Haurrei janaria prestatzen irakatsi? Noski baietz, baina modu seguruan

Bizitza seguruak
Haurrei janaria prestatzen irakatsi? Noski baietz, baina modu seguruan

Haurrekin janaria prestatzea esperientzia zoragarria da. Haurrek jolas moduan hartzen dute, eta beren trebetasunak eta sormena garatzen nahiz erantzukizunak hartzen laguntzen die. Baina berme osoarekin egin ahal izateko, beharrezkoa da segurtasun-gomendio batzuk jarraitzea, arrisku eta gorabeherarik izan ez dezagun.

Haurrekin janaria prestatzea esperientzia zoragarria da. Haurrek jolas moduan hartzen dute, eta beren trebetasunak eta sormena garatzen nahiz erantzukizunak hartzen laguntzen die. Baina berme osoarekin egin ahal izateko, beharrezkoa da segurtasun-gomendio batzuk jarraitzea, arrisku eta gorabeherarik izan ez dezagun.

Negu-giro gehiagoko garai honetan, denbora gehiago ematen dugu etxean, eta haurrak entretenitzeko eta ohitura osasungarrietan sartzen joateko modu bat haiekin plater erraz eta osasuntsu bat prestatzea da. Baina kontuan izan behar dugu sukaldaritza eta sukaldeko praktikak arriskutsuak izan daitezkeela haurrek jarduera segurtasunez egin ahal izateko beharrezko neurriak hartzen ez baditugu. Beraz, gogoan hartu gomendio hauek, nahigabe bat baino gehiago saihets ditzakete-eta.

Etengabe gainbegiratzea. Ez utzi inoiz haurrak bakarrik sukaldean eta ez galdu begien bistatik, bereziki arriskutsua izan daitekeen tresna edo etxetresna elektrikoren bat erabiltzen ari direnean.

Eskuak garbitzea. Ziurtatu haurrek eskuak garbitzea janaria prestatzen hasi baino lehen. Garrantzitsua da janaria prestatzen hasi aurretik eskuak ondo garbitzea funtsezkoa dela ikastea, elikadura-arriskuak saihestearren. Eskuak xaboiarekin garbitu eta ondo igurtzi behar dira. Ez du balio soilik iturriaren azpian jartzeak.

Sukaldeko tresnak erabiltzea. Haurrek aiztoak erabili behar badituzte, haien adin eta trebetasunerako egokiak izan behar dute. Beti gainbegiratu behar duzu aiztoen erabilera, eta behar bezala nola ebaki irakatsi behar diezu. Erabili ebakitzeko taula bat gainazal egonkor baten gainean jarrita, mahaiaren eta gainaren ertzetatik urrun.

Plastiko gogorreko aiztoak erabil ditzakete elikagai bigunak igurzteko edo mozteko, eta, beste aizto-mota batzuk erabili behar badituzte, zure eskua haien eskuaren gainean jarri eta gidatu egin behar dituzu. Argi utzi behar zaie heldu baten begiradapean bakarrik erabili ahal izango dituztela.

Kirtenak berotzen ez zaizkien zartaginak eta eltzeak erabili behar dira, ustekabeko erredurak saihesteko. Zartaginen kirtenak gainaldearen barrura aldera jarri behar dituzu beti, haurrek, mugitzean, ez ukitzeko eta barruan dagoen jaki beroa ez irauli edo gainera ez botatzeko.

Haurrei erakutsi beroarekin eta gainazal beroekin kontuz ibiltzen; hala nola, eltzeetako hormak edo labeko erretiluak eta ateak. Eremu horiek arriskutsuak direla eta ez dituztela ukitu behar ikasi behar dute, erredurak saiheste aldera.

Ordena eta antolamendua. Erakutsi garrantzitsua dela sukaldea ondo ordenatuta izatea. Osagaiak eta tresnak antolatuta eta prest izan beha dira erabiltzeko. Etxetresna elektrikoak  erabili aurretik, eskuak lehortuta dituztela ziurtatu behar duzu. Oso garrantzitsua da, baita ere, horiek deskonektatzea, erabiltzeari utzi bezain laster.

Isuriak eta zipriztinak. Erakutsi haurrei osagaiak nola erabili behar dituzten, bota eta zipriztindu gabe. Berehala garbitu gerta daitezkeen isuriak; ahal bada, hobe da sukaldeko paper xurgatzailea erabiltzea sukaldeko zapiak edo trapuak baino.

Ahalik eta garbitasun handiena izan beti. Erakutsi haurrei sukaldean higienea zein garrantzitsua den, tresnak eta gainazalak behar bezala garbituta eduki behar direla. Horren barruan sartzen dira platerak garbitzea, gainazalak garbitzea eta, erabili ondoren, osagaiak behar bezala jasotzea. Egokiena da dena garbitzen joatea, janaria prestatzeko lana aurreratzen ari garen heinean.

Halaber, azpimarratu behar da zein garrantzitsua den elikagaiak behar bezala garbitzea, bereziki frutak eta barazkiak. Lurrera eroritako elikagaiak bota egin behar dira. Ez erabili tresna berberak elikagai-mota ezberdinak mozteko, aurretik garbitu gabe, eta ohola beti garbitu erabili ondoren, osagai baten edo bestearen artean, kutsadura gurutzatua saihesteko.

Buletinera harpidetu