak izan behar dute beti, gutxienez 1. mailarekin (UNE arauen arabera), eta maila altuagoa erabiltzea komeni da giro-argiztapenak horiek hautematea zailtzen duen lekuetan eta arrisku handiko lekuetan.
  • STOP seinaleek, gutxienez, 2. islatze-maila izango dute beti.
  • Obra-seinaleak eta seinale normalak bereizten dituen atzeko kolore horia ‘hondo zuria’ duten seinaleetan soilik erabili behar da (Arriskuaz, Lehentasunaz, Debekuaz eta Debekuaren Amaieraz ohartarazteko seinaleak) eta Erreien eta Orientazioko, Aurreseinaleko eta Norabideko seinaleen hondoan.
  • Atzealde urdina duten derrigorrezko norabideko seinaleek eta atzealde gorria duten STOP edo norabide debekatuko seinaleek ohiko seinaleen berdinak izan behar dute.
  • Horizontalki seinaleztatu ahal izango dira kolore horiko edo laranjako markekin, bidearen egoera normalean gertatzen diren aldaketak. Bideko marka horien ordez, TB-10 kaptafaroak jarri ahal izango dira, zoladuraren gainean aplikatuta.
  • Debekua edo betebeharra adierazten duten seinale guztiak errepikatu edo baliogabetu beharko dira gidari batek aurreikusitako abiaduran doala ikusi eta minutu bat igaro baino lehen.
  • Seinale guztiek Sustapen Ministerioak ezarritako tamaina-arauak, lurrarekiko distantzia eta gutxieneko ikuspen-distantzia bete behar dituzte.

Seinale finkoak eraginkorrak izateko, etengabe mantendu behar dira neurri handi batean. Seinaleak aldizka ikuskatu behar dira egoera onean daudela eta argi eta garbi ikusten direla ziurtatzeko. Seinale bat kaltetuta edo higatuta badago, berehala ordezkatu behar da, gidariek nahasmendurik edo gaizki ulerturik izan ez dezaten.

Buletinera harpidetu