Komunikazio faltak ez ditu bikoteak banantzen soilik… Komunikazio ona funtsezkoa da prebentzio kulturarako

Segurtasun-ikasgaiak
Komunikazio faltak ez ditu bikoteak banantzen soilik… Komunikazio ona funtsezkoa da prebentzio kulturarako

Prebentzio Kulturaren 10 osagaien saila azaltzen jarraituko dugu. Lidergoari buruzko sarrera bat idatzi ondoren, gaurkoan enpresen eta erakundeen prebentzio kultura hobetzeko landu eta garatu beharreko hurrengo elementua izango dugu hizpide: Komunikazioa. Izan ere, komunikazio faltak ez ditu bikoteak banantzen soilik... Komunikazio ona funtsezko osagaia da, era berean, enpresen prebentzio kulturan.

Prebentzio Kulturaren 10 osagaien saila azaltzen jarraituko dugu. Lidergoari buruzko sarrera bat idatzi ondoren, gaurkoan enpresen eta erakundeen prebentzio kultura hobetzeko landu eta garatu beharreko hurrengo elementua izango dugu hizpide: Komunikazioa. Izan ere, komunikazio faltak ez ditu bikoteak banantzen soilik… Komunikazio ona funtsezko osagaia da, era berean, enpresen prebentzio kulturan.

Itxuraz erraza dirudien prozesua da komunikazioa. Prebentzioaren alorrean, igorle batek prebentzio mezua ematen du, eta hartzaile batek jaso egiten du. Kito, ezta? Bada, ez. Ez da hain prozesu sinplea. Izan ere, pixka bat konplexuagoa da, prozesu horren garapenak enpresa edo erakunde baten segurtasuna eta osasuna hobetzen laguntzen duen komunikazio-molde bat sor baitezake, edo, aitzitik, hutsegiteak errazten duen bat.

Horren zergatia da mezua, batzuetan, ez dela behar bezala heltzen hartzailearengana. Zergatik? Alde batetik, igorleak informazio jakin bat duen mezu bat ematen du, helburu jakin batekin, baina mezu horrek alde esplizitu bat izan dezake, eta, horrekin batera, alde inplizituago bat, nolabait ezkutuan dagoena.

Beste aldetik, mezua kanal baten bidez helarazten da, eta igorleak eta hartzaileak ezagutu behar duten kode baten bitartez eman behar da (hitzezkoa edo ez-hitzezkoa); hartara, ñabardura askok izan dezakete eragina mezuan: doinua, keinuak, jarrera, mugimenduak…

Gainera, komunikazio-prozesua testuinguru jakin batean gertatzen da, eta testuinguru horrek tartean dauden osagaien arteko harremana baldintzatzen du: beste esanahi batzuk eman diezazkioke mezuari, edo hura desitxuratu.

Komunikazioaren osagai garrantzitsuak dira sena eta berehalakotasuna. Horregatik, askotariko zenbait alderdi menperatu beharra dago:

Edukiari dagozkion alderdiak: ematen den hitzez hitzeko mezuari dagozkionak.

  • Esaten dena du ardatz.
  • Nahiko erraz adieraz daiteke hitzez, asko entrenatu gabe.

Harremanari dagozkion alderdiak: solaskideen arteko harremanari dagozkionak.

  • Mezuaren asmoari dagokio: zertarako da mezua.
  • Ez da hain erraza hitzez adieraztea edo prozesua agerian uztea, eta horrek harremanean jokoak sor ditzake, esanahi bikoitzak, gaizkiulertuak…
  • Egoera nola kudeatzen den, elkarrekin komunikatzen diren pertsonen arteko harremana sendotu edo ahuldu daiteke.

Horregatik, erakunde batean prebentziozko mezu bat komunikatu behar denean, hori egiteko modurik egokiena zein den planteatu behar da, mezua era egokian iristea lortzeko, eta modu positiboan eragin ahal izateko enpresan lan egiten duten eta enpresarekin harremana duten pertsona guztiengan.

Carl Rogersek, estatubatuar eta kanadar psikologoekin egindako azterlan baten arabera historian eraginik handiena izan duen psikoterapeutak, arretaz ikertu zituen pertsonen arteko harremanak indartu eta hobetzeko funtsezkoak diren komunikazio-prozesuak. Rogersek komunikaziorako esparru egokia sor dezaketen oinarrizko hiru jarrera finkatu zituen: enpatia; baldintzarik gabeko onarpena, irizpide kritikotik ezarekin batera; eta benetakotasuna.

Enpatia, “bestearen lekuan jartzea”, komunikazio eraginkor eta eraikitzailearen oinarria da, batez ere egoera zail edo larrietan. Harreman pertsonaletarako ezinbesteko trebetasuna da, eta hein batean berezkoa izan arren, ikasi eta hobetu egin daiteke, behar bezala entrenatuz gero.

Bigarrenik, irizpide kritikorik eza eta baldintzarik gabeko onarpena, ongi erabiltzen badira, bidea zabaltzen diote beste pertsonari, berezko izaera ager dezan eta, epaitua izateko beldurrik gabe, modu irekian komunika dadin; hala, komunikazioan dauden hesirik handietako bat gaindituko du. Trebetasun hori oinarrizkoa da. Izan ere, zalantzak, arazoak, gorabeherak eta abar beldurrik gabe azal daitezkeen testuinguruak sortzen badira, pertsonek zintzotasun eta konpromiso handiagoz jokatu ohi dute.

Azkenik, benetakotasuna da indartu beharreko beste jarrera bat, zintzotasun-giro egokia eratzen laguntzen baitu. Solaskide batek sumatzen badu bestea zintzotasunez eta benetakotasunez komunikatzen dela, aukera gutxiago dago elkarrizketa baldintzatuko duen epai kritiko bat sortzeko.

Buletinera harpidetu