Kontuz! Zuhaitza! Erne ibili baso-lanen arrisku handienekin

Segurtasun-ikasgaiak
Kontuz! Zuhaitza! Erne ibili baso-lanen arrisku handienekin

Baso-jarduerek ezaugarri bereziak dituzte, eta, horien ondorioz, ezbeharrak gerta daitezke. Ezaugarri horietako batzuk dira lanak beti aire zabalean egitea, batzuetan oso malkartsuak diren eremu naturaletan, eta makina eta lan-ekipamendu arriskutsuak erabiliz.

Baso-jarduerek ezaugarri bereziak dituzte, eta, horien ondorioz, ezbeharrak gerta daitezke. Ezaugarri horietako batzuk dira lanak beti aire zabalean egitea, batzuetan oso malkartsuak diren eremu naturaletan, eta makina eta lan-ekipamendu arriskutsuak erabiliz.

Hainbat jarduera daude baso-lanen barruan: landatzea, basoberritzea, baliabide naturalak –egur egitekoak eta bestelakoak– mantentzea eta baliatzea, baita basoko eremuan suteak itzaltzea ere.

Jarduera guztiak kanpo-ingurune naturaletan egiten dira, normalean orografia latza duten mendi-eremuetan (aldapak, lurzoru labainkorrak, lokatzez beteak edo malkartsuak, sasitza trinkoak…), eta, gainera, eremu zabalean aritzearen ondorioz, eguraldiaren menpe, batzuetan muturreko egoeran (hotza, euria, haizea, elurra, ekaitzak, eguzkipean egotea, beroa…).

Arrisku natural horiez gain, kontuan hartu behar dira zenbait makina eta tresna erabiltzeari lotutakoak: motozerrak, esku-motosegak, zizailak, ezpal-makinak, prozesatzaileak… Izan ere, tresna horiek beharrezkoak dira lan batzuetarako: zuhaitzak moztea, adarrak kentzea, enborrak bildu eta garraiatzea, hesiak altxatzea, sasitza kentzea…

Baso-lanetan askotariko arriskuak daude, eta, ondorioz, ezbeharrak hamaika modutan sor daitezke. Hauek dira arriskurik handienak sektore honetako langileentzat:

  • zanpaketak, makinak iraultzeagatik edo luiziengatik,
  • objektuen aurkako kolpeak eta talkak, edo animaliek eragindakoak,
  • manipulatutako objektuen erorketak, eta laban edo estropezu egiteagatik maila berean gertatutako erorketak; horien ondorioz, traumatismoak eta lesioak gerta daitezke
  • maila batetik besterako erorketak: makina edo plataformetatik, garabietatik, amildegietatik, eta/edo altueran egindako lanengatik
  • ziztadak eta ebaketak, inguruko elementuekin edo objektu eta lanabesekin; zauriak eta/edo anputazioak eragin ditzakete
  • makina hidraulikoek jaurtitako partikulak, puskak, objektuak eta/edo presiopeko fluidoak; lesioak eragin ditzakete begietan eta/edo azalean
  • makinekin eta/edo substantzia kaustiko eta korrosiboekiko kontaktu termikoen ondoriozko erredurak
  • baso-suteak, edo produktuen eta/edo makinen suteak edo leherketak
  • arrisku elektrikoak, aireko kableak ukitzeagatik edo tximistak jausteagatik
  • makinek, traktoreek, kamioiek, skidderrek… harrapatzea
  • hainbat motatako infekzio, alergia eta gaixotasunak, animaliekin, arkakusoekin, kaparrekin… harremanetan egoteagatik, eta/edo agente biologikoen eraginpean egoteagatik (onddoak, birusak, bakterioak…)
  • agente kimikoen eraginpean egoteagatiko arriskuak
  • arnas aparatuko gaixotasunak, gasak eta kea inhalatzeagatik
  • zaratarekin, hautsarekin eta bibrazioekin lotutako arazoak (hipoakusia, nahasmendu muskulueskeletikoak eta/edo neuromuskularrak, loaren nahasmenduak…)
  • bero-kolpeak eta eguzki-erradiazioaren eraginpean egotea; estres termikoa eta/edo hipotermia, muturreko tenperaturen eraginpean egoteagatik
  • arrisku ergonomikoak, gehiegizko esfortzuengatik, zama fisikoengatik, errepikatutako mugimenduengatik, jarrera behartuengatik…
  • arrisku psikosozialak, bakartuta edo txandaka lan egiteagatik, lan-egonkortasun faltagatik, jardunaldi luzeengatik…

Arrisku horiek guztiak are okerragoak dira larrialdi-egoeretan, leku sakabanatu, urrun eta gaizki komunikatuetan lan egiten delako, eta horrek erreskateak eta ebakuazioak zailtzen dituelako.

Buletinera harpidetu